Katalunia. Erreferenduma

Prest utzi dute jokalekua

Kataluniako Parlamentuak araudia aldatzea onartu du, independentziarako erreferendumerako legea eztabaida bakarrarekin onartu ahal izateko. Inpugnatzeko aukera aztertuko du Espainiak

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Oriol Junqueras presidenteorde eta Ekonomia kontseilaria, atzo, parlamentuan. ANDREU DALMAU / EFE.
mikel rodriguez
2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Junts Pel Si eta CUP Kataluniako koalizio independentistek parlamentuko araudia aldatzeko asmoa zuten oporrak hartu aitzinetik, erreferendumera deitzeko legea eztabaida bakarraren ondoren bozkatu ahal dadin. Atzoko osoko bilkuran onartu zuten araudiaren aldaketa, eta, horrela, oporretatik itzuli ondoren onartu ahalko dute legea. Betiere, Espainiak hori oztopatzeko moduren bat bilatzen ez badu. Izan ere, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak atzo arratsaldean Estatuko Kontseiluari eskatu zion premiazko adierazpen bat egiteko Kataluniako Parlamentuak onartutako erreformaren inguruan. Auzitegi Konstituzionalera jo aitzineko pausoa izan ohi da. «Uste badugu erabaki horrek araudi autonomikoa edo estatukoa urratzen duela, inpugnatu eginen dugu», adierazi zuen Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak atzo iluntzean.

Nahiz eta atzoko emaitza zein izanen zen lehenagotik jakina izan, oposizioak bat egin zuen independentisten aurka, eta gogor erantzun zien. «Zuentzako demokrazia ez da helburu bat, bitarteko bat baizik, eta demokraziarekin ezin dituzuenez zuen helburuak lortu, araudia nahieran aldatzen duzue», egotzi zien Jose Maria Espejo-Saavedra Ciutadans oposizioko alderdi nagusiko parlamentariak. «Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak bozkatuko duena onartuko duzue?», galdetu zion Roger Torrent Junts Pel Siko ordezkariak oposizioari. «Onartuko duzue Kataluniako herritar gehienek hautetsontzietan erabakiko dutena?».

«Deskonexio espresa»

Junts Pel Sik eta CUPek hilaren 4an aurkeztu zuten independentziarako erreferendumera deitzeko onartu nahi duten legea. Hori indarrean sartu ahal izateko lehenbiziko pausoa eman zuten atzo. 72 diputatu independentistek bozkatu zuten parlamentuko araudia aldatzearen alde, eta Espainiaren batasunaren aldeko 63ek aurka —Ciutadansekoek, PSCkoek, Catalunya Si Que Es Pot-ekoek eta PPkoek—. Kataluniako hedabide batzuen arabera, araudi aldaketak Espainiarekiko «deskonexio espresa» ahalbidetuko du. Erreformarekin hogei artikulu inguru aldatu dituzte, baina 135.aren aldaketan dago gako nagusia.

Lege proposamenen irakurketa bakarra arautzen du artikulu horrek, eta, aldaketarekin, talde bakarrak zuzenean osoko bilkurara eraman ahalko du lege proposamen bat, orain arte igaro behar zituen prozedurak igaro beharrik gabe. Espainiako Kongresuak ere arau berbera dauka indarrean, baina Katalunian orain arte salbuespen bat zen irakurketa bakarrarena: soilik Generalitateak aurkeztu zezakeen lege proposamen bat irakurketa bakarrarekin eztabaidatu eta bozkatzeko, edo, bertzela, parlamentuko alderdi guztien babesa behar zuen.

Alderdi independentisten helburua argia da: ahalik eta prozedura motzena paratu nahi diete Erreferendum Legeari eta Trantsizio Juridikoko Legeari, lehenbailehen onartu eta Espainiako auzitegiei ahalik eta denbora gutxien emateko horien aurka jotzeko. Horregatik, bertzeak bertze, araudi aldaketan bildu dute parlamentuaren oporrak lehenago bukatzea; irailaren 1ean itzuli beharrean, abuztuaren 16an itzuliko dira parlamentariak. Erreferendum Legea eztabaidatu eta bozkatzeko datarik ez dago zehaztuta, baina abuztuaren bukaeran eginen dutela espero da. Junts Pel Siko iturrien arabera, lege proposamena bihar edo astelehenean, uztaileko azken egunean, aurkeztuko dute tramitera.

Hala ere, orain arte eman dituzten pauso guztietan bezala, independentistek zail izanen dute Espainiako auzitegien ekinaldiei guztiz ihes egitea. Rajoyk atzo bertan emandako pausoaz gain, Ciutadansek eta PPk jakinarazi zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegite bat paratuko dutela, «parte hartze politikorako eskubidea» urratu zaielakoan.

Zuzenketen eskubidea

Oposizioko alderdiek haien kritiken zati bat justifikatu dute CGE Berme Estatutarioen Kontseiluak araudi aldaketari buruz errandakoarekin —kontsultarako erakunde bat da, eta haren adierazpenak ez dira bete beharrekoak—. CGEk adierazi zuen irakurketa bakarraren inguruko aldaketak ez lukeela Espainiako Konstituzioa urratuko, baina adierazi zuen irakurketa bakarra lege proposamen «sinplifikatuak» direnean bakarrik erabili beharko litzatekeela, bertzela Konstituzioa eta Kataluniako Estatutua urratu litezkeelako, diputatuek zuzenketak aurkezteko duten eskubidea galaraz lezakeelakoan.

Hori dela eta, Junts Pel Sik zuzenketa bat aurkeztu zion araudia aldatzeko proposamenari, eta hor zehaztu zuen lege proposamen bat irakurketa bakarrean onartu litekeela haren «izaerarengatik» egokia den kasuetan, edo CGEk erran bezala proposamen «sinplifikatuak» diren kasuetan. CUPek babestu zuen Junts Pel Siren zezenketa, eta oposizioko ezkerreko bi alderdiek, PSCk eta Catalunya Si Que Es Pot-ek, abstentzioa eman zuten. Oposizioak aurkeztutako zuzenketa bat ere onartu zuten. PSCk aurkeztu zuen, eta, sozialistek diotenez, lege proposamen bat bozkatu aitzinetik, hori aldizkari ofizialean argitaratu beharko da, eta parlamentuko mahaitik igaro beharko da tramitera onartzeko. Zaila dirudi parlamentuko mahaia abuztuko oporrak baino lehen biltzea, beraz, PSCren asmoa litzateke Erreferendum Legearen tramitazioa zertxobait moteltzea. Oposizioko alderdi guztiek bozkatu zuten zuzenketa horren alde, eta CUPek abstentzioa eman zuen.

Gastuen kontrolaren aurka

Kataluniako Gobernuak eta alderdi independentistek pauso bat eman ahala, Espainiako Gobernuak koska bat igo du erantzunaren maila. Joan den astean Kataluniako Gobernuari gastuen kontrola ezartzea erabaki zuen, aurrekontuen zatiren bat urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko bideratzen ote duten kontrolatzeko. Madrili informazioa emateaz arduratuko diren funtzionarioen izen-abizenak emateko eskatu zion Espainiako Gobernuak Kataluniakoari, baina Oriol Junqueras Ekonomia kontseilariak uko egin zion. Atzora arteko epea zuen izen horiek emateko, eta, hori egin ezean, zigorrak paratuko zizkiola mehatxu egin zion Madrilek Generalitateari. Kataluniako Gobernuak, berriz, gastuak kontrolatzeko erabakiaren aurka helegiteak aurkeztu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalean eta Auzitegi Gorenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.