Ez ditu eskularruak erantziko

Osasuna saiatuko da Atleticoren zelaian ezustea ematen. Oierrek jokatzeko aukera izango du

Osasunako jokalariak, aurreko igandean Chimy Avilak sartutako gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Boxeo izarra balitz bezala dabil Osasuna. Borrokaldiz borrokaldi, gogor ari da oldartzen, aurkariaren erasoek kikildu gabe. Kolpe ugari jaso ditu, baina ia beti izan da erantzuteko gai. Behin ere ez da zerraldo erori: galdu duen aldi bakanetan ere, tinko iraun du zutik, eta eskularruak bukaera arte izan ditu jantzita. Bada, gaur ere kolpeak trukatzeko prest izango da, Atletico Madrilen zelaian. Hala iradoki zuen atzo Jagoba Arrasatek: «Gu geu izatea eta aurkariaren zelaian jokatzea nahi dut. Halako zelaietan, zertarako gai garen erakustea gustatzen zaigu».

Gorritxoak aldarte onean iritsiko dira, Sevillaren aurka ondo sufritutako puntua lortu eta gero. Estu eta larri ibili ziren azken ordu erdian, epaileak Oier kaleratu ostean. Alabaina, irmotasunez eutsi zioten erauntsiari; areago, irabazteko aukera ere izan zuten, baina VARak ez zuen ikusi Diego Carlosen esku garbia. Gauzak hala, gaur ere parez pare aritu nahi dute beste aurkari gogor baten aurka. Ligako defentsarik onena du Diego Simeoneren taldeak—hamar gol baino ez ditu jaso, baina indarra falta zaio ukabiletanhamasei gol egin ditu soilik, Osasunak baino sei gutxiago. Lanak ari da izaten neurketak irabazteko, eta, gaur-gaurkoz, Europako postuetatik at dago.

Akaso, garairik zailena ari da izaten Simeonerentzat 2011n Atleticora iritsi zenetik. Espainiarrek hainbat ikur galdu dituzte azken urteetan, eta, aurtengo udan inbertsio handia egin arren, aro aldaketa ez da batere samurra izaten ari. Edonola ere, «sasoiko partidarik zailenetako bat» izango dela uste du Arrasatek. Atleticoren defentsako zenbakiak goraipatu zituen, eta, halaber, erasokoak erlatibizatu. «Dituzten jokalariekin, egoera edonoiz alda daiteke».

Teknikari gorritxoak bi aldaketa egin beharko ditu gutxienez. Izan ere, Juan Perezek eta Cardonak ezingo dute jokatu. Atepean, Sergio Herrera ariko da, Getaferen zelaian izandako lesiotik osatu eta gero. Harekin batera, Aridane eta Roncaglia ere jokatzeko moduan dira. Batak aukera asko du David Garciaren aldamenean aritzeko, eta besteak Vidalen ordez jokatuko du eskuin hegalean. Euskarrian ere hutsunea izatea espero zen, azken partidan Oier egotzia izan zenez gero. Kapitainak, ordea, jokatzeko aukera izango du: Kirola Arbitratzeko Espainiako Auzitegiak (TAD) baliorik gabe utzi du zigorra, kautelazko neurri gisa. Buruhauste bat gutxiago Arrasaterentzat.

ATLETICO MADRIL-OSASUNA

Atletico Madril.Oblak; Trippier, Felipe, Gimenez,Lodi; Saul, Thomas, Herrera, Koke; Joao Felix eta Morata.

Osasuna. Sergio Herrera; Roncaglia, Aridane, David, Estupiñan; Brasanac, Oier, Torres, Ruben; Chimy Avila eta Adrian.

Epailea. J. Luis Munera Montero.

Lekua. Wanda Metropolitano (68.456 ikusle).

Ordua: 21:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.