Polizia gehiegikerien balorazio batzordeak gaur egingo du lehen bilera

Espainiako Gobernuak iaz jarri zion helegitea Poliziaren Biktimen Legeari. Sanchezek helegitea kentzea adostua du Urkullurekin

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2018ko uztailak 10
Duela bi urte onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 1978tik 1999ra Espainiako Estatuko funtzionarioek eragin zituzten biktimak aitortzeko legea, eta duela urtebete jarri zion helegitea Espainiako Gobernuak. Eguna ere halakoxea izan zen hura (maiatzaren 5a): Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria legebiltzarreko kontrol saioan kupoari eta estatuko aurrekontuei buruz lortutako akordioa defendatzen aritu baitzen goizean —PPrekin «negoziatzen» jarraitu nahi zutela zioen, «emaitzak oso positiboak» zirela—, eta eguerdian jakin zen Mariano Rajoyren gobernuak Poliziaren Biktimen Legeari helegitea jarri ziola Auzitegi Konstituzionalean. Hurrengo egunean bertan salatu zuen erabaki hori Jaurlaritzak, eta Jonan Fernandez Bizikidetzarako idazkariak iragarri zuen legea garatuko zutela, etenda ez zeuden ataletan. Atal horietako bat da balorazio batzorde baten sorrera. «Sorrera bera ez baitago etenda, haren egitekoari buruzkoa da eztabaida», esan zioten atzo BERRIAri Eusko Jaurlaritzako iturriek.

Ekainaren 19an argitara emandako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian datoz jasota balorazio batzorde horren egitekoak. Aldizkarian argitzen da, iazko uztailean onartutako legean, 16. artikuluan, jasotzen dela balorazio batzorde baten sorrera «balorazioak eta proposamenak egiteko zeregina duena», eta argitzen da legea EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko dela.

Batzordeko kideak aukeratzeko prozedura ere ezartzen da. Giza Eskubideen zuzendaritzako kide bat, Eusko Legebiltzarrak proposatutako hiru, Jaurlaritzararen bizikidetza idazkariak proposatutako hiru, Medikuntzako Euskal Insitutuko hiru kide, eta idazkari bat. Nabarmentzekoak dira Jaurlaritzak izendatutako adituen artean Jon Mirena Lana eta Sabino Ormazabalen izenak, eta legebiltzarrak izendatutakoen artean Paco Etxeberriarena. Gaur egingo dute lehenengo bilera.

PPren gobernuak legeari helegitea jarri zionean argudiatu zuen epaileei dagokiela delituen ikerketa, erreparazioa eta errekonozimendua, «ez balorazio batzorde bati». Sanchezek ekainaren 25ean Urkullurekin egindako bileran agindu zion aldebiko batzordea deituko zuela uztailean, PPk lege horri jarritako helegitea kentzeari bide emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna