EBren klima legerako proposamenak ekologisten kritikak eragin ditu

Europa 2050ean «kontinente neutro» izateko helburua jasotzen du zirriborroak. Ekologistek berehalako neurriak eskatu dizkiete agintariei

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakaria, atzo, batzordeko bileraren osteko agerraldian. O. HOSLET / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak lehen klima legerako aurkeztu duen zirriborroak ekintzaile ekologisten kritikak eragin ditu, proposamena publiko egin bezain laster. Europako Itun Berdean jasotako oinarriak gauzatzeko lege proposamena onartu zuen atzo EB Europako Batasunak. Helburu horien artean da 2050erako Europa «kontinente neutro» bihurtzea. EBren asmoa da helburu hori legez loteslea bilakatzea 27 estatu kideentzat.

Mende erdira arte, berotegi efektua eragiten duten gasen isuria progresiboki murriztea proposatu du Europako Batzordeak, hamarkada bakoitzeko gas isurien murrizketa geroz eta handiagoa ezarriz, 2050. urtean murrizketa %100ekoa izan arte. 2020ko hamarkadarako, baina, ez du zehaztu isuri murrizketaren ehunekoa .

Hori dela eta, eragile ekologistek gogor kritikatu dute EBren klima legerako zirriborroa. Greenpeacek ohartarazi du 2030erako langa bat finkatu ez izanak «oso zaila» egingo duela estatu kideek isuri murrizketaren zenbatekoari buruzko akordio bat lortzea NBE Nazio Batuen Erakundeak azaroan Glasgowen egingo duen klima aldaketari buruzko konferentzia baino lehen.

Greta Thunberg Fridays For Future mugimenduaren sortzailearen hitzetan, berriz, Europako Batzordearen proposamena «errendizioa» da, ez dielako jarraitzen adituen gomendioei. «Naturak ez du negoziatzen, eta ezin duzue akordio bat lortu fisikarekin».

Thunberg klima larrialdiari buruzko Europako Batzordearen bileran izan zen, batzordeak gonbidatuta. Bileraren amaieran adierazi du lege zirriborroa ez dela nahikoa, eta EBri dei egin dio luzerako helburuak zehaztu ordez berehalako neurriak hartzeko. «Zure etxea erretzen ari denean ez dituzu urte batzuk itxaroten sutea itzaltzeko. Hori da batzordea proposatzen ari dena».

Hamarkada bakoitzerako helburuak finkatu beharrean, urtez urteko isuri murrizketa «drastikoak» galdegin ditu, EBk Parisko Hitzarmenean bere egin zituen konpromisoak bete ditzan.

Ekintzaileak gogorarazi du EBk klima larrialdia ezarri zuela iazko azaroan. Auziari benetan garrantzia aitortzen diola frogatzeko aukera du orain Europak, Thunbergen esanetan. «Konponbide bikain asko ditugu; borondatea badugu eta laguntzeko prest dagoen jende asko, baina ez daukagu kontzientziarik, lidergorik, eta, batez ere, ez daukagu denborarik». Thunbergek gaineratu du EBk klima larrialdiaren kontrako borroka gidatzeko «betebehar morala» duela.

2030erako helburua

EBk 2030. urterako oraingoz finkatua duen helburua gas isuriak %40 murriztea da, baina helburu hori goruntz berrikusiko duela dio lege proposamenak. Irailerako utzi du egiteko hori, eta helburua %50 eta %55 artean ezartzea aztertuko duela jaso du.

Parisko Hitzarmenean, estatu sinatzaileek bere gain hartu zuten Lurraren berotzea bi gradutik behera mantentzeko ardura. Berotzea gradu eta erditik beherakoa izan dadin ahaleginak egiteko konpromisoa ere hartu zuten.

Greenpeaceren arabera, ez da nahikoa izango gas kutsagarrien isuriak 2030erako %55 murriztea Lurraren berotzea bi graduren azpitik mantentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.