Sandersen eta Bidenen inguruan itxuratu da demokraten barne lehia

Astearte Handia dute gaur AEBetan: hamalau estatutan emango dute botoa, 1.357 ordezkari banatzeko. Warrenen hautagaitza dago jokoan

ander perez zala
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Bernie Sanders senatari independentea ala Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteorde ohia. Beste hitz batzuekin esanda: alderdia eraldatzea ala statu quo-ari eustea. Alderdi Demokrataren barne hauteskundeetako lehen lau faseak igarota, lehia bi hautagairen inguruan itxuratu da, indar politiko horren izaera bera jokoan egoteraino. Gaurkoa mugarria izan daiteke Sandersek eta Bidenek abiatu duten bidean: Astearte Handia dute demokratek, hautagaitzak sendotzeko eguna.

Hamalau estatutako eta eremu bateko herritarrek emango dute botoa, hautagaien artean 1.357 ordezkari banatzeko —%34 inguru—. Astearte Handia ez da erabakigarria, baina balantza alde batera edo bestera mugitzen du, eta ordezkaritza handiena lortzen duenari nabarmen sendotuko dio demokraten presidentegai izateko hautagaitza —1.991ra iritsi behar dira—.

Orain arte, Sandersek 58 ordezkari lortu ditu, eta Bidenek, 54, gehienak iragan larunbatean Hego Carolinan egindako primarioetan; garaipen horrek hautagaitza berpizteko balio izan dio AEBetako presidenteorde ohiari, are gehiago kontuan hartuta Tom Steyerrek eta Pete Buttigiegek lasterketatik ateratzea erabaki zutela iragan asteburuan. Amy Klobucharrek erabaki bera hartu zuen atzo, eta jakinarazi zuen Biden babestuko duela.

Hortaz, moderatuagoen botoa gaur ez da zatituko aurreko hitzorduetan bezala, Sandersen kalterako, eta litekeena da AEBetako presidenteorde ohiaren inguruan biltzea; hori bai, gainontzeko hautagaiak senatari ohiaren aurka egoteak agerian utzi du harena dela, oraingoz, hautagaitzarik sendoena, eta Biden dela alternatiba.

Elizabeth Warren senatariarentzat ere erabakigarria izango da Astearte Handia. Aurreko lau aldietan, soilik zortzi ordezkari eskuratu ditu, eta, joerak bere horretan jarraitzen badu, oso zail izango du primarioetan berpiztea, gero eta bipolarragoa bilakatzen ari baita. Michael Bloomberg ere testuinguru horretan da, kanpainako itxaropen guztiak gaurko bozketan jarri baititu.

Alderdiaren aparatuaren itxaropena da Sanders ordezkarien gehiengoa lortu gabe iristea uztaileko konbentziora; testuinguru horretan, zuzendaritza prest dago superordezkarien botoari esker presidentegai moderatuago bat aukeratzeko, horrek alderdiaren oinarriei traizio egitea esan nahi duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.