Myanmarren gehiengo zabala lortu du Aung San Suu Kyiren alderdiak

Bakearen Nobel saridunak indartu egin du lidergoa. NLD alderdi irabazleak «nazio batasunerako gobernua» eratuko duela agindu du

Aung San Suu Kyi Myanmarko Estatu Kontseilaria, joan den astelehenean, prentsaurreko batean. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Jone Bastida Alzuru
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Oraindik ez da amaitu joan den igandean Myanmarren egin ziren hauteskundeetako boto zenbaketa, baina ofiziala da Aung San Suu Kyi Myanmarko Estatu kontseilariaren garaipena. Gobernua osatzeko beharrezkoa den diputatu kopurua gainditu du haren NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiak. Gehiengo zabala izango du parlamentuan, eta, beraz, lidergoa indartzea lortu du.

Hauteskunde Batzordeak atzojakinarazi zuenez, NLDk dagoeneko 368 ordezkari lortu ditu, eta, gobernua osatu ahal izateko, gutxienez 322 ordezkariren babesa da beharrezkoa.

Monywa Aung Shin NLDko bozeramaileak adierazi zuen «alde handiz» irabazi dutela, baina mezu barneratzailea eman zuen. «Nazio batasunerako gobernu bat osatzeko lan egin behar dugu». Elkarlanerako deia egin zien herrialdeko gutxiengo etnikoei.

Aung San Suu Kyik 2015ean hasi zuen agintaldia ilunduta gelditu da rohingyen kontrako genozidio salaketengatik. 2017an, etnia horretako herritarren kontrako errepresio kanpaina bat abiatu zuen Myanmarko armadak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 25.000 hildako eta 725.000 desplazatu eragin zituen operazioak —gehienek Bangladeshera egin zuten ihes, eta miserian bizi dira han—. «Garbiketa etnikoa» egitea ere leporatu zioten. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Myanmarren kontrako epaiketa hasi zuen iaz genozidioagatik, eta Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna ari da estatuaren defentsa zuzentzen. Aurtengo bozetan ere baztertuta egon da gutxiengo musulmana diren etnia hori, eta ukatu egin diete boto eskubidea, 2015. urtekoetan bezala.

Bestalde, hauteskundeak bertan behera geratu dira 51 barrutitan, gatazka armatuak baitaude armadaren eta zenbait gutxiengo etnikoren artean.

Rohingyen aurkako politikek, ordea, ez diote emaitzetan kalterik eragin Aung San Suu Kyiri. Estatu Kontseilariak babes are handiagoa jaso du, eta haren alderdiak beste inoren beharrik gabe osatuko du gobernu berria.

Dena den, boterea baldintzatuta egongo da militarren pisuarengatik. Armadak idatzitako konstituzioak jasotzen duenez—2008an onartu zuten—, legez parlamentuko eserlekuen laurdenak militarrentzat gorde behar dira: 166 aulki, hain zuzen. Horrek beto eskubidea ziurtatzen die konstituzioaren erreforma baten aurrean. Horrez gain, konstituzioak dio militarrak izan behar dutela Barne, Defentsa eta Mugetako ministroek.

USDPren porrota

Aurtengo bozetako galtzaile nagusia militarren babesa duen USDP Batasunaren Elkartasuna eta Garapenaren Alderdia oposizioko indar nagusia izan da. Kontaketa amaitu ez den arren, oraingoz 24 eserleku baino ez ditu bildu, eta erabatekoa izan da porrota.

Asteazkenean botoen zenbaketak NLDri alde nabarmena ematen ziotenean, oposizioak adierazi zuen ez dituela hauteskundeetako emaitzak onartuko, eta horiek errepikatzeko eskatu zuen. Prozesuan irregulartasun ugari izan direla ziurtatu zuen, eta iruzurra salatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.