Albistea entzun

Lau urte liburu bakarrean

Uztailaren 31n amaituko dute Beste Hitzak proiektua, Dublinen ekitaldi bat eginda
Beste Hitzak proiektuaren sustatzaileetako zenbait, atzo, antologia aurkezten, Donostian.
Beste Hitzak proiektuaren sustatzaileetako zenbait, atzo, antologia aurkezten, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Alba Cabrera Jauregi -

2019ko uztailak 20 - Donostia

«Ez da ohiko liburu bat», Idoia Noble Beste Hitzak proiektuko zuzendari artistikoaren hitzetan. Hamar hizkuntza ez-hegemonikotan idatzitako 34 literatur lanek osatzen dute Other Words antologia, egitasmoak osatu duen ibilbidea laburtzen duena. Lau urte dira Beste Hitzak abiarazi zutela, eta, Euskal Herriarekin batera, Irlanda, Eslovenia, Mazedonia eta Frisia elkarlanean aritu dira, hizkuntza ez-hegemonikoak saretu eta ezagutarazteko asmoz. Herrialde bakoitzeko idazleek besteetan eginiko egonaldietan sortu zituzten liburuan jasotako idazlanak. Guztira, bostehun ale argitaratuko dituzte, eta herrialde bakoitzean ehun banatuko.

Literaturatik abiatu zen Beste Hitzak proiektua, baina herrialdeek elkar ezagutzeko tresna ere izan dela azaldu du Imanol Galdos proiektuaren koordinatzaile nagusiak. Hasieran finkatu zituzten oinarriak itxuraldatuz eta aberastuz joan dira proiektuak aurrera egin ahala, eta «bide berriak» ireki dira, Galdosen ustez. Horrez gain, gogora ekarri du Europa handia izan arren badirela bertan «ehunka errealitate txiki» ere: «Denok dugu elkarren beharra. Aniztasuna zalantzan jartzen ari dira hainbat ahots, baina elkarri babesa emateak, dakiguna besteei irakasteak eta besteengandik ikasteak ere badu bere balioa. Nik uste dut hor dagoela programa honek umiltasunez egin duen ekarpena».

Proiektuan parte hartu duten idazleek bi hilabeteko egonaldiak egin dituzte beste herrialde batean, eta tokian tokiko errealitatearekin harremanetan sortu dute euren literatur pieza. Euskal Herritik hainbatek hartu dute parte urteotan, eta Noblek euren lana nabarmendu du: «Autoreak oso garrantzitsuak izan dira guretzat. Izan ere, proiektuaren oinarrian idazleen arteko trukeak eta egonaldiak zeuden». Yoseba Peña idazleak iaz aurkeztu zuen Hariak eleberria, eta, hain zuzen, liburuaren zati bat Irlandan idatzi zuen, bertan egin zuen egonaldian. Bide beretik, Beatriz Txibitek laster argitaratuko du Mugagabea poesia liburua, zeinak Eslovenian egindako egonaldia baitu oinarri. Ainara Maiak ere aurki plazaratuko du proiektuaren harira idatzitako Euskal poeta bat Mazedonian poema bilduma. Halaber, Ekaitz Goienetxeak eta Eneko Aizpuruak idazten eta lanak argitaratzen jarraitu dute proiektuan parte hartu ostean.

Asmo beretik abiatuta

Egitasmoan parte hartu duten herrialde guztiek badute ezaugarri komun bat: bertako biztanleek hizkuntza gutxitu bat edo ez-hegemoniko bat darabilte. «Sorkuntzaren aldeko aldarrikapena» da egitasmoa, Peter Tomaz Dobrila Beste Hitzak proiektuko esloveniar ordezkariaren ustez. Frisiako ordezkari Jelle Krol ere bat dator ideiarekin: «Gure idazleei begira, mugak gainditzea zen helburua; elkarrekin harremanak izate hori, jario hori sortzea».

Irlanderaren errealitatea azaldu du, halaber, Orlagh Ni Raghallaighek, proiektuaren Irlandako ordezkariak. Unescoren literatur hiria da Dublin, idazle entzutetsu ugari eman baititu; ingelesez idatzi dute, ordea, ospea lortu duten gehienek. Hala, egitasmoak hizkuntzari egindako ekarpena nabarmendu du: «Irlanderaz idazten duten idazleek irlanderaz mintzatzen den komunitate horrentzako idazten dute. Baina ez dute inolako oihartzunik hortik kanpo, ezta nazioarteko laguntzarik ere. Ez da inoiz halako diru laguntzarik egon irlanderaz idazten duen inorentzat». Tomazek gogora ekarri du itsasoz bestaldera dauden baina Europaren parte diren herrialdeak ere badirela —Karibeko Curaçao uharteko idazle batek ere parte hartu zuen egitasmoan—. «Gurea bezalako proiektu bat tresna izan daiteke Europaren muga geografikoak ireki eta errealitate txikien iraunkortasuna bermatzeko».

Lau urteren ostean, Beste Hitzak proiektua amaierara iritsi da. Bazkide bakoitzak nork bere ekitaldiarekin emango dio bukaera, baina azkena Dublinen izango da, hilaren 31n. «Pozik egoteko arrazoiak» daudela uste du Galdosek, eta adierazi du elkarlanari segida emateko asmoa badutela Beste Hitzak bukatu arren. Proiektua bozgorailu bat izan da, haren ustez, eta antzeko errealitateen hizkuntza komunitateetara iristea lortu du: «Bide honetan, hara eta hona ibiltzean, zenbait herrialdetatik galdezka etorri zaizkigu, eta interes handiarekin, gainera». Etorkizunera begira, ez dute baztertzen beste herrialde eta hizkuntza batzuekin elkarlanean aritzeko aukera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zugaza, Herraez, Gonzalez, Zupiria eta Ormazabal, gaur, Gasteizen. ©IREKIA

Euskal artisten 26 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Aitor Biain

Artium museoak, Biboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin erosi dituzte 18 euskal artistaren obrak, 200.000 euroko ezohiko diru laguntza bati esker.

2023ko Bertsoaoa zikloko irudia, Leire Urbeltzek egina. ©Nafarroako Bertsozale Elkartea

Iruñeko Bertsoaroa otsailaren 9tik martxoaren 2ra eginen dute

Berria

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolaturik, sei emanaldirekin osatu dute zikloaren egitaraua. Lehenbiziko aldiz, bertso afari bat ere izanen da.

Gorka Moreno, Amaia Ozerin eta Patxo Telleria, gaur goizean, 'Sormen Ola' proiektuaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gazteentzako tailer sorta bat antolatu dute Loraldiak eta EHUk

Olatz Enzunza Mallona

Gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzeko asmoz, Sormen Ola programa abiatu dute Loraldiak eta EHUk. Parte hartzaileek formakuntza tailerrak jasoko dituzte hilean behin, sortzaile profesionalek gidatuta. Larunbatean egingo dute lehenengo saioa.

Slawka Grabowska eta Amaia Garcia antolatzaileak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatua eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria, gaur goizean, jaialdiaren aurkezpenean. ©Jon Urbe / Foku

Otsailean egingo dute Lumafest jaialdia Donostian, bigarrenez

Naroa Torralba Rodriguez

Zabalik dago mikrokontakizunak bidaltzeko epea. Otsailaren 9tik 11ra tailerrak eta hitzaldiak izango dira Koldo Mitxelena kulturunean.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.