Jaurlaritzako Kultura Sailak 460 proiektu lagundu zituen 2018an

Hamabi diru laguntza deialdi egin zituen, eta 7,5 milioi euro inbertitu. Kultur politikak «sortzaileengana» hurbiltzeko nahia adierazi du

Erredakzioa
Donostia
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Kultur sorkuntzaren sustapenari lotutako 460 proiektu babestu zituen, iaz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Hamabi diru-laguntza deialdi irekitan bildutako 38 modalitateren bidez eman zituen laguntzak, eta 7.579.315 euroko aurrekontua izan zuten. Bingen Zupiria sailburuak atzo eman zituen datuak, Donostian, 2018an kultur sorkuntza sustatzeko bideratutako diru laguntzen balantzea aurkezteko agerraldian.

Laguntza zuzenetan erabilitako diruaz gain, 7,2 milioi euro inguru bideratu dira kultur sorkuntza ardatz duten bestelako programa eta egitasmoetara, Zupiriak jakinarazi zuenez. Horri lotuta, adierazi zuen Kultura Sailak «pauso bat» emango duela kultur politika horien sortzaileengana hurbiltzeko, eta baita kultur sorkuntza ezagutzera emateko ere. «Jaurlaritzak babesten dituen jaialdi, azoka eta egitasmo askoren xedea da euskal kultur sorkuntza ikusgarriago egitea».

Joxean Muñoz sailburuordeak, berriz, azaldu zuen pausoak eman nahi dituztela kultur politikak sortzaileengana iristeko prozesuan: «Euskal kulturgintzaren barruan, askok politika horiek ezagutzen dituzte, baina badaude hainbat eragile kultur sorkuntza babesteko administrazioak egiten duen esfortzu garrantzitsu hori oraindik ezagutzen ez dutenak». Horretarako, besteak beste, EHUko hiru campusetara, Deustuko Unibertsitatera, Musikenera eta Dantzertira eramango dute laguntzen inguruko informazioa. Era berean, sare sozialetan zabalduko dute Zure ideiarekin jarraitu leloarekin.

2019ko laguntzen deialdia zabalik dago, eta apirilaren 8ra artekoa da proiektuak aurkezteko epea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.