Bestela ere berotu daiteke

Ohiko berogailu sistemez gainera, badira ekologikoak diren alternatibak ere. Europak energia kontsumoa jaitsi eta iturri berriztagarriak handitu nahi ditu 2020. urterako. Eraikinak berotzeko sistema berriek badute etorkizunik, baina, batez ere, etxeak ongi isolatzea da garrantzitsua.
Pellet deitzen den konglomeratua.
Pellet deitzen den konglomeratua. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2014ko azaroak 27
Hotzarekin batera, berogailuak pizteko tenorea ailegatu da Euskal Herrira. Etxeetako eta bestelako eraikinetako energia kontsumoa igo egiten da hilabete hotzetan, horrek dituen ondorio guztiekin. Argiaren eta uraren fakturak gora duen garai hauetan, badaude sakelarako eta, batez ere, ingurumenerako onuragarriak diren alternatibak. Eraikinak berotzeko sistema ekologikoek badute aukerarik Europan, non etorkizun hurbilean energiaren kontsumoa jaitsi nahi den.

Alde batetik beroa sortu behar da, eta, bestetik, beroa eraikinean zehar barreiatu. Bigarren funtzio horretarako, berogailua da ohikoena, baina erabil litezke aire bidezko sistema edo lur berogarria. Bada diferentziarik haien artean. Adibidez, berogailuek normalean ura 60-70 gradu artean behar dute, eta lur berogarriek, berriz, 35-40 gradu artean.

Beroa sortzeko sistemetan, ekologikoak ez dira nagusi inondik inora. Elektrizitate bidezko berogailuak dira kutsagarrienak, eta ondoren datoz ikatza, diesela eta gas naturala, hurrenez hurren. Sokaren beste muturrean dago biomasa bidezko sistema, edota eguzki plakena; sistema ekologikoenak dira. Bero ponpa geotermikoak ere nahiko ekologikoak dira. Ekologikoak ez izanagatik ere, ingurumenarentzat ohikoak baino sistema hobeak dira kogenerazioa eta barruti berokuntza.

Aitor Erkoreka EHUko irakasleak azaldu du zein den sistema horiek Euskal Herrian duten egoera. Egurra da gehien erabiltzen dena; biomasa, beraz. Herrietan nahiko erabilia da. Beheko sua etxe askotan egoten da, eta su hori etxe osoa berotzeko egokitu liteke. Horiek ez dira hainbeste, baina badaude. Eguzki energiari dagokionez, legez, eraikin berriek iturri hori erabili behar dute. Hala ere, urte osorako ez du balio; beraz, osagarri gisa erabil liteke.

Geotermiak geroz eta indar handiagoa du, Erkorekaren arabera, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «nahikotxo» daude. «Merkatu oso handia dago, eta geroz eta gehiago egiten ari dira, lur berogailuetarako oso egokia delako». Esan duenez, lur berogailuak ematen du konfort handiena.

Sistema egokienari buruz galdetuta, hori testuinguruaren araberakoa dela dio. Adibidez, urte osorako bizitoki den etxe batean egur bidezko biomasa sistema deserosoa izan liteke, egurra botatzen ibili behar delako. Ez bada eguneroko etxebizitza, ongi joan liteke. Badago, halaber, pelleta erretzea biomasa galdaran, eta hori erosoagoa da. Geotermia ere oso egokia da, Erkoreka irakaslearen arabera, baina betiere etxebizitza egin aurretik prestatuta, tutuak lur azpian sartu behar baitira. «Etorkizunean, gehien pelleta eta geotermia erabiliko dira».

Alde txarra dirua izaten da, normalean sistema ekologikoen instalazioa garestiagoa baita. Geotermiaren kasuan, urte asko behar dira inbertsioa berreskuratzeko. Kogenerazioarekin, berdin; inbertsio handiak behar dira: «Diru laguntza barik ez dago instalazio guztia amortizatzerik». Zer esanik ez barruti berokuntzaren kasuan, hirietako lurra altxatu behar da hodiak hedatzeko.

Luzera begira, baina, pellet, eguzki eta geotermia bidezko sistemak merkeagoak dira. Etxebizitza eraikinetan, adibidez, pellet bidezko biomasa galdarak jartzen hasiko dira hurrengo urteetan, Erkorekaren aburuz.

Kontsumoan gakoa

Europak 2020rako helburuak zehaztu ditu: energia kontsumoa %20 jaitsi, 1990eko CO2 isuri kopurua %20 jaitsi, eta erabiltzen diren energia iturrien %20 berriztagarriak izatea. Gure Energia elkarteak begi onez ikusten du helburua, baina hobetu zitekeela uste du. Hala azaldu du Iñaki Iturritza Arabako bozeramaileak. «Egitasmo ona da, betiere urrutirago joaten bada. Asmo handiagokoa izango zela uste genuen, baina ez. Posible da oligopolioen indarra presio egiten ibiltzea iturri berriztagarrien erabilera beste aukerarik ez dagoen arte atzeratzeko», esan du.

Berogailu sistema ekologikoen bitartez, CO2 emisio kopurua jaitsi eta energia berriztagarrien erabilera igoko litzateke. Dena den, EHUko irakasleak hirugarren helburuari garrantzi handia eman dio: energia kontsumoa jaisteari. «Hobea da etxebizitzarako energia kontsumoa jaistea itxitura hobetuz, berokuntza berriztagarria jartzea baino». Berdin dio Iturritzak. «Gure ustez, etxebizitzaren eraginkortasuna garrantzitsuagoa da. Etxeak ongi isolaturik egotea nahi dugu». Administrazioari mezu bat bidali dio: «Hidrokarburoetan inbertitzeari utzi, eta diru hori berriztagarrietan edo etxeak isolatzeko laguntzetan inbertitu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna