Aurten, fokua Patagonian

Miarritzeko Latinoamerikako Kulturen 28. Festibala irailaren 30ean hasiko da, astelehenarekin

La llorona emango dute film luzeen atalean. JAYRO BUSTAMANTE.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Txileko eta Argentinako lurraldeetan hedatua: Patagonia. Aurten, irailaren 30etik goiti, hau da, etzitik goiti eta urriaren 6ra bitarte, hango zinema ikusteko parada izanen da Miarritzeko Latinoamerikako Kulturen Festibalean (Lapurdi).

Patagoniako hamar film ekarriko dituzte, besteak beste, Malala Lekanderen Minga, Jose Luis Torres Leivaren El viento sabe que vuelvo a casa eta Carlos Echeverriaren Chubut, libertad y tierra. Obra horiez gain, Hego Amerikako beste herrialdeetan eginiko hainbat film ere erakutsiko dituzte, eta hiru lehiaketa eginen: film laburrena, fikzioena eta dokumentalena.

Film luzeen artean, hamar dira lehian izanen. Haien artean Melina Leonen Canción sin nombre ikusgai izanen da urriaren 5ean. 1980ko hamarkadan Peruk iragandako krisi politiko garaian, ninia ebatsi dioten emazte baten istorioa kontatzen du filmak. Hari beretik doan beste baten aipatzeko, Jayro Bustamanteren La llorona. La llorona haurrak galdu eta haien bila segitzen duen mamu moduan ezagutua bada, film honetan Maia herriaren genozidioan hil berriengatik ari da negarretan. Genozidioaren buru den gizonaz mendekatu nahian dabil.

Hortaz, familia harremanak, heriotzak, eritasunak eta desagertzeek eraginiko minak aipatuko dituzte jaialdian izanen diren filmetan, baina baita amodio istorioak, gerlak, kolonizazioaren ondorioak eta bakoitzak ukan ditzakeen barne borrokak ere.

Gisa berean, hamar film labur erakutsiko dituzte, eta horiek ere lehian izanen dira. Lucas Silvaren Divinas melodías aipagarri litzateke, hil berri den haur batentzat antolatua den zeremoniarako protagonistak marima musika tresna egin behar, eta horrek bizia errotik aldatuko dio. Victoria Giesen Carvajalen Hector film laburra ere izanen da ikusgai; generoaren gaia galdekatzen du honek, Gabriel, protagonista, Hector izeneko pertsona androginoaz maitemintzen baita.

Azken lehiaketa dokumental hoberena saritzeko eginen dute. Hamarren artean, Tania Hernandez Velascoren Titixe sartuko da lehiaketan, belaunaldien arteko ezagutzen transmisioaren gaiaren inguruan. Jorge Leandro Colasek eginiko La visita zerrenda berean da, kide bat kartzelan duten hainbat familiaren egunerokoa filmatuz.

Bestelako gertakariak

Herriko Kasinoko Herrixkan usaiako proposamenak izanen dira, egunero 19:00etatik 02:00ak arte izango baitira animazioak, urririk. Kontzertuak—besteak beste, La Perla, Maa Ngala, Newen Tahiel eta Septeto Santiaguero taldeak arituko dira—, eztabaidak eta erakusketak ere izanen dira. Horrez gain, Patagoniako bost idazle gonbidatu dituzte, denak gizonezkoak, eta haien obren aurkeztera etorriko dira.

Lehiaketetatik kanpo, zazpi film estreinatuko dituzte. Horietariko bat, Cesar Diazen Nuestras madres. Guatemalan, gerla zibilaz geroz zintzilik egon diren militarren epaiketak kontatzen ditu filmak. Egia eta justizia lortzeko daramaten borroka erakusten du film horrek.

Azken baten aipatzeko, azpimarra daiteke urriaren 2an, 10:00etan, erakutsiko duten Waye.Hemen.Aquíizeneko filma estreinatuko dutela, Igoitz Ibargoitia, Andoni Markinez eta Irati Brinas euskaldunek eginik. Iazko aldian Mai da Bai (Eta ezetzik ez dago) erakutsi zuten bezala, aurten ere Garabidek ekoizturik egin duten lana da. Maputxeek wallmapu hizkuntza berreskuratzeko daramaten borrokan oinarritzen zen Mai da Bai, eta oraingoan Yucatango maia hizkuntza izan dute ardatz: Maayat'aan. Mexikon, Belizen eta Guatemalan hitz egiten den hizkuntza da, eta haren alde ari direnen egoeraren, lanaren eta ametsen erakusleiho da Waye, lehen aldiz maayat´aan hutsean eginiko filma. Mendeetan bizi eta oraindik ere jasaten duten zapalkuntzaren ispilu da filma, eta asteazkenean emanen dute, Miarritzeko Royal 2 gelan.

Kontraesan aire bat bezala suma daiteke, alta, kolonizazioaren itzalak festibalaren izenean berean jarraitzen baitu: Biarritz Amerique Latine (Miarritze Amerika Latinoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.