Israelek gutxienez 21 lagun hil ditu Sirian eginiko bonbardaketetan

Siriako armadaren aurka eta Irango Guardia Iraultzailearen Quds Indarraren aurka egin dituzte erasoak. Tartean hiru zibil ere hil dituzte

Israelgo tanke bat Golango lurralde okupatuan, atzo. ATEF SAFADI / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Israelgo armadak gutxienez 21 pertsona hil zituen atzo, Sirian egin zituen bonbardaketetan, Damasko inguruan. Siriako osasun zerbitzuen eta Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, hildako gehienak Irango milizietako kideak eta Siriako armadako soldaduak izan ziren; horietako zazpi, atzerritarrak. Hiru zibil ere baziren tartean. Siriako armadaren eta Irango Guardia Iraultzailearen Quds Indarraren aurka egin zituzten erasoak.

Operazio horren bidez, Israelek erantzun egin zien Irango indarrek asteartean haien lurraldeari jaurtitako lau misilei. Israelgo defentsa sistemak atzeman egin zituen misil haiek. Hidai Zilberman Israelgo armadako bozeramaileak atzo azaldu zuenez, «helburu gehienak Damasko inguruan zeuden, eta tartean baziren Irango milizien kuartelak ere». Israelgo armadak Twitter bidez igorri zion abisua Siriako Gobernuari, eta Siriako lurraldean egiten diren ekintzen arduradun egin zuen; Israelen aurkako eraso «gehigarriak» onartzea egotzi zion. Israelgo armadaren arabera, astearteko erasoak erakusten du Iranek Sirian «lubakitzeko» asmoa duela, eta horrek «arriskuan jartzen ditu Israelgo segurtasuna, eskualdeko egonkortasuna eta Siriako erregimena». Zilbermanek azpimarratu zuen prest daudela Iranek eman dezakeen erantzunerako. Israelgo jarduneko ministro Benjamin Netanyahuk, berriz, beste behin esan zuen: «Eraso egiten dien edonori erasoko diote; hori da bart egin zutena Israeli botatako suzirien ostean».

Israel eta Iran

Ez zen izan Israelek azken hilabetetan Damasko inguruan egin zuen lehen erasoa. Siriako erakundeek ofizialki aitortu ez duten arren, Iranek babestutako miliziek baseak dituzte eremu horretan, ustez. Israelgo Gobernuak aurkaritzat du Iran: diotenez, arrisku bat da euren izaterako; Siriaren aliatua da Iran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.