Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola «Aurtengo finalak iazkoak baino ilusio handiagoa egin dit»

Publizitatea

Kirola

Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Aurtengo finalak iazkoak baino ilusio handiagoa egin dit»

Iaz tanto bakarragatik egin zion ihes txapelak, eta aitortu du ikusminak presioa eragin diola. Altunak gaizki ekin zion txapelketari, baina gora egin du, eta unerik onenean iritsiko da finalera. Bideoa albistearen amaieran.

2017-11-15 / Imanol Magro Eizmendi

Bazkalostea da Amezketan (Gipuzkoa), ordu lasaia. Pilotalekua hutsik dagoen une bakarrenetakoa da, eta, hala ere, Jokin Altunari pilota bat sinatzeko eskatu diote. Gustura hartzen du gertukoen epeltasuna. Behin eta berriz dio esker on handia diela.

Ibilbideko bigarren finala duzu igandekoa. Iazkoarekin alderatuta, hau beste kontu bat da?

Bai, agian bai. Beste era batera ari naiz bizitzen. Berriz ere finalean sartzea zail ikusten nuen. Nabaritu dut presio pixka bat, herrian eta herri inguruan. Iaz finala tanto bategatik galdu, eta aurten aditu ditut «ea txapela lortzen duzun», eta halakoak. Jende guztia horrekin ari zitzaidan, eta ez da erraza. Lehen partida galtzean, egia esan, kolpea handia hartu nuen, ez galtzeagatik, baizik eta ez nuelako nirea eman. Buruari buelta dezente eman nizkion, eta lasaitzeko neure buruari esaten nion: «Hi lasai; kalera joaten bahaiz, lasai. Ez duk ezer pasatzen, 21 urte dauzkak!». Bigarren partidan beste itxura bat eman nahi nuen, eta irabazita lasaitua hartu nuen, konfiantza berreskuratu nuen, berriz ere ni sentitu nintzen.

Jendea aipatzen duzu, Amezketan bizi zara, pilota zaletasun handia dagoen herri batean, eta hemen katedratikorik ez da faltako. Zer esaten dizute?

Finalera begira, nik uste, denek dute argi partida zaila dudala. Jende gutxi ikusten dut konfiantzaz, txapela aterako dudan, ez... Esperantza badute, baina beraiek ere ikusten dute final zaila dudala. Urrutikoetxeak errespetu handia sortzen du, baina tira, horrek indar handiagoa ematen dit, eta motibatuta nago.

Herritik lasai ibil zaitezke?

Bai, arazorik gabe. Esango nuke iazko finalak inpaktu handiagoa sortu zuela herria bertan. Saralegirekin finalerdiak egon ziren, baina finalik ez, eta nik nabaritzen nuen jende pila bat mugitzen ari zela finalarekin-eta. Iaz ez zuten espero ni finalean sartzea, eta aurten, agian, itxaropen handiagoa zuten. Baina niri aurtengo finalak iazkoak baino ilusio handiagoa egin dit. Iaz finala galdu nuenean, pena handia nuen. Iaz finalerdia irabazi nuenean hankak lurrean ez nituen, ez nuen behar bezala baloratu zer zen final batean sartzea. Gero hartu nuen pena: «demontre, aukera ederra galdu duzu!». Orduan ikusten duzu berriz ere final batean sartzea zaila izango dela, eta horregatik du honek balio handiagoa, ikusi dudalako nire maila ematen badut badudala onenen aurka lehiatzeko aukera.

Euforia gutxiago, baina 200 sarrera eskatu dituzu, mila biztanlera iristen ez den herri batean.

Bai, mordoa, eta gero Internet bidez euren kasa hartu dituztenak daude. Nik zaleei asko eskertzen diet. Olaizola II.ari irabazi nionean, lagunak hasi ziren zerrendak egiten, gauzak asko errazten dizkidate. 208 sarrera eskatu ditut guztira, eta gero Tolosako eskolako lagunak ere badaude. Eskerrik asko denei.

Askotan jo al du sakelako telefonoak egun hauetan?

Dezente jo du; azken egunetan gutxiago. Sailkatu nintzen larunbat gauean, eta igandean, ikaragarri. Sekulako mezu pila jaso nituen. Polita da, zerbait handia egin dudan seinale.

Finala ahazterik lortzen al duzu?

Zaila da guztiz deskonektatzea. Egiten duzula egiten duzuna beti duzu buruan igandean zerbait garrantzitsua duzula, urteak pasatu eta oso gutxitan egingo duzun gauza bat dela.

Iazko finala gogoratzen al duzu?

Bai. Partidetako gauza askorekin gogoratzen naiz; iazko finala telebistan berriz ere ikusi aurretik banekien une bakoitzean nola izan zen. Orain ere tanto mordoa ditut buruan grabatuak.

Min handia ematen al du horrelako final bat galtzeak?

Bai, ez izan zalantzarik. Baina nahiago dut finala galdu finalerdia baino. Jende askok esaten du finalak irabazteko direla, zalantzarik ez; pena handia hartu nuen, 22-21 galduta are gehiago, baina galtzeko hara iritsi behar duzu, han egon behar duzu, bide bat egin, eta, behin final bat jokatzera iritsi bazara, zeure buruari aukerak ikusten dizkiozu berriz ere iritsi eta irabazteko. Behin egin baduzu, zergatik ez bigarrenez.

Azken egunean zer egingo duzu? Maniarik edo baduzu?

Goizean gorputza aktibatu. Askotan partida eguna luze egiten zaizu. Kirola egitera ohituta zaude, eta egun horretan ezin duzu egin. Goizean gosaldu, eta aktibazio pixka bat, buelta bat kalean lagunekin-edo, eta, gero, bazkaltzera.

Lokal, lonja edo antzeko satorzulorik ba al duzue kuadrillan?

Bai, badaukagu, hemen plazan gertu, eta jende martxa handia ibiltzen da han. Denetarik dugu han: Play Stationa...

Zure kuadrillakoa izatea ez da merkea.

Lanean dabiltzanek diru asko uzten dute ni ikusten, eta lanik ez dutenentzat, zailagoa da. Asko eskertzen diet haiei ere.

Afaria ordaindu, badakizu.

Bai, bai, ordainduko diet.

Zenbat joango dira afarira?

Iaz 200 bat inguru elkartu ginen.

Hori ezkontza bat da.

200, eta erdia ukituta etorriko dira Bilbotik. Ondo emanda etorri ziren iaz Gasteiztik, eta aurten ziur giroa jarriko dutela pilotalekuan.

Finala galdu ondoren 200 pertsonaren aurrera irtetea ere ez da oso gozoa izango.

Ez. Iaz halako zerbait bizi izan nuen, baina, behin han nengoela, buelta eman nion, ondo gustura. Baina unean bertan, lehen ordu eta erdian, munduko animo guztiek ez dizute balio. Oso ukituta egon nintzen, baina tira, gero, egia esan, nire inguruko jendeak asko lagundu zidan buelta ematen, eta gauza positiboak ateratzen dituzu. Harro egoteko moduko gauzak egin nituen.

Iaz sorpresa izan zinen. Eta aurten? Lehen partida ikusita…

Iaz sorpresa, eta aurten, nola hasi nintzen ikusita, ere bai. Multzo zaila nuen. Artola oso gai da, baina uste dut ez duela bere maila eman, eta Ezkurdia oso indartsu zegoen. Bigarren zatian hobeto jokatu nuela uste dut, eta hori baliatu nuen finalerdietan sartzeko.

Eta finalerdietan Olaizola II.a. Goia jo zenuen hor.

Gozatu egin nuen partida hartan. Hasiera kenduta, gauzak perfektu irten zitzaizkidan. Behin partida berdinduta, hazi egin nintzen. Txapelketan egin dudan partidarik borobilena izan da.

Jendeak artista deitzen zaitu, gustatzen zaizu?

Bai! Gustatzen zaidan gauza bat da. Adjektibo polita da. Batzuetan artista izango naiz, beste batzuetan beste gauza bat.

Amezketan artista asko dago.

[Barrez] Bai, egia da hori, artistak pilotan, eta pilotatik kanpo ere bai. Artista franko dago hemen!

Urrutikoetxeak, ligaxkan, ia ez zizun aukerarik eman.

Erronka oso handia da. Horrelako pilotari baten aurka final bat jokatzea, Bilbon, 3.000 ikuslerekin... Uste dut bere unerik onenean dagoela. Ez zaio gabeziarik ikusten. Lehen ikusten zitzaion lau eta erdian jokatzeko dohainak bazituela, baina horiek zukutzea falta zitzaion. Azken bizpahiru urteetan, aldiz, jokatzen duena astekeria bat da. Dena egiten du ondo: sakean, errestoan, piloteoan... baina neure buruan sinetsi behar dut. Ikusi dut nire jokoa egiten badut besteei min egiteko ahalmena dudala, eta hori egin nahi dut, nire jokoa atera.

Ikaragarri ari da bera.

Arrazoi duzu, dena egiten du ondo. Goitik ezin hobe, behetik dena ondo. Errestoa urrun jartzen du. Baina finala jokatu egin behar da, eta, oraingoz, 0-0 goaz, eta 22 tanto ez dizkit egin.

Galtzea bizkarrekoa litzateke?

Partidaren arabera. Ez irabaztea pena litzateke, baina ez diozu horri bakarrik begiratu behar. Duela lau urte ezin nuen imajinatu ere egin gaur hemen egongo nintzenik. Nik beste pilotari asko ikusi ditut 21 urterekin onentxoen artean zeudenak, baina gero, 28-30 urterekin, askoz gehiago jokatu dutenak, eta horri begiratu behar diot. Irabazi edo galdu

Urrutikoetxea ikusi zenuen lehen aldiarekin oroitzen zara?

Bai. 8 bat urte izango nituen. Eguberri bezpera zen, eta kalean kantari ari ginen. Kalean aitarekin topo egin, eta Tolosara zihoala esan zidan, DVko finalak ikustera. Ez nekien zeintzuk jokatzen zuten ere, baina Beroiz ere han zegoen. Nire alboan Urrutiren gurasoak zeuden eserita. Ordurako ikusten zitzaion sekulako garrotea zuela. 16 urte zituen, eta ikusten zitzaion gora egin zezakeela. Ederki mugitzen zuen pilota.

Zuk ere duela urtebete baino hobeto mugitzen duzu orain. Zertan zabiltza?

Ni beti izan naiz argala, eta beti izango naiz gorputzez argala. Baina nabaritzen dut hobekuntza. Lan fisikoa egiten dut eta gorputza zaildu egiten da urteekin. Beste batzuk bezain indartsua ez naiz, baina ez dut uste ahula naizenik, eta gustura nago egiten ari naizen bilakaerarekin. Debutatu nuenetik sei kilo hartu ditut. Oso indartsu den batek agian sei kilo horiek ez ditu nabarituko, baina niretzat aldaketa handia da. Nik oso ume egin nuen debuta, eta beldur nintzen. Hor zeuden erraldoien aurka jokatu behar nuen, eta, gainera, ez nuen uste horien aurka hasiko nintzenik, eta banuen muga hori. Haiek helduak ziren, eta ni, umea.

Zuk ez duzu hirugarren partidarik jokatu. Espero al zenuen?

Ez, ez dut hirugarren partidarik jokatu. Espero? Nola esperoko nuen? Debuta egin baino bizpahiru hilabete lehenago Iñaxio Errandoneak deitu ninduen ea nik nola ikusten nuen neure burua debutatzeko. Niri ilusio ikaragarria egiten zidan, baina pixka bat zaindu nintzatela nahi nuela transmititu nion. Ikusten nuen jendea oso indartsua zena, eta errespetua ematen zidan pilota horiekin haien aurka jokatzea. Neure burua ondo ikusten nuen nire adinekoen aurka, baina indartsuagoen aurka... Debutatu eta segituan hasi nintzen estelarrak jokatzen. Eta nabaritu nuen mailaz ondo nenbilela, baina partida amaieretara oso justu iristen nintzen.

Hirugarren partidarik ez, eta lehen partidak gutxi.

Batzuk; lehen udan hiru torneo jokatu nituen. Gehien ikasi nuen garaia binakako nire lehen txapelketan ordezko sartu nindutenean izan zen. Pena hartu nuen hasieran, jokatzeko esperantza banuelako, eta Retegi sartu zuten. Gero ordezko gisa sartu nintzen, eta uste dut orduan egin nintzela pilotari. Galdu edo irabazi ,ez nion hainbesteko garrantzirik ematen. Irabazi egin nahi nuen, noski, baina lasai joaten nintzen partidetara, galtzeko askorik gabe eta lehen aldiz Irujo eta Olaizola II.ari irabazi nien, Miguel Merinorekin. Gero Irujoren ordez ere partida pare bat jokatu nituen Abel Barriolarekin. Txapelketa garrantzitsua izan zen niretzat.

21 urte baino ez, eta dagoeneko enpresako ikurretako bat zara Iker Irribarria eta Beñat Rezustarekin. Erantzukizun handia da.

Bai, dudarik gabe. Beteranoak joan dira, eta guk bidea irekia izan dugu partida handietara oso goiz iristeko. Baina bidea irekita egon arren, lan egin behar duzu, zurea eman, eta ez da erraza. Azkenean, era guztietako uneak izaten dituzu, eta, lasai egoten saiatzen zara, baina, agian, beste pertsona batek eramango balu enpresaren karga, adibidez Irujok jarraitu izan balu, guk agian presio gutxiago izango genuen. Eta agian gora egiteko etapak lasaiago, errazago erreko genituen. Baina, bueno, 21 urterekin hau bizitzea luzera ondo etorriko zaigun zerbait da, zailtzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Imanol Magro Eizmendi Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak