Katalunia

Puigdemontek ukatu egin du presidente izendatua izateko amore eman duela

JxCko hautagaiak ustez Comini bidalitako mezu pribatu batzuk argitaratu ditu Espainiako kate batek. Mezuen arabera, Puigdemontek erran du «sakrifikatu» egin dutela

mikel rodriguez
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Presidentea izendatzeko inbestidurarik gabe. Diktadura bukatu zenetik lehenbiziko aldiz, horrelaxe bukatu da parlamentua osatu ondorengo legezko epea Katalunian. Egoera juridiko eta politiko ezezagunean murgildu da herrialdea, eta ondoriotzat utzi du, bertzeak bertze, alderdi independentisten arteko tentsioak modu argiagoan azaleratzea. Espainiako telebista kate batek atzo argitaratu zuen «esklusibak» gehitu dio azken osagaia egoera nahaspilatuari. «Suposatzen dut argi duzula hau bukatu dela. Gureek sakrifikatu gaituzte, ni bederen». Carles Puigdemont presidentetzarako hautagaiak Toni Comin Osasun kontseilari zenari ustez bidalitako mezu pribatuetako bat zen hori, eta, horien arabera, Puigdemontek onartu zuen «Moncloaren planak irabazi» egin duela. Berri hori argitaratu ondoren, presidentetzarako hautagaiak Twitter bidez adierazi zuen ez duela «gibelera» egiteko asmorik, baina zalaparta mediatikoak independentisten konfiantzari kalte egin dio, eta Espainiako Gobernuak eta unionistek presioa areagotzeko baliatu dute.

Kataluniako prozesua «bukatu» eginen dutela, horixe iragarri zuen Espainiako Telecinco kateak ustez Puigdemontek idatzitakoak ziren mezuen berri eman behar zuenean. Kate horrek dioenez, Cominen telefonotik grabatu zituzten mezuak, Bruselan —Puigdemont bezala, Comin ere han dago erbesteratuta iazko urriaz geroztik—. Iturri horrek azaldu duenez, Carles izenarekin gordetako kontaktu batek idatzi zion Comini. «Katalunia errepublikanoaren azken egunak bizitzen ari gara», mezuarekin hasi zuen elkarrizketa, eta, bertzeak bertze, erran zion espero duela «guztiak» espetxetik atera ahal izatea, «bertzela lotsagarrikeria historiko bat» gertatuko litzatekeelako.

Cominen abokatuak, Gonzalo Boyek, berehala erantzun zion Telecincok argitaratutako berri horri. «Mezuak testuingurutik kanpo eman dituzte», erran zion Catalunya Radiori. Gainera, jakinarazi zuen Cominek kereila bat aurkeztuko duela kate horren aurka. Puigdemontek, berriz, berriak jada oihartzun handia hartu zuenean erantzun zuen. «Kazetaria naiz, eta beti ulertu dut mugak daudela, pribatutasunarena bezala, eta inoiz ezin dira urratu. Gizakia naiz, eta une batzuetan nik ere zalantza egiten dut. Presidentea naiz baita ere, eta ez naiz uzkurtuko, eta ez dut gibelera eginen, herritarrekiko eta herrialdearekiko errespetuagatik, eskerragatik eta konpromisoagatik. Jarraituko dugu».

Auzitegi Konstituzionalak herenegun hamar eguneko epea eman zuen alegazioak aurkezteko, eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak adierazitakoaren arabera, litekeena da epe hori bukatu arte erabakirik ez hartzea inbestiduraren inguruan. JxC Junts Per Catalunyako eta ERCko ordezkariek atzo arratsaldean bilera bat egin zuten parlamentuan, konfiantza berrezarri eta estrategiaren bat hitzartzen saiatzeko.

Espainiako Gobernuak, ordea, presioa handitzeko baliatu du egoera. «Pribatuan erraten duena, erran dezala jendaurrean», erran zion atzo Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak Puigdemonti. Iazko abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren, presidente izendatzeko behar adina babes duen hautagai bakarra bada ere, Madrilek nola edo hala eragotzi nahi du Puigdemonten inbestidura, eta Saenz de Santamariak Torrenti eskatu dio bertze bilera sorta bat hasteko, bertze hautagai bat proposatzeko. «Ezin da sinetsi ehun diputatu baino gehiagoren artean ez dagoela inor elkarrizketaren eta kontsentsuaren bidea hartuko duenik».

PPk behin baino gehiagotan hauteskundeen irabazleari, Ciutadansi, erran dio Ines Arrimadasen hautagaitza aurkezteko, baina hark uko egin dio, jakitun baita diputatu unionista guztien botoekin ere ez lukeela lortuko gehiengoaren babesik. Arrimadasek atzo bat egin zuen Saenz de Santamariarekin, eta prozesua «iruzur bat» izan dela errateko eskatu zien alderdi independentistei. Presio politikoez gain, ordea, presio judizial gehiagori aurre egin beharko diete buruzagi independentistek, El País egunkariak argitaratutakoaren arabera. Izan ere, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailea auzipetuta dauzkan ordezkariak inhabilitatzeko asmotan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.