'Charlie Hebdo'-ren sortzaileetako batek editorea kritikatu du

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 16
Charlie Hebdo aldizkariaren sortzaileetako batek Stephane Charbonnier Charb editorea kritikatu du, haren erabakiek aldizkariko lantaldea arriskuan paratu zutela leporatuta —Charb bera Charlie Hebdo-ren aurkako erasoan hil zuten, bertze 11 lagunekin batera—. «Bera zen nagusia. Zergatik sentitu zuen behar hori taldea horrelako arriskura bultzatzeko?», idatzi du Henri Rousselek Nouvel Obs astekarian. Rousselen ustez Mahomaren karikaturak egitea ez zen erabaki zuzena, eta erran du Charbi arriskuaz ohartarazi ziola. Richard Malka Charlie Hebdo-ren abokatuak gogor kritikatu ditu adierazpen horiek.

Rousselek 80 urte dauzka, eta aldizkariaren sorreran parte hartu zuen, 1970ean, Hara-Kiri Hebdo izena zuenean. Charlie Hebdo-k 2011n karikaturak argitaratu eta egoitzan eraso bat izan ondoren, Rousselek dio Charbi idatzi ziola halakorik ez egitea aholkatzeko. «Ez zuen egin behar, baina berriz egin zuen, urtebete geroago, 2012ko irailean». Rousselek dio, bera barne, «beharrik gabeko arriskuak hartu zituzten ergel batzuk» izan zirela. «Uste dugu ezin zaigula deus pasatu. Urteetan, hamarkadetan ere segur aski, probokatzen ibili gara, eta probokazio hori kontra itzuli zaigu».

Abokatuaren haserrea

Charlie Hebdo-ren abokatua haserretu egin dute Rousselen adierazpenek, baina kritikak egileari baino gehiago, Nouvele Obs astekariari egin dizkio. «Charb lurperatu gabe dago oraindik, eta Obs-ek ez du deus hoberik egiteko hari buruzko artikulu polemiko eta pozoitsu bat ateratzea baino», adierazi du Malkak. «Lehengo egunean, Mathieu Croissandeau Nouvel Obs-eko zuzendariak malkotan erran zuen borrokari eutsiko ziola. Ez nekien modu honetara jarraituko zuenik». Croissandeauk erantzun dio adierazpen askatasunagatik argitaratu duela Rousselen artikulua. «Niretzat kezkagarria zatekeen haren ahotsa zentsuratzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna