Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Urrea diruditen brontzeak

Publizitatea

Kirola

Ion Areitio eta Irene Caminos

Urrea diruditen brontzeak

Finalean nahi bezala aritu ez arren, Munduko Trial Bike Txapelketan hirugarren izan dira Areitio eta Caminos. Pozik itzuli dira etxera, eta datorren sasoia hasteko irrikaz.
Ion Areitio, larunbateko proban.
Ion Areitio, larunbateko proban. BERRIA
Badira brontzezko domina batzuk, urrearen balioa dutenak garaileentzat. Ezustean edo azken orduan lortutakoak izan ohi dira. Ion Areitio (Hondarribia, Gipuzkoa, 1992) eta Irene Caminos (Tolosa, Gipuzkoa, 1998) trial txirrindulariek Txinan jokatutako Munduko Txapelketetan lortutakoak halakoak izan dira. Lehiaketan zehar, biek podiumetik kanpo ikusten zuten beren burua. Areitiok uste baino hasiera kaskarragoa egin zuen, eta Caminosek huts bat egin zuen ibilbideko zatirik errazenean. Munduko onenen aurrean oker txikiena ere garesti ordaindu ohi da. Oreka galera txiki batek edo heldulekuaren mugimendu desegoki batek bereizten ditu garaipena eta porrota. Loria eta hondamena. Zoria alde izan zuten, eta biak domina lepoan itzuli dira etxera. Pozik mintzatu ziren Amsterdamen, etxera bueltan.

19 urte besterik ez duela lortu du domina Caminosek. Hori aurretik duen etorkizunaren isla da. 12 urterekin hasi zen bizikleta txikiarekin saltoak egiten. Aitarekin joaten zen probak ikustera Hondarribira, eta animatu egin zen. Euskal Herrian, mutilekin lehiatzen zen hasieran, ez zegoelako aurkari neskarik. Atzerrira joaten zenean, berriz, asko izan ez arren, neskekin lehiatzen zen.

Zazpi urte geroago munduko onenetan hirugarrena da. Aurreko sasoian hasi zen nabarmentzen. Bigarren izan zen Les Menuiresen (Frantzia) jokatutako Munduko Kopako proban. Sasoi honetan, podiumera igo gabe zegoen. Munduko Kopako proba askotan laugarren postuan sailkatu da. Baina hiru onenen artean egoteko urrats hori falta zitzaion. Horrenbestez, bazekien zaila izango zela Munduko Txapelketan domina bat lortzea.

Han egotearekin konforme zen. «Niretzat, Munduko Kopan egote hutsa lorpen handia zen», Dena den, Munduko Txapelketa erakusleihorik distiratsuena da kirol gehienetan, eta kirolari guztiek eman nahi izaten duten beren onena. Hala, denboraldi hasieratik mimoz aritu zen prestatzen Txinako hitzordua. Sasoi onean zegoen.«Finalerdietan urduri egon arren, finala baino lehen egindako beroketan oso ondo sentitu nintzen. Ez nengoen batera urduri, eta zerbait egin nezakeela pentsatu nuen». Proba ondo hasi zen: «Baina ibilbideko zatirik errazenean huts bat egin nuen, eta hor ikusi nuen oso zaila izango zela domina lortzea. Nahiz eta lehen bi sailkatuek ere huts asko egin zituzten». Ibilbideko azken hiru zatiak falta zirenean, sei finalisten artean azkena zen. Lehiatzen amaitu zuenean baieztatu zioten, zaildu egin zitzaiola domina lortzea. «Are gehiago kontuan hartuta, podiumerako borrokan zeuden beste arerioak ni baino hobeak izan zirela finalerdietan. Berdinketa egonez gero, irabazi egiten zidaten». Lehiakide guztiek lana amaitutakoan iritsi zen ezustea. «Taldekideak ni zoriontzen hasi ziren, eta hirugarren izan nintzela esaten».

Ezin zuen sinetsi. «Oker zebiltzala esaten nien». Baina UCIko ordezkari bat bertaratu zen, sakelako telefonoa eskuetan, behin betiko emaitzak zituela. Taldekideek esan bezala, brontzea berea zen. Garaipena «sekulako bultzada» izan da Caminosentzat. «Motibazio ikaragarria ematen dit datorren sasoia prestatzeko. nahiz eta badakidan hau berdintzea edo hobetzea oso zaila izango dela».

Hitz egiten duenean, nabari da bere kirola maite duela, eta maitasun hori entrenatzen dituen ume eta nerabeei helarazten saiatzen da. Disfrutatu egiten du horrekin. Berak zortea izan zuen, hasi zenean, Unai Iraola herrikidea trialean aritzen baitzen, eta hark lagundu zion. Baina horretan hasi nahi duten gaztetxoek zailtasunak izaten dituzte askotan, ez baitute topatzen nork irakatsiko dien.

Caminosek ez bezala, Areitiok bazekien zer zen domina bat irabaztea. Munduko Txapelketa batean Txinan irabazitakoa hirugarrena du. 2013an eta aurreko sasoian ere irabazi zituen. Oraingoan ere hasiera kaskar batek baldintzatu zion jarduna. «Lehen zatian, ez nintzen nahi bezain fin aritu. 50 puntu eskuratu nahi nituen, eta 20 utzi nituen bidean». 30 punturekin, maldan gora jarri zitzaion finala eta dominengatiko borroka. «Hori ikusita, une batetik bestera presioa kendu nuen gainetik, eta aurrekoei aldea kentzen saiatu nintzen». Hala, lan eskerga eginez, eta bizikleta muturreraino kontrolatuz, gora egiten hasi zen. Azken zatira, laugarrenarekin eta bosgarrenarekin berdinduta iritsi zen. «Banekien 40 puntu egin beharko nituela domina lortzeko, eta lortu egin nuen».

Urduritasuna eta presioa

Pena izan zen hasiera txar hori. «Hobeto aritu izan banintz lehen zati horretan, presio handiagoa egingo nien aurrekoei, eta, agian, emaitza beste bat izango zen. Baina ez dut damurik. Ez diot horri buelta gehiagorik eman nahi».

Urduritasunari egotzi zion gertutakoa. «Finalerdietan sailkatu ginen bezala lehiatu ginen. Ni laugarren irten nintzen, eta aurkariek zer egin zuten ikusteko aukera izan nuen. Horrek, nahi gabe presio txiki bat eragiten dizu».

Publizitatea

Sortu kontua
Ainara Arratibel Gascon Ainara Arratibel Gascon

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak