EBren aurrekontua. Europako Batzordearen proposamena

Bruselak gastu mailari eutsi nahi dio, Erresuma Batua bloketik aterata ere

Junckerrek estatuei diru gehiago jartzeko eskatu die, lehentasun berriak argudiatuta. Kohesio eta nekazaritza politiketarako dirua %5 murriztuko da. Krisien aurkako bi funts daude, 55.000 milioirekin

Bruselak gastu mailari eutsi nahi dio, Erresuma Batua bloketik aterata ere.
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak prest du hurrengo aurrekontu esparrua: 1,24 bilioi euro gastatu nahi ditu 2021etik 2027ra. Dirutan, egungo gastuaren igoera arina da, baina baldintzak aldatu dira, nabarmen, Erresuma Baturik gabeko lehen kontuak direlako. Alegia, gastu mailari eutsiko bazaio, gainerako estatu kideek diru gehiago jarri beharko dute Bruselaren kutxan.

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko buruak defendatu du finantza ahalegin handiago hori beharrezkoa dela. «Kontuak ez dira neutralak. Lehentasunen eta anbizioen isla izan behar dute». Muga kontrolera, defentsara eta berrikuntzara diru gehiago bideratuko dute, eta proposamenak krisien aurkako aurrekontu baten lehen zertzeladak jasotzen ditu. Bilioi batek asko dirudi, baina EBn gastu publikora doazen 100 eurotik bi baino ez direla batasuneko erakundeetan gastatzen esanez defendatu ohi du Bruselak bere burua.

GASTU PROIEKTUA



2014-2020ko eperako aurrekontu esparruan gastu muga blokeko errenta gordinaren %1ean finkatu zen, 28 herrialde kontuan hartuta. Erresuma Batua ekuaziotik aterata, batez beste errenta nazionalaren %1,13 jarri beharko zuten gainerako gobernuek. Esparru berrirako oinarria hori zen, eta azken hilabeteotan Bruselako komisarioak aritu dira estatuak limurtzen, antzeko kopuru bat lortzeko. Azkenean, %1,11 jaso du proiektuak. Ehuneko txikiagoa izanagatik, gehiago gastatzea ahalbidetuko du, ekonomiak azken urteotan pilatu duen hazkundeari esker.

Kalkulu orokorra gauza bat da, baina beste bat izango da faktura banatzea. Erresuma Batua daEBko ordaintzaile garbi handienetan bigarrena. Urtero 14.000 milioi jartzen ditu batasunaren politikak garatzeko. Zulo hori estaltzeko modu zehatzari buruzko eztabaida aurrerago hasiko da, baina dagoeneko badira gehiago jartzeari ezezko borobila eman dioten zenbait herrialde.

Herbehereetako eta Austriako gobernuek gogor ekin diote iragarritakoaren aurka. «Brexit-ak kolpatuko gaitu. Aurrekontu honek proportziorik gabeko faktura bat jartzen du horren gainean», kexatu da Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa.

Gastua igotzearen kontrakoek ez dute izango oraingo honetan Alemaniaren laguntzarik. EBko ekonomia nagusiak jada esana du diru ekarpena handitzeko prest dagoela. Frantzia, Espainia eta Ekialdeko Europako zenbait herrialdek antzeko konpromisoa hartu dute.

Negoziazio horietan gakoetako bat itzultze sistema izan daiteke. 1980ko hamarkadan Erresuma Batuak beherapen bat lortu zuen bere ekarpen garbian. Harrezkero, beste herrialde batzuri —Herbehereei, Austriari, Suediari eta Danimarkari— jarritakoaren parte bat itzuli izan zaie, Londresek aurreztutakoari lotuta. Erresuma Batuaren irteerarekin sistema hori behin betiko itxi nahi dute, baina herrialde horietan egongo den aurkakotasuna ezagututa, batzordeak bost urteko trantsizio epea planteatu du.

GALTZAILEAK



Batzordeko agintariek esana zuten, Europako hiriburuetan diru ekarpena asko handitzeko zeuden errezeloak ikusita: lehentasun berriek isla argia izatea nahi izanez gero, politika tradizional batzuk murriztu beharko dira. Europan politika horiek nekazaritza eta kohesio funtsak dira.

Kohesio funtsei eta eskualde garapenari sartu dizkio Bruselak artaziak, bereziki. Batez beste, %7 gutxiago bideratuko du 2020. urtetik aurrera. Funts horien banaketa erabakitzeko orduan aldagai nagusia izango da oraindik ere eskualdeetako barne produktu gordinak, baina beste faktore batzuk pisu handiagoa hartuko dute. Erreformak laguntzeko dirua izatea bultzatuko dute, halaber.

Nekazaritza politikari dagokionez, orain arteko aurrekontu esparruan baino %5 gutxiago gastatu da horretan. 17.000 milioi gutxiago dira, orotara. Batzordeak neurria leundu nahi izan du, eta nekazariek jasotzen dituzten laguntza zuzenetan batez besteko jaitsiera %3,9 izango da. Laborari eta etxalde txikiak lehenetsiko dituela ere agindu du Bruselak. «Gehienek ez dute nabarituko», ziurtatu du Phil Hogan sektoreko komisarioak. Diru gehien jasotzen duen herrialdeari keinu argia egin zaio: Poloniari ordainketa zuzenetarako sosak %1 baino gutxiago murriztu nahi dizkiote.

Murrizketak murrizketa, aurrera begira Europak gastatuko dituen bi eurotik bat nekazaritzara eta kohesiora joango dira.

IRABAZLEAK



Lehentasun berriei lekua egin zaie aurrekontuan. Kanpoko mugak kontrolatzeari, migrazioari eta asiloari orain arteko ekarpena hirukoiztuko zaie. 13.000 milioi zena 33.000 milioi izango da. Diru gehiena —18.000 milioi— kanpoko mugak kontrolatzen jarriko da, eta orain dela gutxi martxan jarritako muga eta kostalde guardian 10.000 lagun izatea da horren helburua.

Defentsa da aurrekontuan ia hutsaren pare egotetik finantzaketa aipagarria izatera pasatuko den beste programa bat. Segurtasuneko gastua %40 igoko da, 4.800 milioi eurora. Defentsa alorrean 13.000 milioi eskura jarriko zaizkie herrialdeei, bereziki alor horretan ikerketa eta garapen jarduerak finantzatzeko.

Bestalde, ikerketa eta berrikuntzako aurrekontua %50 handitzea aurreikusten du proposamenak. 100.000 milioi izango dira Horizon Europe funtsaren bidez banatuko direnak. Eraldaketa digitalari laguntzeko dirua bederatzi aldiz handituko da, halaber. Azkenik, Bruselak gazteei keinu argia egin nahi die, eta Erasmus+ beka programa ordaintzeko laguntzak bikoiztuko ditu, 30.000 milioi euroraino. Beste 700 milioi jarriko ditu gazteentzako Interrail txartelak merkatzeko.

EUROGUNEKO ERREFORMA



Aurrekontua prestatzeaz batera, beste borroka batzuetan buru-belarri sartuta daude batasuneko erakundeak. Nagusietako bat da ekonomia eta diru batasunean sakontzeko proiektua. Ekainerako akordio bat aurkezteko epemuga jarri dute, baina, gaur- gaurkoz, aurreikuspenak ez dira oso baikorrak, Frantziatik Emmanuel Macronek bultzatu dituen erreforma zabal baterako ideiek Berlinen jaso duten harrera hotzari jarraituz.

Aurrekontuetan, behintzat, Bruselak orain arte soilik zirriborroetan agertzen ziren krisien aurkako tresna berrien lehen zertzeladak eman ditu. Bi funts daude aurreikusita, 55.000 milioi euroko finantzaketa batekin. 25.000 milioi euro erreformak laguntzeko programa batek eramango ditu. Finantzaketa eta laguntza teknikoa emango die erreforma jakinetan engaiatzen diren estatuei, bereziki Bruselak gomendatutakoa betetzeko bada.

Beste funtsa, 30.000 milioi eurokoa, EBren erreserbetatik ateratzeko litzateke, eta inbertsioak egonkortzeko erabiltzea da ideia. Hau da, krisi bat dagoenean eta erreskaterik eskatu behar izan gabe, estatu batek inbertsioei eutsi ahal izatea erraztuko luke, maileguen bidez, interesak bueltatzeko laguntzekin batera.

LEGEAREN INPERIOA



Aurrekontu berriarekin, batzordeak baldintza berri batzuk ezarri nahi ditu. Batasuneko aurrekontutik dirua jasotzeko, estatu zuzenbidearen arau guztiak bete beharko dituzte gobernuek, bereziki sistema judizialaren funtzionamendu egoki batekin eta iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako jokabide argiekin. Kontrakoa gertatzen bada, EBko finantzaketa eten edo jaitsi ahalko zaie.

Praktikan, arau horrek erantzuten dio Poloniak eta Hungariak azkenaldian hartutako hainbat erabakik Mendebaldeko estatuetan sortu duten ezinegonari. Herrialde horiek behartzeko tresna legegile berriak izan nahi dituzte eskura, zergapekoen dirua babesteko aitzakian.

Zigorrak erabakitzeko sistema ere berritzailea da. Batzordeak eskatuko du, eta soilik eman ahalko zaio buelta Europar Kontseiluan gehiengo kualifikatu baten botoarekin. Ondorioa litzateke Visegradoko laukoteak —Polonia, Hungaria, Txekiar Errepublika, eta Eslovakia— ez lukeela zigorrak blokeatzeko modurik.

Neurria indarrean jartzeko ere gehiengo kualifikatuarekin nahikoa litzateke, baina hor arazo bat dago: aurrekontua bera aho batez onartu behar da, eta trabatzea izan liteke euren burua baldintza berriekin mehatxatuta ikusten duten estatu kideen karta.

DIRU SARRERA BERRIAK



Herrialdeek euren pisu ekonomikoaren arabera egiten duten ekarpena da EBko finantzaketa iturririk handiena. Bruselak bere kabuz 22.000 milioi gehiago batzeko proposamena egin du Bruselak, bide ezberdinak erabilita. Gastuen %12 estaliko luke horrela. Gas isurketen salerosketa sistemak utzitako irabazien %20 bereganatu nahi du, eta birziklagarria ez den plastikoari zerga bat ezartzea ere defendatuko du: 0,8 euro kilo bakoitzeko,

Diru sarrera sistema aldatzea zaila da. Aho batez onartu behar dute estatuek, eta, gainera, parlamentu guztien oniritzia lortu beharko litzateke. 1980ko hamarkadatik egin diren saiakera guztiak bertan behera geratu dira.

EPEMUGA



Urtebete barru Errumanian egingo duen goi bilera berezian aurrekontua lotuta aurkeztu nahi du bere burua Erresuma Baturik gabeko Europa berriak. Presatu nahi ditu Junckerrek gobernuak, kontu proiektua adosteko. Esperientziak dio ez dela sekula azkar kitatu den kontua, eta akordio gehienak lortu dira hasierako epemugak askogatik gaindituta. Onartu edo ez, norgehiagoka luze baterako lehen mugimendua baino ez da izan atzokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.