Indarrez bueltatu nahi dute

Realak Vila-reali egingo dio bisita gaur. Bihar arituko dira Athletic, Eibar eta Alaves, etxean

Realeko Ane Etxezarreta eta Athleticeko Ainize Barea Peke jokalariak, lehian, Anoetako derbian. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Iragan asteko etenaren ostean, bueltan da Lehen Maila. Ez da nolanahiko itzulera izango, gainera, hiru partidako astea baitute aurretik bertan lehiatzen diren lau euskal taldeek. Realak gaur jokatuko du; bihar izango da, berriz, Athleticen, Alavesen eta Eibarren txanda.

Txuri-urdinak izango dira kanpoan jokatuko duten bakarrak. Natalia Arroyoren taldearen etena besteena baino luzeagoa izan da. Izan ere, COVID-19a tarteko ez zuten aurreko jardunaldiko partida jokatu. Orduko hartan Bartzelona izan behar zuten aurkari. Oraingoan, berriz, Vila-reali egin behar diote bisita. (12:00, Realaren Youtubeko kanala). Taldea «ondo» ikusi du Arroyok. «Argi dago etenek lehiaketa erritmoari kalte egiten diotela. Baina uste dut ez dugula asko galdu.Taldeak entrenamendu onak egin ditu aste honetan».

Vila-real jaisteko postuetan dago, baina gora ari da azken asteetan. «Ez du zerikusirik izango joaneko partidarekin. Izan ere, etxean oso ondo ari dira. Gainera, asteazkenean Kopan aurrera egin zuten penaltietan, eta horrek hauspotu egingo ditu». Txuri-urdinak bigarren daude sailkapenean, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeari begira, garrantzitsuak izan daitezkeen bi neurketa dituzte datorren astean:asteazkenean Real Madrilen aurka, eta asteburuan Atletico Madrilen kontra. Baina Arroyok argi du. «Lehen itzulian ondo egin genuen gauzetako bat izan zen, partida bakoitzari balio bera eman geniola, eta ez genuela aurrerago begiratu. Biharko [gaurko] partida ez da erraza izango, eta orain arteko bidearekin jarraitu behar dugu».

Levanteri irabazi eta gero, Athletic ere goiko postuetan egonkortu da. Bosgarren dago, eta zazpi puntura ditu Txapeldunen Ligako postuak. «Aukerak dauden bitartean, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokatuko gara», adierazi zuen atzo Iraia Iturregi entrenatzaileak. Zuri-gorriek Rayo hartuko dute bihar Lezaman (12:00, Athleticen Youtubeko kanala). Espainiarrak azken postuan daude sailkapenean. «Rayoko jokalariek meritu handia dute, dituzten baldintzak kontuan hartuta, dauden lekuan egoteagatik. Ez da partida erraza izango, batez ere haiek aurretik jartzen badira. Izan ere, defentsako lanean oso ondo aritzen dira». Iturregik Espainiako Kopako partidan harrobiko jokalariek erakutsitako jokoa nabarmendu zuen. «Maila handia erakutsi zuten, eta lotsagabe jokatu zuten».

Kopa ahaztera

Eibar eta Alaves Kopatik kanpo geratu ziren asteazkenean, eta orain arreta osoa Ligan jarri beharko dute. Eibar da egoera zailenean dagoena. Ana Junyenten taldeak puntu batera ditu jaisteko postuak. Hamahirugarren dago, beste hainbeste punturekin. Madrilen aurka jokatuko du Unben (11:30). Aurkariak entrenatzailea aldatu berri du, Maria Pry fitxatu du. Junyentek honela aztertu zuen atzo neurketa. «Talde oso fisikoa izango dugu aurrean, baina gu gure jokatzeko era ezartzen ahaleginduko gara».

Alavesek ez du aurkari xamurra, Kopako kolpea ahazteko. Atletico Madrilen aurka neurtuko ditu indarrak Ibaian (12:00). Lehen itzulian arabarrek oso gertu izan zuten puntu bat lortzeko aukera biharko aurkariaren kontra.

Orduan bezala, atzean sendo aritzea eta erasoan lotsagabe jokatzea da Mikel Cresporen plana. Punturen bat urratuz gero, beste pauso bat izango litzateke salbaziorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.