Begi guztiak 'Roma'-ri begira

Oscar sari nagusia lortuko lukeen ingelesez besteko lehen filma litzateke. Ez da faborito bakarra
Bihar goizaldean izango den Oscarren sari banaketarako prestakuntza lanak, Los Angelesen.
Bihar goizaldean izango den Oscarren sari banaketarako prestakuntza lanak, Los Angelesen. JOHN G. MABANGLO / EFE

Miren Garate -

2019ko otsailak 23
Zuri-beltzekoa. Netflixek ekoitzia. Gaztelaniaz. Ez dira ezaugarririk aldekoenak film onenaren Oscar saria eskuratzeko. Baina hor da Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren Roma, kiniela guztietan faborito nagusien artean. Hautagai izatea bera ere ez da gutxi: 91 urtean, hori lortu duen 11. ingelesez besteko filma da, eta irabazterik ez du inork izan orain arte —askoren ustez, horrek erakusten du zenbateraino egiten den hautaketa amerikar-britainiar begiradarekin—. Balentria are handiagoa egingo luke estreinakoz aldi berean film onenaren eta ingelesez besteko film onenaren sariak lortuko balitu. Badu horretarako aukerarik, bi kategorietan baitago izendatuta —hori lortu duen bosgarren filma da—. Bihar goizaldean banatuko dira 91. Oscar sariak, Los Angelesen (AEB).

Roma-rekin batera, Yorgos Lanthimos zuzendari greziarraren The Favourite da gehien aipatzen den beste faboritoetako bat. Hamarna hautagaitza dituzte bi filmek. Bi sortzaileak daude zuzendaririk onenaren sarirako hautagaien artean, baita bi filmetako aktore nagusiak ere, emakumezko antzezle onenaren kategorian —Yalitza Aparicio eta Olivia Colman, hurrenez hurren—. Izan ere, batak zein besteak emakumeak dituzte protagonista. 1970eko urteetako Mexiko Hirian girotua dago Roma, eta familia burges batean haurrak zaintzen lan egiten duen andre baten istorioa du ardatz. The Favourite-k, berriz, XVIII. mende hasierako istorio bat kontatzen du, Britainia Handiko Anne Stuart erregina ahularen gorabeheretan eta haren kutuna izateko bi emakumek duten lehian oinarritzen dena.

Orain arte emandako sariak dira edozer gerta daitekeelako erakuslerik argiena. Bafta sarietan, Roma-k irabazi zuen lanik onenaren saria; alabaina, The Favourite-k sari gehiago lortu zituen —lau eta zazpi, hurrenez hurren—; Veneziako zinemaldian, Roma-rentzat izan zen Urrezko Lehoia, baina epaimahaiaren sari nagusia The Favourite-k jaso zuen. Are bitxiagoa da gremioen kasua, lehen aldiz film ezberdinak hautatu baitituzte guztiek: DGA zuzendarien gremioaren ustez, Roma izan da aurtengo filmik onena; PGA ekoizleen gremioaren ustez, Peter Farrelly zuzendariaren Green Book —bost Oscar saritarako dago izendatuta—; eta, SAG aktoreen sindikatuaren ustez, Ryan Coogler zuzendariaren Black Panther (zazpi izendapen). Azken horrek irabaziz gero, superheroiei buruzko film batek sari nagusia irabazten duen lehen aldia izango litzateke. Aipatutako horiez gain, beste lau film daude sari nagusirako hautagaien artean: Bradley Cooper zuzendariaren A Star Is Born (zortzi izendapen), Adam McKayren Vice (zortzi izendapen), Spike Leeren BlacKkKlansman (sei izendapen), eta Bryan Singerren Bohemian Rhapsody (bost izendapen).

Mexikarren nagusitasuna

Cuaronek irabaziko balu zuzendari onenaren Oscar saria, sei urtean bost aldiz izango litzateke sari hori mexikar batentzat. Jakinekoa da gizon batek irabaziko duela, ez baitago emakumerik hautagaien artean —Kathryn Bigelow da orain artean zuzendari onenaren Oscar saria lortu duen emakume bakarra, 2010ean—.

Emakume aktore onenari dagokionez, baliteke aurten amaitzea Glenn Closeren zorte txarra; izan ere, zazpigarren izendapena du, baina sekula ez du irabazi. The Wife filmeko lanagatik hautatu dute, eta Yalitza Aparicio (Roma), Olivia Colman (The Favourite), Lady Gaga (A Star Is Born) eta Melissa McCarthy (Can You Ever Forgive Me?) izango ditu lehiakide. Gizon aktore onenaren sarirako, berriz, Christian Bale (Vice) jotzen dute faboritotzat. Viggo Mortensen (Green Book), Willem Dafoe (At Eternity's Gate), Rami Malek (Bohemian Rhapsody) eta Bradley Cooper (A Star Is Born) dira beste hautagaiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Miren Garate

Informazio osagarria