Blancok primarioetatik kanpo nahi ditu EAko Berme Batzordeko bi kide

Argudiatu du ez dituztela betetzen «neutraltasun eta inpartzialtasun» printzipioak; esaterako, batek abala eman ziolako Maiorga Ramirezi

Eba Blanco, Eusko Legebiltzarreko saio batean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia aukeratzeko prozesuan, fitxa bat mugitu zuen atzo Eba Blanco ildo ofizialeko hautagaiak. Herenegun, Maiorga Ramirez ildo kritikoko hautagaiak jakinarazi zuen Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak berretsi egin zuela Ramirezen hautagaitza baztertzeko erabakia, eta, asteartean bertan, Berme Batzordera jo zuen Ramirezek. Blancok ere bere alegazioak aurkeztu ahal izan ditu Berme Batzordearen aurrean —atzo egin zuen—, eta eskatu du batzorde horretako bi kide hauteskunde primarioei dagozkien erabakietatik kanpo uzteko.

Bost kidez osatuta dago Berme Batzordea, eta, EAko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, talde hori «sistematikoki» ari da ildo kritikoaren aldeko ebazpenak ematen —3-2 izan ohi dira emaitzak—. Blancoren arabera, bost horietako batek abala eman zion Ramirezen hautagaitzari. Bestea sektore kritikoko kide ezagun baten senarra da. Beraz, Blancok uste du batzordearen «neutraltasuna eta inpartzialtasuna auzitan» daudela eta «interes pertsonalak» dituztela. Biak prozesutik kanpo utzita, sektore bakoitzak talde horretan duen indar korrelazioa aldatuko litzateke batzordean.

Berme Batzordea begirada guztien erdian dago. Lehen aldia da EAk boz primarioak egiten dituela idazkari nagusia aukeratzeko, eta prozesurako araudia onartu zuen alderdiko Nazio Batzarrak ekainean. Urriaren 4an, ordea, Berme Batzordeak moldatu egin zuen araudi hori, eta kendu egin zuen hautagaiek bete beharreko baldintzetako bat: herrialde bakoitzean gutxienez bost abal eskuratzea, Euskal Herri osoan gutxienez 50 abal biltzearekin batera. EAko Nazio Batzarrak, ordea, urriaren 11n erabaki zuen ekaineko araudiarekin jarraitzea, «alderdiko edozein organoren eskutik datorren eta estatutuei eta antolakuntza araudiari aurka egiten dien ezein ebazpen» baliogabea litzatekeela iritzita.

Kritikoak, «kezkatuta»

Maiorga Ramirezek ordezkatutako ildoak «erabateko kezka» agertu du Blancoren eskakizunaren aurrean, eta gogorarazi du Berme Batzordea 2017ko ekaineko kongresuan izendatu zutela: «Blancok, Eusko Legebiltzarreko egungo presidenteordeak, Gezuragaren bide errepresibo beretik, mehatxu bidez isilarazi nahi du EA EH Bildun urtzeko eta alderdi gisa desagertzeko ildo estrategikoarekin bat ez datorren oro».

Blancoren hitzekin «biziki haserre» agertu da Esther Larrañaga Jaurlaritzako sailburu ohia, eta salatu du Blanco prest dagoela EAko idazkaritza nagusira «atzeko atetik» sartzeko, «afiliatuen botorik gabe», eta «kutsu matxista" erakutsita. Izan ere, uste dute hautagaiak «kide bat isilarazi» nahi duela, «Berme Batzordeko kide batekin duen harreman pertsonalarengatik». Hori horrela, ildo kritikoak azaldu du egoera «erabat kafkarra eta EAn aurrekaririk gabekoa» dela, eta zentzuz jokatzera deitu du: «Afiliazioari dagokio idazkaritza nagusia bete behar duen pertsona aukeratzea».

Idazkari nagusia aukeratzeko bozketa bihar zen egitekoa berez, baina, hautagai bakarra onartuta, EAk esan du datorren astelehenean izendatuko duela Blanco idazkari nagusi. Ikusteke dago, bitartean, Berme Batzordeak edo ildo kritikoak urratsik egingo duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.