Kolonbiako bake prozesua. Akordioaren urteurrena

Hitzartutakoa negoziatzen

Urtebete egingo du etzi Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak bake akordioa sinatu zutela, baina hitzartutakoa ez da betetzen ari, gerrillariek eta giza eskubideen aldeko taldeek salatu dutenez

Juan Manuel Santos presidentea eta Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko burua, ekainean, gerrillariek armak entregatu zituztela ospatzeko ekitaldian. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Bogota
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Kolonbiako gizartean sentipenen nahasketa eragiten du gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioa sinatu zeneko urteurrenak. Juan Manuel Santos presidentea saiatzen ari da barne arazoak apaintzen, eta nazioartera begira lasaitasun eta konfiantza mezua zabaltzen. Gerrillako buruzagiek ohartarazi dute beldur direla hitzartutakoa ez ote den aldatuko. Biktimek itxaropena eta gorrotoa dituzte. Hiri nagusietan, bakeak mamirik gabeko eslogan bat dirudi; gatazkak kalte gehien egindako eremuetan, berriz, salatzen ari dira bortizkeria ez dela eten. Oposizioa zatiketa baliatzen ari da polarizazioaren sua hauspotzeko.

Kongresuan egiten ari dira eztabaidarik garrantzitsuena. Bertan ezarriko dituzte Bakerako Jurisdikzio Bereziaren irizpideak. Erakunde hori arduratuko da mende erdi baino gehiago iraun duen gatazkaren krimenak epaitzeaz. Uribismoak, Alvaro Uribe presidente ohiaren eta Zentro Demokratiko alderdiaren inguruan sortutako eskuineko mugimendu politikoak, ahal duen guztia egingo du iazko azaroaren 24ko «akordioa birrintzeko». Hala iragarri zuen iazko urriaren 2ko plebiszituaren ondoren. Irabazi egin zuen, boto gutxigatik izan bazen ere.

Alvaro Uriberen aldekoen helburua da onartezinak iruditzen zaizkien puntuak aldatzea: kosta ahala kosta eragotzi nahi dute militarrak, poliziak eta estatuko segurtasun indarrak FARCeko kideekin parekatzea; ez dute onartzen gatazka urteetan legez kanpoko ekintzetan parte hartu zuten enpresariak deklaratzera deitzea; ahalik eta gehien oztopatzen ari dira gerrillarien buruzagiak politikan sartu ahal izatea; eta eragin egin nahi dute justizia bereziaren barruan epaiak eman behar dituzten epaileen aukeraketan.

Eskaera horiekin bat egin dute beste indar politiko batzuek ere. Batzuk espero ziren: Alderdi Kontserbadorea, esaterako. Beste batzuk ez: German Vargas Llera, presidenteorde ohia eta gobernuaren ingurukoa. Kargu garrantzitsuak izan zituen Santosen aginduetara: Barne, Justizia eta Etxebizitza ministro izan zen.

Aldaketa Erradikala alderdiaren liderra da, eta faboritoetako bat 2018ko maiatzaren 27an Kolonbian presidentea aukeratzeko egingo diren hauteskundeetarako —bigarren itzulia behar izanez gero, ekainaren 17an izango da—. Bake prozesuak aldaketak izan ditzake bozen emaitzen arabera.

Aldaketak justizian

Senatuak azaroaren 15ean bozkatu zuen Bakerako Jurisdikzio Berezia. Auzitegi Konstituzionalak, baina, hainbat aldaketa egin dizkio, sotilak baina funtsezkoak, eta horrek asaldura eragin du. Erakutsi baitu bake akordioetan sinatutakoa alda daitekeela.

Aldaketa polemikoenetako baten arabera, Bakerako Jurisdikzio Bereziko epaileen artean ezingo du egon ez azkeneko bost urteetan gatazkarekin lotutako kasuren bat izan duen abokaturik, ez estatuaren kontra giza eskubideei lotutako helegiterik jarri duen abokaturik. Neurri horren ondorioz, kanpoan geratuko lirateke, gutxienez, jada 51 epaile postuetarako aukeratuetako hamar. Guztira 38 epaile titular eta hamahiru ordezko aukeratu dituzte 2.328 hautagairen artean.

«Ez da posible neurri horretako erantzukizuna izan behar dutenek ez edukitzea inhabilitaziorik eta bateraezintasun araudirik, Kolonbiako edozein langile publikok daukan moduan». Vargas Lleraren iritzia da, neurriaren bultzatzaileetako batena.

Auzitegi Konstituzionalak onartutako aldaketen arabera, FARCeko gerrillariren batek delituren bat berriz egiten badu, justizia arruntak epaituko du eta galdu egingo ditu Bakerako Jurisdikzio Bereziaren onurak. Neurri hori ezarriko diete baita dirua zuritu dutenei, droga salerosketan aritu direnei eta behartutako desagertzeak egin dituztenei ere.

«Erronka nagusienetako bat da gutxieneko justizia estandar bat bermatzea; bestela, iseka egingo diote biktimen duintasunari eta arriskuan jar dezakete bake egonkorrerako aukera». Jose Manuel Vivancoren hitzak dira, Human Rights Watch erakundearen Amerikarako ordezkariarenak.

«Zoritxarrez», jarraitu du, «orain arte, bake akordioko neurriak ezartzeko legediak, akordioaren arazo larriak konpondu beharrean, hutsune gehiago sortu ditu, benetako justizia bat lortzeko aukerak gutxituz».

Human Rights Watchek bake prozesuaren jarraipen kritikoa egin du, prozesua 2012an Habanan abiatu zenetik. Hilabeteotako agirietan dio kezkatuta dagoela justizia kontuengatik: besteak beste gerrako krimenen egileak krimenaren neurriko zigorra jaso gabe gera daitezkeelako —izan gerrillakoak, izan estatuaren indarretakoak edo beste batzuk—. HRWk salatu du anbiguotasuna dagoela legez kanpoko ekintzen «aginte ardurei buruz», eta horrek «larriki» ahultzen duela egindakoagatik ordaindu beharra eta kontraesanean dagoela nazioarteko zuzenbidearekin.

Gerrillari ohientzat Bakerako Jurisprudentzia Bereziaren aldaketek «saldu» egin dute Santos presidentearekin sinatu zuten akordioa. «Jurisdikzioaren helburua zen epaitzea gatazkan zuzenean edo zeharka inplikatutako guztiek egindako krimenik larrienak; baina orain FARCeko gerrillari ohiak bakarrik epaituko ditu. Nabarmen urratu dute bi aldeok hitzartutakoa». Hala idatzi du Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruzagi ohiak, Nazio Batuen Erakundera bidalitako gutun batean. FARCeko ordezkariak beldur dira, justiziako akordioen aldaketen eraginez buruzagiak Ameriketako Estatu Batuetara estraditatu ditzaketelako.

Gerrillako buruzagi ohia da Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdi berriaren hautagaia —FARC siglei eutsi diete— Kolonbiako presidentetzarako. Salatu du, lehen, bake akordioaren arabera, kargu bakarra zegoela Bakerako Jurisprudentzia Bereziak epaitu ezin zezakeena: Kolonbiako presidentea edo presidente ohiak. Orain, ordea, zerrenda zabaldu egin dute, eta sartu egin dituzte estatuaren ordezkari zibil guztiak: ministroak, diputatuak, fiskalak, prokuradoreak eta gobernadoreak. «Ukiezinen talde bat sortu dute», Londoñoren iritziz.

Ohartarazpen bat egin du: bake akordioak errespetatzen ez badira, katramilatu egin ditzakete gobernuak herrialdeko bigarren gerrillarekin, ELNrekin, Ekuadorren dituen negoziazioak. Bi aldeek su-etena hitzartu zuten urtarrilaren 8ra arte. «Norbaitek zioen Quitoko Mahaian egiten denaren erdia dagokiola estatuak FARCekin hitzartu zuena betetzeari, eta ez dut uste oso oker dabilenik».

NBEra bakarrik ez, FARCek Nazioarteko Zigor Auzitegira ere jo du aste honetan, Auzitegi Konstituzionalak onartutako aldaketak salatzeko. Herritarrak ere ari dira euren haserrea erakusten. Kazoladak egin zituzten atzo Bogotan eta Calin Bakerako Jurisdikzio Bereziaren alde, eta mobilizazio erraldoia antolatu dute etzi, bake akordioen lehen urteurrenean.

Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidenteak Kongresuari eskatu dio bete dezala gerrillarekin sinatutakoa eta errespeta dezala Bakerako Jurisprudentzia Berezia. Santosentzat erakunde hori da «akordioaren bizkarrezurra». «Biktimekiko daukagun ardura da». Presidenteak Tomochenkorekin bilera egingo du etzi, «arazoak hitz eginez konpontzen direlako».

FARCeko ordezkari ohiek 2018ko hauteskundeetan bemartuta izango dituzte bost ordezkari Senatuan eta Ordezkarien Ganberan. Baina haien kontrakoek, Uriberen aldekoek eta beste zenbait sektore kontserbadorek, ez dute onartzen gerrillari ohiek politika egin ahal izatea kartzela zigorrik bete gabe. «Hala esan nion Timochenkori ikusi nuen lehen aldian: agian inoiz ez naiz bat etorriko zure pentsamoldearekin, baina armak uzten badituzue eta konpromisoa hartzen baduzue egiarekin eta biktimekin, hiltzeko prest nengoke zuen iritzia askatasunez plazaratu dezazuen demokraziaren foroetan».

Hutsune gehiago

«Kongresuari exijitzen diogu ez dezala aldatu bake akordioaren lerro bakar bat ere». Ivan Marquez FARCeko buruzagi ohiak egin zuen eskaera, FARCen alderdi berriaren hautagaien aurkezpenean, azaroaren 1ean, Bogotan. «Bake akordioa indarrean ezartzea negoziazio berri nazkagarri bat bihurtu da», laburbildu zuen Jesus Santrichek, gerrillaren buruzagi historikoak. Ekainaren amaieran gose greba bat egin zuten, salatzeko ez zirela betetzen ari Amnistia Legea (2016ko abenduaren 30ekoa), eta ez zituztela aske utzi delitu politikoengatik preso zeuden FARCeko kideak.

«Ziabogarik egiten ez bada, bake prozesua amilbide bat izango da», Santrichen iritziz. FARCeko 3.400 presoetatik mila baino gehiago daude kartzeletan. Armak utzi zituzten 7.000 gerrillarietatik gehienak desarmatzerako prestatutako eremuetan daude oraindik, ez aurrera, ez atzera, estatuak ez dielako alternatiba bideragarririk eskaini. Bakearen Hiri deitzen diete orain. NBEren Kolonbiarako misioko buruak, Jean Arnaultek atzo emandako datuen arabera, gerrillari ohien %45 dira.

FARCeko ordezkariek kezka gehiago dituzte: 32 gerrillari hil dituzte zigorren barkemana jaso eta kalera atera eta gero. Kopuru horri gehitu egin behar zaizkio eguna joan eta eguna etorri hiltzen dituzten gizarte buruzagiak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak. Urtebetean 89 hilketa eta 282 eraso gertatu dira Kolonbian, gehienetan zigorrik gabe, Bakea eta Adiskidetzea Fundazioaren datuen arabera.

«Ezin dugu onartu Batasun Patriotikoaren sarraskia errepikatzea». Imelda Dazak badaki zertaz ari den. Bizirik atera zen UP Batasun Patriotikoko kideen kontrako hilketa selektiboetatik, eta FARCeko hautagaia da Kolonbiako presidenteorde izateko. UP mugimendu politikoa 1980ko hamarkadaren erdian sortu zuten, zenbait gerrilla desmobilizatu eta gero. «Tragedia hark milioi erdi erbesteratu sortu zituen, baina inork ez du horretaz hitz egiten. Neronek Suedian bizi behar izan nuen 26 urtean, eta 2015ean itzuli nintzen, sinetsita herrialde berri bat eraiki genezakeela».

Alarma

Giza laguntzarako nazioarteko hainbat erakundek ohartarazi dute alarma egoera gero eta larriagoa dela Kolonbiako hainbat eskualdetan. Zenbait talde armatu lehian ari dira lurralde horiek edo bertako legez kanpoko negozioak kontrolatzeko: ELN; paramilitarren oinordeko bandak, Golkoko Klana, esaterako; eta ildo ofizialarekin bat egin ez duten FARCeko kideak.

Kolonbiako eremu zabaletan bortizkeria ez da apaldu, areagotu baizik. Hala gertatu da Pazifikoko kostaldean; Santander iparraldean, Kolonbiako mugaren ondoan; Bajo Caucan, herrialdearen barnealdean; eta hegoaldeko departamentuetan, Metan, Putumayon eta Caquetan. Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute nazioartean zabalduta dagoela Kolonbian bakea lortu dela, eta hori giza laguntzarako nazioarteko inbertsioa itotzen ari dela.

2018ko presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak funtsezkoak izango dira bakea egonkortzeko edo ahultzeko, Santosek esanak esan: «Hau atzeraezina da. Ez dio axola abuztuaren 7an nor iritsiko den, hau ezin da geratu. Onartezina litzateke atzera egitea». Uriberen aldeko edo bake akordioaren kontrako hautagairen batek irabaziz gero, ordea, arriskuan jarriko luke egoera hauskorra, gobernuak «postgatazka» deitzen duen. Bi bando handi egongo dira, plebiszitoan sortu ziren berberak. Hautagaiek borroka politikoa hastea falta da. Hurrengo hilabeteak erabakigarriak izango dira Kolonbiako gizartearen etorkizunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.