Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

'Homomainstream'

2016ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Herenegun Carol ikustera joan nintzen Donostiako Principe aretoetara. Principeko-anderez inguratuta nengoen. Dotore jantzitako adin ertaineko emakumez osatutako kuadrilla hauek programatzen dituzten drama klasiko eta akademizista guztiak irensten dituzte. Pentsa, Donostian Principeko andereena genero zinematografikotzat onartua dugu. Atentzioa eman zidan andereek astelehen ziztrin batean aretoa bete izanak film lesbiko bat ikusteko. Inor ez zen asaldatu, ez zen aretotik atera, inolako errefusa soinurik entzun ere ez. Normaltasuna nagusi.

Nabaria da Espartaco-tik gauzak asko aldatu direla; gay-gaia jada ez da generotzat jotzen, gai heterosexuala ez baita sekula existitu. Egun, transexualenmaitasun istorioak ere mainstream erara egiten dira. The Danish Girl film edulkoratuak gehiago laguntzen du LGTB harremanak zineman normaltasunez erakustera, Milk-en motako film militanteek baino, bikainak izan arren. Tira, The Danish Girl-eko transexualak Pretty Woman bezain txotxoloa izateko eskubidea du.

Homomainstream deitzen dudan trantsizio garai honetan, argi geratzen ari da errazagoa dela harreman lesbikoa modu klasikoan erakustea gizonen artekoak baino. Adibideak: The HoursCarol-ek asko zor dio, batez ere Oscar sarira izendatua dagoen musikaren eskandaluzko plagioa tartean—, 80 Egunean euskalduna, eta La Vie d'Adèle zuzena eta esplizitua, besteak beste.

Gizonezkoen arteko maitasun filmak —harreman bisexualetan salbu— ia zinema alternatibora kondenatuta daude, Zinegoak moduko jaialdietara. Shortbus, Weekend, Ander eta A escondidas, kasurako. Brokeback Mountain filma tabua benetan apurtzeko gai izan den bakarra dela esan dezakegu, nahiz eta oso esplizitua ez izan. Zergatik da zailagoa ohiko film klasikoa egitea zakilak tartean daudenean? Emakumeak estetikoagoak al dira? Finagoak, sotilagoak, agian? Porno normalean —heteroa, alegia— betiko eszena lesbikoetara ohituta gaudelako izango ote da? Azalpen bakarra iragartzen dut: emakumeek genitalak barrurantz dituztela. Arte ederren historiak gezurtatu dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.