Aztarna uzteko, melodia berria

Pier Paul Berzaitzek 'Uharte bat' plazaratu du. Formatu akustikoak «nortasuna» ematen dio

Pier Paul Berzaitz eta Philippe Ezkurra, atzo Baionan, Uharte bat diskoaren aurkezpenean. BOB EDME.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Aurretik grabatutako kantuak berreskuratu, melodia berriak eman, eta, sortu berri dituen abestiekin elkartuta, Uharte bat diskoa atera du Pier Paul Berzaitzek (Elkar). Eta langintza horretan Philippe Ezkurra izan du lagun, hark moldatu baititu kantariak sortutako doinuak. Aspalditik lan egin nahi izan dute elkarrekin Berzaitzek eta Ezkurrak. «Desio» zuela nabarmendu du abeslariak, eta «orain heldu da» aukera hori. «Nortasun bereziarekin, gustu eta dedikazio handiarekin lortu du Philippek diskoaren doinua horren ona izatea». Berzaitzek eta Ezkurrak atzo aurkeztu zuten diskoa, Baionan.

Andres Kamio Elkarren musika arduradunak azaldu du Berzaitzek beti izan duela lotura hertsia musikarekin. Izan ere, Guk taldearen sortzaile izan zen, eta badu ibilbide propio luze eta oparoa; hau du zazpigarren bakarkako lana. «Harro» da Berzaitz emaitzarekin: «Diskoagatik, eta baita euskal memorian aztarna uzteagatik ere».

Hiru bide nagusi jorratu ohi dituela aitortu du kantariak. Amodioa, izpiritua, eta herria eta hizkuntza, zeinak «batera doazen».Diskoan bildu dituen kantuen hitzetako batzuk Xabier Lete eta Xabier Amurizarenak dira, eta beste batzuk egileren bati berak itzuli dizkionak. Arimari loturik, adibidez, Joan Gurutzekoa poeta «mistikoaren» bi poesia daude diskoan.

Beste zenbait kantu apaindu egin ditu: «Neurriak kanta pianoan aurkeztu nuen aspaldi; orain, akordeoiarekin, tronpetarekin eta perkusioarekin beste melodia bat erantsi diogu». Mixel Labeguerieren Bakearen urtxoa esaterako, Ukrainako gerraren karietara sartu du.

Elkar estudioan grabatu dute, Victor Sanchezen gidaritzapean. Ezkurraren lanari gorazarre egin nahi izan dio Kamiok: «Hura izan da ekoizlea, eta gustu handiko moldaketak egin ditu musikarien lana eta ahotsak egokitzeko». Musikari «handiek» ere jarri dute alea Kike Arza aritu da kontrabaxuan, eta Marie Helene Gastinel perkusioan.

Ezkurrak berak, «asko» eskertu dio Berzaitzi proposamena egin izana. Esan duenez, batzuetan erraza zaio moldaketak egitea; besteetan, ez horrenbeste. Estiloaren araberakoa dela azaldu du, eta erronka bat izan dela poesia tradizionala kantu bihurtzea: «Desafio gisa hartu dut emozioa transmititzea. Hori izan da kasik nire lanik handiena».

Zuzenean grabatua da

Musika akustikoz eginak dira kanta guztiak, eta dena zuzenean grabatzeko erronka jarri zion Ezkurrak bere buruari: «Disko batzuk emeki-emeki grabatzen dira, bata bestearen gibeletik, baina, batera eginez gero, beste emozio bat hartzen dute». Diskoak bere lekua «hartuko» duela ziurtatu du.

Berzaitzek onartu du «plazer handia» hartu duela diskoa grabatzen. CD formatuaren garrantzia ere azpimarratu du. Aztarna uzten duen material bat denez, fisikoki «irauten» du: «Ez zaio diskoak grabatzeari utzi behar Euskal Herrian».

Atharratzen (Zuberoa) aurkeztuko dute abenduaren 18an, 18:00etan. Emanaldia elizan izango da, Lauburu taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.