Euskal presoak

Euskal presoei kartzelaldia murriztea eragotziko dien legea indarrean da

Europak zigorrak batzeko 2008an hartu zuen erabakia gaur sartu du indarrean Espainiak.

Zigorra Frantzian bete duten euskal presoek Espainian bete beharrekoa ez gutxitzeko neurriak hartu ditu PPk
Frantziako eta Espainiako gobernuburuak, Justizia ministroak eta Barne ministroak, joan den astelehenean, Parisen.
Frantziako eta Espainiako gobernuburuak, Justizia ministroak eta Barne ministroak, joan den astelehenean, Parisen. LIONEL BONAVENTURE / EFE

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko abenduak 4
Gaur sartuko da indarrean Espainiako araudian 7/2014 Legea; zigorrak Europako Batasunean modu bateratuan hartu behar direla dioen araua. Euskal preso askori eragin behar lioke lege berriak: Frantzian edo Iparraldean atxilotu eta Parisek ezarritako zigorrak Frantzian bete ondoren, Espainiak ere zigortu dituen euskal presoei. Frantzian betetako espetxe urteak kontuan hartu, eta Espainiaren kartzeletan bete beharreko urteei gutxitu behar litzaizkieke, lege horren irizpidearen arabera. Baina hemendik aurrera datorrena ez da horren argia. Espainiak hartutako hainbat neurri ilunen ondorioz, euskal presoei ez zaie lege hori gainontzeko presoei bezala ezarriko.

Lege proposamenari PPk Senatuan egin dizkion zuzenketak dira desberdintasunen iturria. Europak bertako estatu guztiei igorritako aginduaren izpiritua aldatu du horrela, arauak jasotzen dituen onurez baliatzeko baldintza zehatz batzuk jarrita. Nahasiak dira moldaketarako testuak. Ulergaitzak ia. Baina barnean gordetzen dutena berariaz egindako neurriak dira. ETAko presoek dituzten egoera zehatzak salbuespenerako arrazoitzat hartuta, onura horretatik kanpo utziko ditu, praktikan, euskal presoak.

EUROPAK 2008AN AGINDUA

Europak 2008an onartutako esparru arau bat dago Espainiako legearen oinarrian. Irizpide horrek Europako Batasuneko herrien arteko informazio trukea ahalbidetzea eta elkarren zigorrak aitortzea du helburu: estatu batek pertsona bati ezarritako zigorra Europako herri guztiek aintzat hartzea; Europa osoak herri bat bezala joka dezala, eta delitu bera ez dadila birritan zigortu.

EPEA: 2010

Europak hartutako esparru erabakiak derrigorrez bete beharrekoak dira Europako Batasuna osatzen duten estatu guztientzat. 2008an erabaki zuen beste estatuetan betetako zigorrak norbere estatuak aintzat hartu eta bateratzea, eta irizpidea betetzeko epea ere jarri zuen: 2010eko abuztuaren 15a. Horretarako, estatu bakoitzak bere legean txertatua behar zuen araua ordurako.

ESPAINIAN, 2014 AMAIERAN

Europako estatuak irizpidea nor bere legeetan barneratzen aritu dira. Espainiak, ordea, ez du gaur arte egin. Aurten landu du gaia Kongresuak, eta Europako esparru arauarekin lege proposamena egin du. Onartu zuen Kongresuak, eta Senatura igorri zuen gaia. Hor hasi zen arauaren izaera moldatzen. PPk zuzenketak aurkeztu zizkion testuari; proposatu, eta onartu.

SENATUAREN TRANPA

Nahasiak dira oso Senatuak lege proposamenari egin dizkion zuzenketak. Batez ere, 14.2 artikuluan gehitu dituen salbuespen egoerak. Zigorren batura eta, beraz, Espainiako espetxealdia laburtzeko aukera, ezabatu egin du hiru egoeratan. Kasu horietan, arauak ez duela «inolako eraginik izango» dio 14.2 artikuluak. «Oso kasu zehatzak dira», adierazi dio BERRIAri Iker Urbina Amaiur koalizioko diputatu eta abokatuak. «Erabat ezohikoak eta zehatzak; Espainiako estatuan kasuistika horiek ETAko presoekin ematen dira soilik».

Esate baterako, gerora Espainian epaituko diren egitateak atzerriko zigorraren aurretik eginak badira, espetxealdia murrizteko aukera ukatuko dela dio salbuespen horietako batek. Zentzugabekoa dirudi baldintzak, adibide zehatzei erreparatu ezean: «Pentsa Euskal Herrian komando batean ibili den batengan. Ekintzak egin ditu Euskal Herrian edo Espainian. Une batean, ihes egiten du Frantziako estatura. Han atxilotu, eta zigortzen dute. Frantziako zigorra amaitzean Espainiaren esku uzten dute, eta han, Frantzian jasotako zigorra baino lehen Espainian egindako delituengatik epaitzen dute». Hori bezain kasu zehatzak ezarri dira legean ETAko presoak Europak ezarritako irizpidetik kanpo uzteko. Abokatuaren ustez, praktikan, «ETAren kasuak ez direnei ezarriko zaie araua», esan nahi dute Senatuaren zuzenketek.

NORI NOLA ERAGINGO DIO?

Frantzian zigorra bete duten eta Espainian delitu beragatik kartzelan dituzten preso guztiei eragin behar lieke legeak, Europako mandatuaren arabera. Frantzian betetako espetxealdia Espainian bete beharrekoari gutxitu behar litzaioke. Baina, Espainiako legean jasota geratu diren salbuespenek zaildu egingo dute hori.

Hala ere, beste gauza batzuk ere hartu behar dira kontuan: Legeak ezin dira ezarri indarrean sartu aurretik, batez ere zigortuarentzat kaltegarriak izatekotan. Gaurko data du legeak. Beraz, delitua gaurtik aurrera egingo luketenei ezarri behar litzaizkieke salbuespenak jasotzen dituen legea.

Europako esparru araua, ordea, 2008an onartu zen. Eta bete beharrekoa da. Beraz, ordutik aurrerako kasu guztietan ezarri behar litzateke mandatua, abokatuen ustez: zigorren batuketa, kasu guztietan, salbuespenik gabe. Edo, gutxienez, Espainiak irizpidea barneratua behar zuen 2010eko abuztutik aurrerakoei. Gaur artekoei.

Baina auzitegiak beste bide bat jorratu nahian ikusten dituzte abokatuek. Orain arte eskaerak egin dituztenen erantzunak ere atzeratzen ari direla diote. Legea indarrean jarri zain daudela iruditzen zaie, eta behin indarrean dela, salbuespen horietan oinarrituta zigor batzeari ezezkoa ematea dela asmoa.

Baina hori legea atzera eragintasunez ezartzea litzatekeela argi dute. Beraz, legez kanpokoa litzatekeela. Eta, kasurik argienak, dagoeneko eskaerak eginak dituzten presoenak direla diote. 50 euskal preso baino gehiagok egina dute eskaera: EPPK-ko 49k eta Langraitz bideko bostek.

AUZITEGIEN BIDE LUZEA

Auzitegien esku dago orain erabakia. Auzitegi Nazionalak sala bakoitzaren esku utzi du norberak epaitutako presoei buruzko erabakiak hartzea, eta, hasieratik, kontraesanezkoak izaten ari dira ebazpenak. Lehenengo salak batura aitortu die euskal presoei, eta bigarrenak ez. Biharamunean, espetxealdia murriztea onartu zaien presoei buruzko erabakiei helegiteak aurkeztu dizkie fiskalak. Beraz, bide luzea espero daiteke oraindik auzitegietan.

Zigorrak batzeko aukera ukatu dietenen kasuan helegiteak aurkeztuko dituzte abokatuek Auzitegi Gorenean, eta Gorena irizpideak batu beharrean aurkituko da. Edozein kasutan, abokatuak seguru daude arrazoi dutela eta ez dute baztertzen Estrasburgorainoko bidea egitea.

Gainera badute aldeko epai bat baino gehiago: Auzitegi Gorenak Joseba Urrusolori batuketa aitortu izanak erabakia arau bihurtu zuen, eta Carmen Gisasola aurreko astean askatu zuten irizpide bera ezarrita. Josu Garcia Corporalesek ere onartuta du batura, eta Oroitz Saralegi ekainean askatu zuten zigorren zenbaketa berria eginda. Oraingoz, Auzitegi Nazionaleko lehenengo eta hirugarren salak ari dira presoen aldeko ebazpenak ematen, eta bigarrenak argitaratu duen bakarra ezezkoa izan da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna