Uztarri lanean segitzeko prest

Erakunde internazionalistaren aurkako prozesu judiziala gainditu eta «hausnarketa estrategikoa» amaitu berritan, 2017ko brigaden kanpainari ekin dio Askapenak. Europako herrien borrokei arreta handiagoa jarri nahi diote aurrerantzean, eta horren isla dira Italia eta Bretainiako brigadak.

Izaskun Goienetxea eta Iraitz Gesalaga Askapenako kideak Gasteizen, ostegunean, aurtengo brigaden kanpainako kartel banarekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Gasteiz
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Garai berezian dago Askapena. Iazko brigadak aurkeztean, erakunde internazionalistari buruzko sententzia ematekoa zen Espainiako Auzitegi Nazionala: bost militante kartzela arriskuan ziren, eta Askapena, Herriok Harro eta Askapeña legez kanporatzeko eskaerapean. Absoluzioa lortu zuten iazko otsailean. Martxoan Altsasun (Nafarroa) egindako Garaipen Festarekin «ziklo bat amaitu», eta aurrera begira jarri ziren. Baina ez soilik prozedura judiziala gainditu dutelako.

Izan ere, aurten beteko ditu 30 urte erakunde internazionalistak, eta, 2011n bezala, «hausnarketa estrategiko» bat egitea egokitu zaie, egoera politiko berrira moldatzeko. Urte osoan emango dute ondorio guztien berri, baina nondik norako batzuk azaldu dituzte Askapenako kide Iraitz Gesalagak eta Izaskun Goienetxeak. Europari gehiago begiratu nahi diote, eta herri mugimendu izaera indartu nahi dute. Azken hiru hamarkadetan bezala, internazionalismotik «borrokak uztartzen» segituko du Askapenak.

2010ean egin zuen Espainiako Poliziak Askapenaren aurkako sarekada. «Aurrena esan behar da eraso bat izan zela», dio Gesalagak: «Herri honen aurkako errepresio estrategiaren barruan egin zuten. Ez da kasu bakana izan». Aitortu dute ordutik plangintza eta lan ildoak baldintzatuta izan dituztela. «Damoklesen ezpata gainean duzu beti», dio Goienetxeak: «Zazpi urteotan nahikoa eroa izan da egoera».

Txarrean ere dena ez da kaltea izaten, ordea. Auziari buelta eman nahi izan zioten herri epaiketekin, eta Gesalagak uste du mobilizazioa eta babesa egituratzea «garaipena» izan dela: «Jasotako babesak agerian utzi du gure borrokaren zilegitasuna».

«Garaipen» horren ondoren, aldatu dena ez da Askapena bakarrik izan. «Euskal Herriko egoera ere aldatu da, eta uste dugu horretara egokitu behar dugula».

Europa, «borroka eremu»

Batetik, arreta handiagoa jarri nahi diete Europako herrien borrokei. Gesalaga: «Historikoki, Hego Amerikara begiratu izan da gehiago, eta Europa da gure borroka eremu naturala. Zuzenean eragiten diguten gauza asko hor egosten dira». Bat dator horretan Goienetxea: «Datozen urteetako erronka nagusia da ikustea kapitalaren Europa honetan ere badirela hamaika herri eta borroka, etenik gabe, sistemari aurre egiten diotenak».

Brigadetan hasi da isla izaten gogoeta hori. Italiakoa berreskuratuko dute aurten. Goienetxeak azaldu duenez, besteak beste, ikusi nahi dute ezkerreko mugimenduak nola ari diren kudeatzen migrazioaren gaia. Okupazio mugimenduak Italian duen indarra gogoan, etxebizitzaren gaiari aurre egiteko proiektuak ezagutuko dituzte.

Berrikuntza nagusia, dena den, Bretainiako brigada izango da aurten: Notre-Dame-des-Landesen, Naoned inguruan, aireportu proiektu baten aurka ari dira ZAD Zone A Défendre (babestu beharreko eremua) delakoan bildutako herritarrak. «Nahiko ezezaguna da Euskal Herrian», esan du Gesalagak: «Irakaspen politak egon daitezke: balio dezake, proiektuaren aurkakotasun horretatik, lurraldea nola defendatzen duten ikusteko, proiektu autogestionatu eta alternatiboak ezagutzeko... Eta ohartzeko Frantziako Estatuan ere beste nazio batzuk badaudela».

Euskal Herrirako bertarako ere badu intentzio bat Bretainiako brigadak. Espainiako Estatuko herriekiko elkartasun zubiak indartsu daudela azaldu dute Askapenakoek, baina ez dela berdin gertatzen Frantziako Estatuan. Goienetxea: «Inportantea da Bretainiakoa, lor dezakeelako Hegoaldeko eta Iparraldeko internazionalistak elkartzea. Normalean, brigadetan joaten gara Hegoaldeko lauzpabost lagun, gure errealitatea kontatzen dugu, baina ez da errealitate osoa». Ildo horretatik, Bretainiako brigadak Ipar Euskal Herrian ere internazionalismoaren inguruan saretze bat bultzatzeko balio izatea nahi lukete.

Jaiotzara itzulera

1987an jaio zen Askapena, Nikaraguako iraultza sandinistaren berotan, herri mugimendu gisa. Aurrerago, hainbat eztabaidaren ondoren, «ENAMen barruan kokatzea» erabaki zuten, Goienetxearen esanetan: «Orain, Askapenak itzuli behar du herri mugimendu izaerara, izaera plural eta zabal horretara». Hori du «eremu naturala», Gesalagak azaldu duenez: «Hortik eragin nahi dugu ezker abertzaleko erakundeetan, herri mugimenduko beste eragileetan, gai internazionalak lantzen dituzten taldeetan...».

Iaz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian egindako lana jarri du Askapenako kideak adibide gisa: nazioarteko gai zehatzak lantzen dituzten elkarte ugarirekin batera, konpromiso batzuk eskatu zizkieten alderdiei. «Harago joan behar dugu egunerokoan. Gure helburuak argi izanda: Euskal Herri independente, sozialista eta internazionalistaren alde ari gara, eta bidelagun ezberdinak izango ditugu hor».

Bide horretan jarraitzeko, Borrokak uztartzen aukeratu dute lelo gisa. «30 urtez aritu gara borrokak uztartzen, eta horretan jarraituko dugu». Argentina, Uruguai, Bolivia, Brasil, Mexiko, Venezuela, Kuba, Bretainia, Herrialde Katalanak, Palestina... Bada nondik hasi. Herriz herriko aurkezpenak egiten hasiak dira, eta horretan segituko dute martxoan. Parte hartzeko, apirilaren 16rako eman behar da izena [email protected] helbidean.

Brigaden «garrantzi politiko eta kolektiboa» nabarmendu du Goienetxeak: «Nahiz eta taldean joan, zeu itzultzen zara, esperientzia pertsonal horrekin, eta zeuk kolektibizatzen duzu hori, zure auzoan, herrian, lantokian...». Gesalagaren hitzetan, esperientzia politikoa izanik ere, hori baino gehiago ematen du brigada batek: «Bihotzera iristen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.