Estatutuaren oinarriak jartzen bukatu nahi du etzi Autogobernu Lantaldeak

Eskubideen, xedapenen eta nazioarteko harremanen atalak dituzte ixteke. Boto partikularra emango dute Elkarrekin Podemos eta PSEk

Talde politikoetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bileran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea ostiralean batzartuko da Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politiko-juridikoari buruz eztabaidatzen jarraitzeko. Estatus horren oinarriak ari dira orain adosten, eta litekeena da etzikoa fase horretako azken bilera izatea, talde politikoek orduan itxi nahi baitituzte eztabaidatzeke dituzten atalak: herritarren eskubideak eta betebeharrak, estatuaren erreforma, xedapen gehigarriak eta nazioarteko harremanak.

Atzo ziren eskubideen eta betebeharren eztabaida amaitzekoak, baina emankorretik gutxi izan zuen bilerak. Izan ere, Elkarrekin Podemosi dagokio atal horri buruzko sintesi dokumentua aurkeztea, talde politikoen proposamenetatik abiatuta. Koalizioak, ordea, argudiatu zuen azken ekarpenak astearte iluntzean jaso zituela, eta ez duela astirik izan sintesiaren behin betiko bertsioa osatzeko. Gauza bera gertatu zaio EAJri; hari dagokio nazioarteko harremanei buruzko sintesia taxutzea, eta atzo zen aurkeztekoa, baina hark ere ez zuen talde batzuen ekarpenik jaso.

Oinarriei buruzko gogoeta amaitzearekin batera, orain arte adostutako atalei buruzko boto partikularrak aurkeztuko dituzte Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, eta PPk erabakitzeke dauka beste hainbeste egingo duen. Orain arte, bost atalen inguruan eztabaidatu dute indar politikoek: hitzaurreaz, atariko tituluaz, eskumenez, botere publikoez eta erregimen ekonomikoaz; EAJren eta EH Bilduren babesarekin onartu dituzte bostak.

Hain zuzen, orain arteko akordioekin kritiko azaldu zen atzo Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Gogorarazi zuenez, Autogobernu Lantaldea eratzeko legez besteko proposamenean jaso zuten «akordio zabal eta transbertsalak» osatzeko asmoa, eta «agerikoa» iruditzen zaio helburu hori ez dela bete oraino.

EAJk eta EH Bilduk adostutakoaren harira, Odon Elorza PSOEko diputatuak, berriz, ohartarazi du «haustura sozialaren arriskuaz», eta adibide gisa jarri du «aldebakartasunez» galdeketak egiteko eskumena jaso izana. Amaia Fernandez PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak ere ohar egin du «autodeterminazio eskubidea txertatzeak» ez lukeela «euskal herritarren gehiengoa» ordezkatuko, « soilik beren burua independentistatzat duen %17a» baizik.

Eskualdatzeko kontaktuak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak lehen urratsa egin dute 1979ko estatutuan jaso baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenak Jaurlaritzaren esku uzteko. Bi gobernuek lehen kontaktua egin dute eskualdatze horren ardura izango duen batzordea osatzeko, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak atzoko gobernu kontseilu osteko agerraldian jakinarazi zuenez. Datozen egunetan informazioa partekatuko dute, eta espero dute informazio truke horren ostean ezartzea Eskumenen Batzorde Mistoa batzartzeko data. Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo trenbideak Jaurlaritzaren esku uztea izango da lehen pausoa, 2016ko ekainean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi baitzuen Jaurlaritzari dagozkiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.