Obraren eboluzioak utzitakoa

Diego Vasalllok 60 lan inguru jarri ditu ikusgai Donostian. Bi aretotan banatu du erakusketa

Diego Vasallo, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean inauguratu berri duen erakusketan. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Zeinuak, paisaiak, istripuak izena du Diego Vasallok (Donostia, 1966) Donostian jarri berri duen erakusketak, eta, artistaren esanetan, izenburua bera da erakusketari zentzua ematen diona, lotura lanak egiten dituena. Bi espaziotan dago banatuta: alde batetik, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan, eta bestetik, Gros auzoko Arteko galerian. «Saiatu naiz bi saletan denetarik egon dadin: telaren gaineko lanak, paperaren gainekoak, tamaina handikoak, ertainak, txikiak...». Guztira, 60 obra inguru daude ikusgai.

Izenburuari tira eginez, elementu bakoitza nondik datorren azaldu du Vasallok. Hasteko, zeinuak: «Elementu primario moduan, ia hitzaren aurreko elementu moduan, oso sinpleak eta aldi berean oso boteretsuak dira». Hain zuzen, zeinuekin askotan lan egiten duela adierazi du, hain elementu sinpleak izanik ere, oso komunikatiboak direlako. Bigarrenik, paisaiak: «Paisajismoa gai unibertsala da pinturan, beti interesatu izan zait asko, batez ere espazio emozional edo mistiko moduan, gogoetarako eta meditaziorako espazio moduan». Nahiz eta margolanak ez diren figuratiboak, paisajismotik asko edaten dutela kontatu du. Eta azkenik, istripuak: «Zoria sartzea prozesuan bertan. Uste dut nolabait obrek egiten dutela beren burua, eta artista zaintzaile moduko zerbait dela».

Vasalloren esanetan, bere pinturek ez dute ideiekin lan egiten, ezta helburuekin ere. «Alde horretatik, lan inkontziente moduko bat da, eta pintura ulertzen dut estudioan bakardadean lan egiteko prozesutik geratzen den bizi-aztarna bat bezala ia».

Zuri-beltzean daude eginda erakusketako lan guztiak, eta hori ere pinturaren beraren eboluzioaren emaitza dela adierazi du, ez propio hartutako erabaki bat. «Paleta zabalagoa erabiltzen hasi nintzen, baina denborarekin kolore gutxiago erabiltzen joan naiz, eta orain bi bakarrik erabiltzen ditut: beltza eta okre moduko bat, eta bi kolore horien nahasketatik etorritako matiz guztiak». Kolorearekin konparatuta, beste elementu batzuk gehiago interesatzen zaizkiola gaineratu du, horien artean testura, mantxa, grafismoa, idazketa, konposizioa eta abar. «Akaso elementu horietara gehiago jo dut, eta kolorea bazterrean uzten joan naiz».

Martxoaren 2ra arte

Erakusketan dauden lanik zaharrenak orain hamar urte ingurukoak dira, eta azkenak, berri-berriak, duela aste batzuk bukatutakoak. «Esaten den bezala, pinturak eboluzionatzeko, egokiena pintatzeko ekintza bera da, eta horrek nolabaiteko diziplina eskatzen du». Bestelako kultur jarduera gehiagotan ere aritzen da, ordea, Vasallo. 1984. urtean Duncan Dhu musika taldea sortu zuen Mikel Erentxun eta Juan Ramon Vilesekin batera, eta 1997an bakarkako bideari ekin zion. Sei disko ditu argitaratuta orain arte. Literaturan ere aritu izan da, eta horren emaitza dira Canciones que no fueron eta Al margen de los días poema liburuak. «Kostantzia handia, dedikazio handia eta kontzentrazio handia eskatzen du pintatzeak, eta beti ez da erraza». Pintatzen ari denean musikarik entzuten al duen galdetuta, baietz erantzun du, normalean musika klasikoa, irratian, «seguru asko hutsari beldurragatik izango da beste ezergatik baino gehiago».

Atzotik dago irekita Koldo Mitxelenako erakusketa, eta martxoaren 2ra arte egongo da zabalik. Artekokoa, berriz, bihar zabalduko dute. Vasallok orain zortzi urte jarri zuen erakusketa bat Donostian azken aldiz, eta esan du «ohorea» dela lanak hirian erakusteko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.