Irakurle izango zirenak, lehen albistea idazten

Duela 25 urteko udaberrian, 'Euskaldunon Egunkaria' sortzeko dirua biltzeko kanpaina egin zuten. Helburu horrekin, Euskal Herriko auzo eta herrietan 185 batzorde eratu ziren. 3.000 boluntario inguru ibili ziren euskarazko egunkari nazionalaren proiektua ezagutarazten. Egunkaria Egunak ere antolatu ziren.
<b>1. Festa.</b> Hainbat herritan Egunkaria Egunak ospatu zituzten. Proiektu berria ezagutaraztek eta dirua biltzeko ekitaldiak izan ziren.
1. Festa. Hainbat herritan Egunkaria Egunak ospatu zituzten. Proiektu berria ezagutaraztek eta dirua biltzeko ekitaldiak izan ziren. Egunkaria

Ibai Maruri Bilbao -

2015eko ekainak 24
Agian ezinezkoa izango zen Eusko Jaurlaritzak egingo zukeen erakoa martxan jartzea. Baina, gure baldintza pobre eta militanteetan, ikusten genuen posible zela euskarazko egunkari bat sortzea. Eta, gainera, beharrezkoa zela». Hala, Argia-n lanean zebilen kazetari gazteen talde batek aspalditik aldarrikapen zuena errealitate bihurtzea erabaki zuen 1980ko hamarkadaren azkenetan. Haietako bat izan zen Iñaki Uria, gaur egun Hamaika Telebistako zuzendari dena. Sorreratik 1993ra Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariorde izan zen. Harekin batera, besteak beste, Joxemi Zumalabe, Josu Landa eta Pello Zubiria ibili ziren. Azken horrek hartu zuen kazetaren zuzendaritza.

Hamar urte zeramaten lortu nahian; euskarazko egunkari nazional baten beharra aldarrikatzen. Baina ez zuten horretarako abagunerik. «Hasieran, nahikoa genuen Argia-ren egoera hobetzearekin. Behin hori lortuta, bai, posible zen egunkaria sortzea. Ikusten genuen bazegoela gazte pila bat Argia-ren bueltan laguntzen, kazetari. Ezagutzen genuen Argia-ren irakurle kopurua. Eta parte teknikoan ere gai ginen kostuak aurreikusteko». 1989 bukaeran egin zituzten lehen bilerak, Euskal Kulturaren Batzarreak lagunduta. Hurrena, Egunkaria Sortzen elkartea eratu zuten euskal kultur arloko 70 lagunek. Eta 1990ean lanari ekin zioten. Duela 25 urteko udaberri-uda partean, bada, Euskaldunon Egunkaria sortzeko dira biltzeko kanpaina abiatu zuten.

Josu Esnal ere astekarian zebilen sasoi hartan. Promozio arduraduna zen. «Joxemi Zumalabe etorri zitzaidan, eta esan zidan Egunkaria-rako liberatu bat behar zutela. Horrela hartu nuen kanpainaren ardura Gipuzkoan eta Ermuan [Bizkaia]». Haren ardurapeko auzo eta herrietan orotara 80 batzorde sortu zituztela gogoratu du. Euskal Herri osoan 185 izan ziren. Eta 3.000 partaide inguru izan zituzten. «Herrietara deitzen genuen. Udaletako jendearekin hitz egiten genuen, AEK-koekin, euskara taldeetakoekin... Telefono bidezko lehen harreman horren ostean, bilera bat antolatzen genuen herrian bertan, batzordea martxan jartzeko». Gogoratu duenez, aurrenekoa Oiartzunen egin zuten, eta ehun bat lagun joan ziren. Ermukoak sorpresa atsegina eman zion, berrehun herritar elkartu baitziren.

Uriak azaldu duenez, kanpainak bi fase izan zituen. Estreinakoa apiriletik maiatzaren 15era bitartean egin zuten. Helburua zen proiektua aurkeztea eta euskarazko kazeta baten beharraren kontzientzia sortzea. Garrantzitsua zen hori. «Herritarrok, oro har, barneratua genuen prentsak erdaraz izan behar zuela. Bururatu ere ez euskarazkoa izan zitekeenik», aitortu du Joseba Bazterrak. Santutxuko (Bilbo) batzordean ibili zen. «Josu Muguruza hil zutenean, omenaldian Joan Mari Torrealdairekin egin nuen topo. Aurretik ezagutzen nuen. Eta hark esan zidan zer asmo zegoen. Zehaztasunik ez».

1990eko otsailean jaso zuen deia lehen bilerarako. Hogei bat lagun elkartu zirela du gogoan. «Jendea pozarren zegoen, irrikaz». Dioenez, ez zuten azalpen askorik behar izan. Dirua zertarako behar zen entzun zutenerako, denak lanean hasi ziren. Eta ez Santutxun bakarrik. Esnalen arabera, Euskal Herriko batzorde guztietan erantzuna igualtsua izan zen: «Euskaldunok lehenengo lan egiten dugu, eta gero pentsatu. Dirua behar dela euskarazko egunkari bat sortzeko? Bada, denok dirua lortzera».

Furgonetarekin, herriz herri

Proiektua herriz herriko bileretan aurkeztu ostean, maiatzaren 15ean hasi zen kanpainaren bigarren atala, baliabide ekonomikoak lortzea helburu zuena. Uztailaren 15ean Donostiako belodromoan egin zen jaiarekin bukatu zen. «Egunkaria sortzeko dirua lortu behar genuen. Baina autoa martxan jartzearekin ez genuen nahikoa», gogoratu du Uriak. «Gero jarraitzeko ere gasolina behar genuen. Bagenekien diru laguntzak lortzeko zailtasunak izango genituela». Izan ere, orduko, Eusko Jaurlaritzak ez zion harrera onik egin proiektuari. Eta egunkari publikoa sortzeko asmoa agertuz erantzun zuen. «Azkenean, ezerezean geratu zen guztia, baina gure ekimenari min handia egin zion. Batez ere, dirua biltzeko orduan zailtasunak sortu zizkigun», salatu du Uriak.

Egunkaria Egunak izan ziren kanpaina haren oinarri. «Furgoneta bat genuen azpiegitura moduan. Herriz herri joaten ginen, eta bakoitzean festa bat egiten genuen. Guk egunkari baten azal erraldoi bat eramaten genuen, zuriz. Eta herriko jendeak nahi zituen albisteak idazten zituen. Azpian herriko negozioen publizitatea jartzen zen», gogoratu du Esnalek lan egiteko estrategia. Batzordeetako kideek dena prest izaten zuten ordurako. Besteak beste, azal hartan ipiniko zen publizitate hori lortzen zuten.

Uriaren ustetan, ideia hark iraultza txiki bat eragin zuen. «Mezu zehatz bat zabaldu genuen: publizitate bidez susta daiteke egunkaria. Izan ere, ordura arte, oso ohitura txikia zegoen publizitatea jartzeko». Horrez gain, bonuak eta akzioak saltzen zituzten. Eta Egunkaria-ren produktuak ere bai: kamisetak, biserak, itsasgarriak.... Bildu behar zuten diru kopurura gerturatu ziren. Baina Uriak aitortu du ez zela beti erraza izan: «Nik garai bertsuan beste hamahiru bilketa zenbatu nituen. Presoen aldekoa zela, ekologistak zirela... Dena zen diru eskea». Ordukoa ere krisi garaia zen, eta langabezia tasa ez zen apala. Hala ere, jendeak ahal zuen neurrian eman egiten zuela dio. «Garairik zailenetan, gizakiaren alderik txarrena eta onena ateratzen dira. Eta orduan onena ateratzea lortu genuen» .

Santutxun ez zuten Egunkaria Egunik egin. Zuzeneko diru bilketara mugatu zirela dio Bazterrak. Gogoratu du sare moduan jokatzen zutela. «'Zuk nor ezagutzen duzu? Norengana joan zaitezke diru bila?' Eta hala banatzen genituen ardurak». Oraindik ere gordeak ditu orduko agiriak eta zerrendak, bileretara joan ohi zirenen kontaktuak, batzordeko kide bakoitzak zein denda edo tabernatara joan behar zuen laguntza ekonomiko eske... «Auzo osoak parte hartu zuen, adin eta baldintza guztietako jendeak». Akorduan du Santutxuko ikastola zatitu berri zegoela, eta bi ikastoletako kideak erakartzen ahalegindu zirela: Karmelokoak eta Kirikiñokoak. «Ez genuen inor kanpoan utzi nahi. Pentsaera guztiak elkartu nahi genituen».

Izan ere, Bazterraren ustez, proiektuaren oinarriek erakarri zuten jendearen gogoa. Honela definitu zuten egunkari berria: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko eta erdal komunikabideekiko independentea, ez instituzionala baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria. «Pluraltasuna eta militantziaren garrantzia ezinbestekoak ziren herriarentzat». Horri esker, auzo guztia mobilizatzea lortu zuten: futbol taldea, txistulari elkartea, fanfarrea, dantza taldea... «Denek egin zuten ahalegin itzela».

Malenkoniaz gogoratzen du garai hura. Familiarentzat une berezia izan zen, gainera. Izan ere, Bazterraren anaietako bat hil zen egun haietan, lan istripuz. «Orduan, indar handiagoz jarraitu genuen lanean. Hark gogor defendatu zuen ametsari segida eman nahi izan genion. Eta denon artean lortu genuen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna