Katalunia. Espainiaren erreakzioa

Abian da 155a

Autonomia kentzea arautzen duen konstituzioko artikulua aktibatu du Rajoyk, Puigdemonti bortz eguneko ultimatum bat emanda independentzia deklaratu ote duen argitzeko
Mariano Rajoy Espainiako presidentea, atzo goizean, Moncloa jauregian egin zuen agerraldian.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea, atzo goizean, Moncloa jauregian egin zuen agerraldian. ANGEL DIAZ / EFE

Mikel Rodriguez

2017ko urriak 12
«Ministroen Kontseiluak erabaki du Generalitateari formalki eskatzea argitzeko ea Kataluniaren independentzia deklaratu ote duen, alde batera utzita nahita sortu duen nahasmena deklarazioa indarrean sartu ote den ala ez». Mariano Rajoy Espainiako presidenteak konstituzioko 155.a artikulua aplikatzeko bidea hasi zuen atzo. Horretarako lehenbiziko pausoa da autonomia erkidego bateko agintari gorenari jakinarazpen bat ematea, ondoren erabakitzeko neurririk hartu behar ote den autonomia horren aurka. Espainiako Gobernuak astelehenera arteko epea du eman dio Generalitateari. «Puigdemontek erakusten badu legalitatea errespetatzeko borondatea eta normaltasuna berreskuratzekoa, ezegonkortasun, tentsio eta bizikidetza hausturaren aro bat bukatuko luke». PSOE eta Ciudadanos alderdiek babestu dute Rajoyren erabakia, eta Pedro Sanchez PSOEko idazkariak adierazi du akordio bat egin duela Rajoyrekin konstituzioa erreformatzeko aukera aztertzeko.

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak independentzia deklarazio bat egin zuen herenegun Kataluniako Parlamentuan, baina, jarraian, deklarazio hori eteteko eskatu zion parlamentuari, Espainiako Gobernuarekin negoziaziorako bide bat hasteko aukera bilatzeko. Rajoyk ezohiko Ministroen Kontseilu batera deitu zuen atzo goizerako, eta hori bukatuta eman zuen hartutako erabakiaren berri: elkarrizketarako eskaintzari aipamenik ez, eta herenegungoa argitzeko ultimatum bat Puigdemonti. Espainiako presidentearen arabera, «argitasuna eta segurtasuna» bermatu nahi ditu Espainiako Gobernuak, Generalitateak «nahasmena» sortu ondoren. Rajoyk berak ere nahasmena sortu zuen goizean, ez baitzuen argi erran Puigdemonti eginiko eskakizuna 155. artikuluaren aplikazioa zenik, nahiz eta ondoren argitaratutako testu ofizialean hala ageri den.

Espainiako Konstituzioa indarrean sartu zenetik (1978), gobernu bakar batek ere ez du aplikatu 155. artikulua. Kataluniako Gobernuaren erantzunak Espainiakoa gogobeteko ez balu —edo erantzunik jasoko ez balu—, Generalitateak heldu den ortzegunera arteko epea izanen du «deklarazio hori bertan behera uzteko, konstituzioaren eta estatutuaren ordena berrezartzeko». Horren ondotik ere konforme ez balego, artikuluaren hurrengo fasea aplikatu liteke: Rajoyk Senatuan proposatu ditzake Kataluniako autonomia erranetara paratzeko «beharrezko neurri guztiak», goi ganberak erabaki dezan horiek onartu ala ez. Kontuan hartuta PPk gehiengo osoa duela Senatuan, ez luke arazorik izanen baimena ziurtatzeko. 155. artikulua anbiguoa da, eta zuzenbidean aditu direnen artean ere ez dago kontsentsurik haren mugak eta ahalmenak zehazteko orduan, baina argi dago autonomia bat desegiteko eskumena ematen diola Espainiako Gobernuari.

Sanchez PSOEko idazkari nagusiak goizean argi zuen 155. artikulua «aktibatu» berri zuela gobernuak, eta presidentearen erabakia babestu zuen. Hala ere, Sanchezek uste du «bertze gauza bat» dela artikulua «aplikatzea». Herenegun arratsean, Rajoyk Moncloan hartu zuen oposizioko lider nagusia, eta, atzo, gobernuarekin erabat lerratu zen Sanchez. Haren ustez, orobat, Puigdemontek «argitu» egin behar du zer erran zuen herenegungo agerraldian. Gainera, PSOEko idazkari nagusiak adierazi du «erantzuten duenaren arabera» Kataluniako presidentea izanen dela «zuzenbide estatuaren erantzunaren arduraduna». Sanchezen ustez, Puigdemontek Espainiako Kongresura agertu behar du «bere proiektu politikoa azaltzera».

Konstituzioaren erreformaz

Kontraerranen batean ere erori da Sanchez, Puigdemonti argibideak eskatu arren, PSOEko idazkariak ziur ikusi baitu herritarrek «arnasa lasai» hartu zutela herenegun arratsean, «itxura guztien arabera independentzia deklarazioaren mehatxua eta estatuaren haustura alde batera gelditu direlako». Ez hori bakarrik, Sanchezen ustez «milioika eta milioika espainiar eta ehunka milaka katalan ohatzera lasai» joan ziren herenegun.

Ekinbide politiko baten berri ere eman du PSOEko idazkari nagusiak. Erran du Rajoyrekin hitzartu duela Kongresuan batzorde bat sortzea Espainiako Erresumaren «lurraldetasun eredua» aztertzeko. Sei hilabete iraunen luke batzorde horrek, eta hortik ateratako ondorioen arabera, «beharrezkoa balitz» konstituzioa erreformatzeko prozesu bat hasiko lukete.

«Inongo balio juridikorik»

Sanchezenarekin batera, Rajoyk Albert Rivera Ciudadanoseko buruaren babesa du. Riverak denbora zeraman 155. artikulua aplikatzeko eskatzen, eta pozik agertu da Rajoyk «gogoeta» egin duelako. PSOEk proposatutako batzordea onartzeko prest dago, eta konstituzioaren erreforma baten alde eginen lukeela erran du «espainiar guztien arteko berdintasuna bermatzeko». Espainiako hirugarren indarrari, Unidos Podemos koalizioari dagokionez, Alberto Garzon IU alderdiko buruak «neurrizko baikortasuna» agertu zuen atzo eguerdian, ez delako izan «alde bakarreko independentzia deklaraziorik», eta Rajoyk Puigdemonti eskatutako azalpenak ez direlako «155. artikuluaren formalismo juridikoetan sartzen». Elkarrizketarako aukera dagoela uste du.

Hain zuzen, independentzia deklarazioari dagokionez, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du ez duela «inongo balio juridikorik», eta Auzitegi Konstituzionalak deskonexio legeei ezarritako debekuak indarrean daudela erran du. Horrez gain, bertze erabaki bat ere hartu du: eskuin muturreko Vox alderdiak Puigdemonten aurka aurkeztu zuen kereila bat onartu du. Desobedientzia, prebarikazioa eta diru funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatu dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria