Klimari buruzko goi bilera Liman. Eztabaidagaiak

Kyotoko Itunaren ordezkoa limatzen

Azken txanpan sartu da COP20 klimari buruzko Limako goi bilera. Parisen datorren urtean Kyotoko Protokoloaren ordezkoa izango den testu zirriborroa adostu nahi dute herrialdeek. Desadostasun handiak daude, oraindik, herrialde pobretuen eta aberastuen artean.
Nazcako lerroetan, gizateriaren ondare izendatutako geoglifoetan, Greenpeacek abenduaren 8an egindako protesta. Peruko Gobernuak salaketa bat jarri du ekintzaileen aurka.
Nazcako lerroetan, gizateriaren ondare izendatutako geoglifoetan, Greenpeacek abenduaren 8an egindako protesta. Peruko Gobernuak salaketa bat jarri du ekintzaileen aurka. GREENPEACE

Iñaki Petxarroman -

2014ko abenduak 12
Klimari buruzko Limako goi bilera, COP20a, azken txanpan sartuko da gaur. Berez, Parisen, heldu den urteko goi bileran, onartu beharko litzatekeen Kyotoko Protokoloaren ordezko izango den testuaren zirriborroa adostu nahi dute Liman. Goi bilera oso baikor hasi bazen ere, azken egunetan hoztuz joan da giro hori, eta betiko trabak azaleratzen ari dira: funtsean, nork ordaindu behar duen klima aldaketaren faktura.

Klima aldaketa errealitate bat da. Zientzialariek frogatutzat jo duten fenomeno bat izanik, herrialdeen agenda politikoan leku bat hartu du. Munduko tenperatura 0,8 gradu igo da 1900. urtetik hona, erregai fosilen erabilerak eragindako CO2 eta gainerako berotegi efektuko gasen isurketagatik. 2014a inoizko urterik beroena izango da, eta azken mendeko urterik beroenak azken hogei urteko seriean pilatzen dira. Erabaki politiko gogorrak hartzen ez badira, eta berotegi efektuko gasen isurketa ez bada nabarmen murrizten, lau gradu inguru berotuko da planetaren tenperatura 2100. urterako. Hori hondamendi bat litzatekeela iragarri dute adituek. Eta marra gorri bat jarri dute: berotze orokorra bi gradutik gorakoa ez izatea. Horra iristeko zein da bidea? Horretaz hitz egiteko elkartu dira mundu osoko 196 herrialdeetako 10.500 ordezkari egunotan Limako goi bileran.

Bilkura abenduaren 1ean hasi bazen ere, aste honetako asteartean ekin zioten goi bilera politikoari, NBEko idazkari nagusi Ban Ki Moon eta ministroen parte hartzearekin. Eta orduan hasi ziren lehen eztabaida nagusiak.

1-ZERI BURUZ ARI DIRA EZTABAIDATZEN?

Bi testu dituzte mahai gainean negoziatzaileek. Testu batek Parisko 2015eko goi bilerak lortu beharko lukeen akordioaren osagaiak biltzen ditu, eta besteak herrialde bakoitza hartzeko prest dagoen konpromisoen inguruko informazioa zehazten du. Bigarren testu horren gainean ari dira lanean negoziatzaileak. 36 puntuko zirriborro bat da agiria, eta zailtasun handiak eragin ditu adostasuna lortzeko. Eztabaidak larunbat goizaldera arte iraungo dutela ohartarazi dute bertako iturriek, eta orduan jakingo da ea akordiorik lortu duten edo ez.

2-ZEINEK EMAN BEHAR DU DIRUA ETA NOIZ?

Hona desadostasun eta eztabaida handienen jatorria: dirua. Jakina denez, erregai fosilen erabileran oinarritutako industrializazioak eta garapenak eragin du klima aldaketa. Munduko herrialde boteretsuenek sortutako arazo bat da, beraz, hein handi batean.

Horren ondorioz, herrialde pobretuek laguntza eskatzen dute bi gauzatarako: batetik, klima aldaketak sor ditzakeen kalteei aurre egiteko; eta, bestetik, erregai fosilen erabileran oinarrituko ez den beste garapen moduetarako egokitzeko eta klima aldaketak eragin ditzakeen kalteei aurre egiteko. Esate baterako, energia berriztagarrien erabilera sustatu eta zabaldu behar badute, inbertsio ekonomiko eta teknologikoak egin behar dira, eta horiek ez daude, gaur egun, herrialde horien esku. Egoera horri aurre egiteko Funts Berdea sortzea erabaki zuten Cancunen (Mexiko), 2010ean. Han adostu zuten urtean 100.000 milioi dolarreko ekarpena egitea urtero, 2020tik aurrera.

Orain arte 10.000 milioi besterik ez dute bermatu, alegia, %10. Ban Ki Moonek berak dei egin die herrialde aberastuei bide horretan ekarpenak egiteko: «100.000 milioiak lortzeko bidea zehaztu behar dugu. Dei egiten diet herrialde garatuei helburu hori bete eta gainditzeko». Edozein kasutan, Europako Batasuna, AEBak, Kanada eta beste herrialde garatuak ez daude norabide horretan arraun egiteko prest, orain arte erakutsi duten jarrera aldatzen ez bada, behintzat.

1992tik, Lurraren Rioko goi bileraren ondorioz, NBEk herrialde industrializatuen eta garapen bidean diren herrialdeen arteko ezberdintasuna aintzat hartu zuen. Alabaina, Europako Batasunak eta AEBek ezberdintze hori ezabatzea nahi dute, zeren horren arabera, bakarrik herrialde industrializatuek hartu behar dituzte euren gain isurketak murrizteko konpromisoa eta klima aldaketak sortzen dituen arazoei aurre egiteko behar diren inbertsioen zama: uzten galera, estres hidrikoa, itsasoaren mailaren igoera, desertifikazioa eta zientzialariak iragarritako beste hamaika.

3. ZENBAT MURRIZTU BEHAR DITU HERRIALDE BAKOITZAK BERE ISURKETAK?

Horra buruhauste handia dakarren beste gaietako bat. Nola neurtu herrialde bakoitzak azken helburura iristeko —tenperatura ez igotzea industria aroaren hasieran baino bi gradu gorago— egin beharreko ahalegin eta hartu beharreko konpromiso zehatzak.

Oraingoz, Europako Batasunak konpromisoa hartu du 2030erako bere isurketak %40 gutxitzeko, eta AEBek, %28 hemendik 2025era bitartean, 2005eko isurketen aldean. Hain zuzen ere, AEBek munduko beste isurle nagusiarekin, Txinarekin, azaroan sinatutako akordioan hitzeman zuten hori.

Txinak ere konpromisoa hartu du 2030etik aurrera bere isurketak gutxitzen hasteko. Bi herrialde horiek dira berotegi efektuko gasen ia erdien erantzuleak. Beste herrialde kutsatzaile indartsu batzuek —Kanadak eta Australiak, esate baterako— oraingoz ez dute azaldu isurketak gutxitzen hasteko borondaterik. Gainera, konpromisoak zehazteko orduan hasten dira arazoak. Hori dela eta, Liman lotu nahi dute hartzen diren konpromisoak «zenbatzeko, neurtzeko eta konparatzeko» modu erraza izatea.

4. ZERTAN DAUDEN ADOS?

Gauza orokorren gainean daude ados herrialde guztiak: klima aldaketa eztabaidaezinezko errealitate bat dela, erregai fosilen erabilerak —alegia, gizakiaren jardunak— eragin duela, eta presazkoa dela erantzun bat ematea, zientzialariek marra gorritzat jo duten bi graduko tenperaturaren igoera saihesteko. Esate baterako, Limako goi bileran herrialdeak ados jarri dira basogabetzeari aurre egiteko. Basogabetzeak eragiten du berotegi efektuko gas isurketaren erdia Hego Amerikan, adibidez. Bada, eremu horretako zazpi herrialdek soildutako 20 milioi hektarea baso lehengoratzea hitzartu dute: Peru, Mexiko, Guatemala, Kolonbia, Ekuador, Txile eta Costa Ricak lortu dute akordioa. Brasil, alegia, basogabetzearen eragile nagusia inguru horretan, akordiotik kanpo geratu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iñaki Petxarroman

Informazio osagarria