Arotz bat, hutsari kolpeka

Milioika desplazatu siriarrek NBEk elikatzeko eman izan dien laguntzarik gabe egin beharko diote aurre abendu gorriari. Goseak jaioterrira bultzatzen ditu, itzuleragatik beldurrak jota egon arren.
Bilal, alabetako batekin, Ammaneko etxean. Siriara itzuli behar izateko arriskuagatik, nahiago izan du aurpegirik ez erakutsi.
Bilal, alabetako batekin, Ammaneko etxean. Siriara itzuli behar izateko arriskuagatik, nahiago izan du aurpegirik ez erakutsi. DANIEL RIVAS

Laila Muharram Rey Daniel Rivas Pacheco -

2014ko abenduak 9
Ammanen bizitoki izan duen etxea aste gutxiren buruan utzi beharko du Bilalek. Jordanian Siriako iheslaria denak Nazio Batuen Erakundearen Elikagaien Munduko Programaren laguntzei esker ordaintzen zuen alokairua; baina laguntza hori bertan behera utzi dute duela astebete, dirua amaitu delako. Bilalek eta haren familiak zeukaten diru iturri bakarra etxejabeak jasotzen zuen, eta, Siriako gatazka hasi zenetik urte eta erdira, lehen aldiz erabaki behar dute iheslari gune batean bizi edo Siriara itzuli.

200.000 lagunetik gora hiltzeaz gain, XXI. mendeko iheslari mugimendu handiena eragin du Siriako gatazkak. Barne desplazatuak 7,6 milioi badira, eta herrialdea 3,2 milioi lagunek utzi behar izan dute. Horietako bat da Bilal.

Eskailera labirinto bat igaro behar da 40 metro koadroko etxean sartzeko. Egongela bat, sukaldea, bainugela eta, logelan, Bilal eta Zeinab senar-emazteen ohea eta Gina eta Yana 3 eta 4 urteko alabentzako koltxoneta bana. Oinutsik ibiltzen dira alfonbraz estalitako lurrean. Dekorazio objektuz gainezka dago egongela: arrainontzi bat, arabierazko bertsoak dituzten koadroak eta animalien irudi txikiak, dozenaka. Bilalek berak eginak: ebano zurezko hegazterren bat nakar inkrustazioekin, eskuz zizelkatutako te mahai bat eta jainko egiptoarrak dituen apalategi bat. Sabaiko pintura hezetasunak zartatuta dago, eta zementu belztua du agerian.

Sirian bizimodu erosoa zuten Bilalek eta haren familiak, Damaskoko aldirietan. Herentzian jasoa zuen 30 gelako etxe bat, zeinak lorategia eta iturria zituen, baita barruko patio bat ere. Hilean 1.500 dolarreko soldata zuen MTN telekomunikazio enpresan; Baxar al-Assad presidentearen lehengusu Hafez Makhluf da MTNren jabea.

Lokal bat erosia zuen Alhamadiyeko zokoan, Omeyen meskitatik gertu, eta, denbora librean, animaliak eta te mahaiak zizelkatzen zituen turistei saltzeko. Zeinabekin ezkondu berria, lehen alaba izana zuten iraultza hasi zenean.

Enpresatik Homsera joateko eskatu zioten, antenak jartzera. «Ez nuen onartu, ekintzaileak zelatatzeko erabili nahi zituztela uste bainuen», dio Bilalek. Azalpen eske deitu ziotenean, ez zen aurkeztu. Atxilotu eta espetxeratuko zuten beldur, ez zen gehiago lantokira agertu.

Merkatuan zuen lokaleko lantxoei esker iraun ahal izan zuen hainbat hilabetez, harik eta, alabarekin auzoko parkean jolasean ari zela, misil batek bere etxea suntsitu zuen arte: «Zorionez, familiako inor ez zegoen barruan». Gertakariak erabaki zail bat hartzera behartu zuen: Siria jada ez zen segurua, ez harentzat ez familiarentzat. 2011ko udan egin zuten ihes Jaber pasabidetik, artean siriarrei mugan eragozpenik ezartzen ez zieten garaian, eta Ammanera iritsi ziren. Iheslariak ziren.

Orain, Bilalek azokan gauzatxoak salerosiz ematen dio jaten familiari. Siriako desplazatuei Jordaniako Gobernuak ez baitie lan edo egoitza baimenik ematen. Artisauak ezin du gehiago egurrezko figurak zizelkatu. Poliziak aroztegi batean lanean aurkitzen badu, deportatu edo iheslari gune batera eraman dezake. «Legez kanpo lanean atzeman zituzten bi lagun siriar banituen, eta Zaatariko iheslari gunera deportatu zituzten. Ezin izan genituen konbentzitu Siriara ez itzultzeko. Han hil zituzten».

Horregatik, hilero Elikagaien Munduko Programak ematen zion dirua —Jordaniako 96 dinar, 110 euro— alokairua ordaintzeko baliatzen zuen. NBEren agentziako ohar bat erakusten du sakelakoan: «Elikagaien Munduko Programak ez dauka, iheslari guneetatik kanpo, beharrezko finantzabiderik abenduan janari kupoietarako».

Ammanen harrapatuta

Hiru urte eta erdiko erbeste aldian, Frantzia eta Danimarkako enbaxadetan eskatu du asiloa. «Erantzun digute herrialde horietan bizi den senideren baten gonbidapen gutuna behar dugula bisa lortzeko; tamalez, guztiek Damaskon jarraitzen dute». Eta zain jarraitzen du, ezin baitu besterik egin. «Bizimodua oso zaila da Ammanen. Orain, goizean hasi eta gauera arte, shisha erretzen dut, ahazteko. Lehen ez nuen atsegin». Bi aldiz irauli zaio bizitza Bilali: lehen, Sirian, eta orain, Jordanian. Baina 31 urteko iheslariak ez du txantxarako gogorik galdu; irribarrea beti ahoan.

Bi irtenbide ikusten ditu: Damaskora itzuli, edo iheslarientzako kanpaleku batean izena eman. Zaatarin, Siriako iheslariak hartu zituen Jordaniako lehen kokagunean, lagunak baditu; eta joateko aholkatzen diote. Baina susmoa dauka neurri horren helburua ez ote den desplazatuak kanpalekuetan biltzera edo Siriara itzultzera behartzea.

Zaatarin 80.000 bizilagun egonkortu dira hilabeteotan, eta, kanpadenden lekuan, txapazko barrakoiak eraikitzen hasi da UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria. Bilalek, baina, Zaatarin sartzea ere zail ikusten du: «Herrialdearen ekialdean beste kanpaleku bat ireki du gobernuak, Arzaqen, eta hara bidaliko gintuzkete, batek daki zer baldintzatan. Ez dut nahi emaztea olana baten azpian erditzea».

Itzulera da, arriskutsua izanagatik, Sirian utzitako senideekin berriz elkartzeko modu bakarra. Itzuli beharko balute, argazkietan beren buruak ez ezagutzea eskatu du. «Emazteak Siria hainbeste denboraz utzi duen lehen aldia izan da. Aurreko ezkontza bateko bi seme-alaba ditu, eta lau urtean ez ditu ikusi».

Aurreneko senarra Al-Assaden erregimenari leial zela dio Zeinabek: «Shabiha bat zen [erregimenaren aldeko ekintzaile basa], eta oso guraso kontserbadoreak zituen. Berriro ezkontzean haurrei bizkar eman niela uste dute, eta, deitzen dudanean, ez didate haiekin hitz egiten uzten».

Ammanen ezer gabe iraun edo Siriara itzuli eta erregimenaren balizko errepresioari aurre egin, bi aukera horien aldean askoz aterabide egokiagoa ematen du laguntzak nolabait bermatuta dauden kanpaleku batera joatea. Bilalek, baina, ez dauka hain argi, eta tematuta dago: «Jordaniako Gobernuak kontrolatuta eduki nahi gaitu; horregatik egin dituzte kanpaleku berriak bestelako kokagune batzuetan, toki handiagorekin. Gainera, ez dut nahi nire umeak iheslari gune bateko giroan haztea».

Etorkizuna gainera datorkio, eta harrapatuta sentitzen da Bilal, emaztea eta alabak nora eraman erabaki ezinik, hutsari kolpeka ari balitz bezala. «SMS mezua jaso nuenetik, lorik ere ez dut egiten», aitortu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna