Eusko Jaurlaritza. 80. urteurrena

«Eredua» gobernua osatzeko

Jose Antonio Agirrek lehendakari kargua hartu zueneko 80. urteurrena ospatu du Eusko Jaurlaritzak. Lehen gobernuak lortutako ezberdinen arteko batasuna goraipatu, eta gaurko eredu gisa ipini dute

5. Legebiltzarra. Bost alderdi nagusietako ordezkariak ere gonbidatu zituzten. Irudian, ezkerretik hasita, Pastor, Ortuzar, Otegi, Zabala eta Barrio. MIGUEL TOÑA / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gernikako arbola zaharrean aginte makila bana hartu eta berriaren oinetara eroan, Jose Antonio Agirrerenarekin batera jartzeko. Bizirik dauden bost lehendakariak bat eginik, karguan aitzindari izan zutena gogoan. Iñigo Urkullu jarduneko gobernuburuak lehen Eusko Jaurlaritza haren osaera azpimarratu du: «Pentsaera ezberdinekoek osatutakoa, elkarlanean eta adostasunean aurrera egiteko eredua». Batasuna izan da gehien errepikatutako berba adierazpen ofizialetan zein bestelakoetan. Agirrek lehendakari karguaren zina egin zueneko 80. urteurreneko ospakizuna, bada, batasunaren laudatze ekitaldia izan da. Atzo izan zuten gogoan gertaera hura, Gernika-Lumoko (Bizkaia) batzar etxean egindako zeremonian.

«Gernikako arbolapean, elkarrizketaren, akordioaren eta emandako hitzarekiko leialtasunaren balioa partekatzen dugu», aldarrikatu zuen Urkulluk, ekitaldi bukaerako berbaldian. Orduan bezala, orain ere «espiritu hori beharrezkoa» dela iruditzen zaio. «Programa sendo baten bidez gidatu zuen bere bete beharra: pertsona ardatza eta gizarte oreka, elkarrizketa eta elkarlana, Euskadiren erakundetzea, demokrazia eta askatasuna; esan eta izan. Etorkizunari begira eratu zen Eusko Jaurlaritza».

Urkulluren ustetan, Agirreren ereduari jarraipena eman behar zaio; hau da, «gizarte eraikuntza eta aberri eraikuntza uztartzen dituen balio sendoetan oinarritutako gobernuari». Bere bokazioa ere «herria zerbitzatzea eta nazioa sortzea» dela esan zuen. Ekitaldi guztiak bukatutakoan erantzun zion Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak: «Gaur egungo egoera ezberdina bada ere, herri honek baditu erronka garrantzitsuak alor ekonomikoan, kulturalean, sozialean eta politikoan. Eta, horregatik, gaur hona gatoz esatera egun ere posible dela aniztasunetik gobernua osatzea. Badira baldintzak halako gobernua osatzeko, edo bestela, gutxienez, tankera hartako akordioak lortzeko».

Berak nahi lituzkeen akordioen zutabeak zein diren esan zuen Urkulluk hitzaldian. «Adostutako euskal autogobernua gaurkotu» nahi duela adierazi zuen, «foruen tradizioarekin bat» egiten duelako, eta orain dela 80 urteko «estatutua ahalbidetu» zuelako. Hain zuzen ere, haren ustetan, gaur egungo erronkak «autogobernua egonkortzea, Euskadi sendotzea, Europaren eraikuntzan parte hartzen jarraitzea eta Basque Country munduan proiektatzea» dira.

Jarduneko lehendakariaren esanetan, lehen Eusko Jaurlaritza izan zen «herria gorpuztu» zuena. «Agirre gure izaeraren ispilua da. Kultura, hizkuntza, nortasuna duen herri baten ispilu. Jaurlaritzaren bidez, gerran, erbestean edo demokrazian hazten den herri baten ispilu. Pertsona oinarri eta ardatz duen gizarte pluralaren ispilu». Lehen lehendakariaren «humanismoa eta bokazio publikoa» ere goraipatu zituen. Esan zuen «askatasunari eta demokraziari emana» bizi izan zela.

Sinbolismoz beteta

Protokolo zorrotzak gidatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan estreinakoz jaieguna izan den ostiral goiza. 1936ko urriaren 7an leku hartan bertan gertatu zirenak errepikatzen saiatu ziren atzo. Agirreren gobernuak Gustavo Maezturen Lirika eta erlijioa obraren aurrean egin zuen lehen argazkia, batzar etxeko leiarpe aretoan; jarduneko Jaurlaritzak irudi hura errepikatu zuen. Ondoren, liburutegian egin zuten lehen gobernu kontseilua; Urkullu ere hantxe elkartu zen bere sailburuekin.

Gernikako 1978ko estatutua onartu zenetik gobernuaren buru izan diren Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Urkullu ez ziren izan atzoko protagonista bakarrak. Gonbidatu zerrenda amaigabea izan zen. Agirreren senideak eta haren gobernuko sailburuenak ere batzar etxean izan ziren. Agintari politikoen artean, azken urteetan karguren bat izan duten gehientsuenak elkartu ziren. Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui eta Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroño ibili ziren anfitrioi lanetan.

Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateekin batera, Getxoko Imanol Landa eta Turtziozko Jose Manuel Coteron ere gonbidatu zituzten: lehena, Agirre Getxoko alkate ere izan zelako; bigarrena, erbestera jo aurretik Jaurlaritzak herri hartan egin zuelako azken bilera. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten bost alderdietako buruak ere izan ziren.

Dena den, ekitaldiko protagonistak Jose Antonio Agirre eta Mari Zabala senar-emazteak izan ziren. Donostiako orfeoiak, Kukai dantza taldeak, Kirmen Uribe idazleak, Xabi San Sebastian musikariak eta ikus-entzunezko emanaldi laburrek lagunduta, lehendakariaren eta haren familiaren erbestealdia kontatu zuten bi aktorek. Antzezpena, oro har, gaztelaniaz egin bazuten ere, bikoteak euskara erabiltzen zuen euren arteko elkarrizketetarako. Gerra bati ihesi joan eta beste batek bete-betean harrapatu zituela kontatu zuten; zelan sufritzen zuten bonbei eskapuan zihoazen errefuxiatuek jasotzen zuten tratu ankerra ikusita; zelan Jose Antonio Lekube lehendakaria Jose Andres Alvarez Lastra mediku panamar bihurtuta Hitlerren Berlinera joan zen. Eta handik New Yorkera. Hain zuzen, Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz izan du izena atzoko ikuskizunak. Ordubete pasatxo iraun zuen.

«Agur eta ohore gure izaeraren ispiluari, Aitaren etxearen eguzki-loreari, gure etorkizunaren gidariari», agurtu zuen Urkulluk ekitaldia. Eta leku hartan egin ohi den gisara, zin egin zuen: «Lehendakariok, sailburuok, herri agintari eta euskaldun guztiok, elkarrekin Euskadiren arima indartzen eta zabaltzen jarraituko dugula agintzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.