Hasi dira lanean zuri-gorriak

Valverdek 32 jokalari izan ditu bere esanetara Lezaman. Muniain itxaropentsu mintzatu da

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea eta jokalariak, atzo, Lezaman egindako lehen lan saioan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kito. Amaitu zaizkio oporrak Athletici. Atzo hasi zen denboraldiaurrea zuri-gorrientzat, eta, horrekin batera, Jon Uriarte presidente hautatu berriaren aroa, baita Ernesto Valverde Txingurri entrenatzailearen hirugarren aldia ere; sasoi baterako sinatu du. Ekaina hilabete benetan zoroa izan da Bizkaiko taldearentzat, eta, urak zertxobait baretu badira ere, Uriarte buru duen zuzendaritzak lan franko du egiteko.

Valverdek 32 jokalari izan zituen bere esanetara Lezaman; tartean, Gorka Gurutzeta. Klubak herenegun iragarri zuen aurrelari donostiarra fitxatu zuela, eta aurtengo denboraldian fitxatu duen lehena da. Amorebietan aritu zen azken sasoian, Bigarren Mailan, eta hamahiru gol sartu zituen.

Aitzitik, Lezamara bertaratu diren mila jarraitzaile zuri-gorriek ez zuten ikusi Ander Capa. Portugaleteko jokalaria eta kluba kontratua berritzeko negoziatzen ari dira, ekainaren 30ean amaitzen baitzitzaion. Capak bi urterako kontratua luzatzeko eta soldata handitzeko eskatu du, baina klubak ezezkoa eman dion zurrumurruak zabaldu dira.

Capaz gain, Unai Simon, Iñigo Martinez, Unai Vencedor eta Julen Agirrezabalaga ere ez ziren Lezaman izan; horiek, ordea, oraindik oporretan daude, Espainiako selekzioarekin aritu direla eta.

Valverdek bigarren taldeko zortzi jokalari igo ditu lehen taldera denboraldiaurrea egiteko: Beñat Gerenabarrena, Malcom Adu Ares, Luis Bilbao, Aitor Paredes, Beñat Prados eta Ander Iru, Alex Padilla eta Ibon Ispizua atezainak. Ez zen bertan Jokin Ezkieta atezaina; Athletic utzi du iruindarrak, klubarekin kontratua etetea adostu ondoren.

Azken sasoian utzita jokatu zuten Peru Nolaskoain, Jon Morcillo, Iñigo Vicente eta Imanol Garcia sasoiaurrera batu dira; ez, ostera, Iñigo Cordoba. Herbehereetako Go Ahead Eagles taldean aritu zen.

«Punta-puntako» teknikaria

Lehen entrenamenduaren ostean, Iker Muniain prentsa agerraldian izan zen, eta, aurreratu zuenez, Uriarterekin bilera bat egitekoa da, datorren denboraldiko helburuak finkatzeko. «Anbizio handiko helburuak izango direla uste dut. Urte asko daramatzagu Europan jokatu gabe, eta Kopan behin baino gehiagotan erakutsi dugu amaiera arte borrokatzen garela».

Bestalde, Athleticeko kapitainak nabarmendu zuen jokalarien «erabateko babesa» dutela Uriartek eta Valverdek. «Urte gozoak igaroko ditugula espero dut.Itxaropentsu gaude».

Prestatzaileari buruz, «punta-puntako» teknikaria dela esan zuen. Valverdek Athletic bigarrenez zuzendu zuen aldian (2013-2017), Europa Ligarako lau aldiz sailkatu ziren, eta behin Txapeldunen Ligarako. Halaber, Superkopa bat irabazi zuten. Muniain «pozik» dago Valverde berriz Athleticera itzuli delako. «Berdin-berdin jarraitzen du. Gertukoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.