Sanferminak Iruñean

Atzo eta gaur batu diren unea

Pamplonesaren dianekin hasten dira sanferminetako egunak. Polizia agertu da hainbat egunez

Pamplonesa musika bandak Alde Zaharreko kaleak zeharkatzen ditu egunero, goizean goiz, bestazalez inguraturik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Gizakien ikerketek gehiagorako ematen ez duten bitartean, denboran bidaiatzeko aukeratik gertuen dagoena besta hondarreko unea izaten da. Izan ere, eguna argitzen hasten denean, batzuk esnatu egiten dira, eta beste batzuk, etxeratu. Batzuentzat gaur dena, besteentzat etorkizuna da: bihar. Eta alderantziz, besteentzat gaur dena, batzuentzat iragana da: atzo. Bada, horren adibiderik argiena, sanferminetan, dianak dira. Orain horretan batzen dira iragana eta etorkizuna.

 

Sanferminetako egunak dianekin abiatzen dira egunero. Pamplonesa banda arduratzen da Alde Zaharra musikarekin esnatzeaz. Batzuek ongi etorria ematen diote egunari, beste batzuentzat agurra da. Baina bi mundu paraleloak batzen dituen ezaugarri komun bat badago: bizipoza. Dianetan, denek irribarreak dituzte ezpainetan marrazturik. Baita kalera atera ez, baina balkoitik ikuskizunaz gozatzen duten horiek ere.

Dianak 06:45ean abiatzen dira, puntual-puntual. Atzo ere hala egin zuten. Kale Berrian zen hitzordua. San Frantzisko plazan gaupasero anitz bazen, baita inguruko kaleetan ere. Taberna gehienak itxita edo erdi itxita, dagoeneko hain zuri-gorriz jantzirik ez ziren parrandazaleak Kale Berrira hurbiltzen hasi ziren. Han, dena prest zen 06:40rako: musika tresna guziak afinatuta zituzten. Kontraste gunea izaten da dianena; batzuk zuri-gorri garbi-garbia soinean, beste batzuk gaueko gudaren arrastoak nonahi. Pamplonesakoak, beti bezala, trajea jantzita.

Sssssh. Halako batean, isiltasun eske hasi ziren kalean bildutako guziak; baita lortu ere. Ekaitzaren aurreko barea. Jesus Garisoainen zuzendaritza makila airean dantzan jartzearekin batera hasi zen musika, eta hasi zen anabasa. Inguruko denak hasi ziren kantuan, Pamplonesakoen notei jarraikiz. Lau melodia jotzen dituzte, eta bestazaleek hitz bitxiekin kantatzen dituzte haietako batzuk: Churros, churros, para desayunar (txurroak, txurroak, gaur gosaltzeko). Atzo ere, nola ez, hala izan zen.

Giroa paregabea izan zen hasiera-hasieratik, eta, ibilbideak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago batu zen zoriontasun manifestaziora. San Frantzisko plazara ailegatzerako, jendetza zegoen musikarien inguruan. Batzuetan, musikariek mozkorrak gainetik kendu behar izan zituzten, baina ez ziren kexatu. «Mozkorrak aguantatzea da hoberena, jendea kontent dago eta», zioen umorez Aingeru Otxotorenak. Txindatak eskuan egin zuen bide osoa. Hala egiten du egunero, libratzeko aukera duen bi egunetan izan ezik. Ez da lan erraza: «Gogorra da goiz altxatzea; gustura egiten dugu, baina gogorra da, bai».

Garisoainek gidatu zituen dianak, baina lehiakideak izan zituen bidean. Atzo, Gabari Valdivieso jarri zen parean, eta hatzekin adierazten zuen zein zen hurrengoa: laugarrena, hirugarrena... Riau-riaua maite dut eranskailua soinean, txapel gorria buruan eta kantuen hitzak zituen papera eskuan egin zuen ibilbide osoa. 21 urte daramatza Riau-riaua antolatzen; udalak egiten ez duenetik, alegia. «Hirugarren zuzendaria naiz ni», zioen txantetan. Atzo, dena eman zuen: «Egun bat etortzen naiz, ez didatelako gehiago uzten».

Gazteagoak ziren nagusi bere inguruan. Tartean, herenegun zuzendari ibili zen Oier Urra: «Zuzendari makila egin nuen zilarrezko paperarekin, eta hasierak eta bukaerak ongi egiten saiatu nintzen». Peio Villarrubia ere ez zen falta, Pamplonesaren zale amorratua. «Ni soilik haiek entzutera etortzen naiz», zioen. Dianetan aditua zirudien: «Gaur gaupasa egindakoak soilik gaude hemen; zazpian, haur gehiago daude». Hasi eta bukatu, ibilbide osoa egin zuen dantzan. «Azkena ez da edozein jota, Pilindros baizik. Baina gehienek jota normala dantzatzen dute», kexu zen.

'Polizia asko, josteta gutxi'

Giro ona nagusi bazen ere, San Frantzisko plaza inguruan Espainiako Poliziaren zazpi furgoneta agertu ziren. Jendeak txistuka eta alde egin zezaten eskatuz erantzun zien. Baten batek Mucha policía, poca diversión (Polizia asko, josteta gutxi) kantatu zien. Edalontziren bat ere erori zen haien ibilgailuen gainera. Dianek aurrera jarraitu zuten, eta ondoko kaletik egin zuten itzulia, San Antonetik. Poliziak esperoan ziren Kontseiluaren plazan, kaskoak jantzita eta pilotak jaurtitzeko armak eskuan. Zerbait gertatuko ote zen galdetu zien emakume heldu batek, urduri. Ezetz, poliziek. Klarinete jotzailea haserretu egin zen, aurten hainbatetan agertu baitira dianetan. Udaletxe plazan bukatu zen ibilbidea. Alaitasunak irabazi zuen beste behin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.