Epaiketa politikoek, etenik ez

Euskal Herrian lan politikoa egiteagatik, 40 lagun epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak urte amaiera bitartean, Askapena eta 04/08 auzietan. Beste auzi batzuen ahozko epaiketek datarik ez dute.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalean ez da garai berririk. Ez behintzat Euskal Herriari dagokionez. Urte amaiera bitartean euskal herritar ugari epaituko dituzte Madrilen, lan politikoa egitea leporatuta. Jarduera politikoari jazartzeko helburua duten epaiketak errenkadan egingo dira, eta, gutxienez, 40 lagun eseriko dituzte Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkietan. Urrian izango da Askapenaren aurkako epaiketa —bost lagun epaituko dituzte— eta azaroan Segurako sarekadari lotutako 04/08 sumarioarena —35 euskal herritar eseriko dituzte akusatuen aulkian—.

Baina epaiketa politikoaren soka luzea ez da hor amaituko, ziurrenik. Izan ere, Ekinen zuzendaritzako kide izatea egotzita, bederatzi lagunen aurkako epaiketa ere datozen hilabeteetan hastea espero da —datarik ez dute jarri oraindik—. Eta epaiketarako datarik gabe daude, halaber, euskal presoen aldeko lanarekin lotutako zenbait auzi. Ikusteko dago, era berean, herriko tabernak noiz eta nola konfiskatzen dituen Auzitegi Nazionalak. Gorenak ekainean agindutakoari jarraiki, 101 bahitzeko agindua bete behar du auzitegiak.

ASKAPENA

Elkartasuna jomugan

Urriaren 19an hasiko da Askapenaren aurkako epaiketa Madrilen, eta azaroaren 2ra arte iraungo du. 2010eko udazkenean egin zuten Askapenaren aurkako polizia operazioa, zortzi lagun atxilotuta. Sarekada egin zutenean ETAren eta nazioarteko erakunde armatuen arteko elkarlana egitea egotzi zieten atxilotuei. Europako herrialdeetan «elkartasun batzordeak sortzea», Europako eta munduko gizarte foroetan aritzea eta brigadak antolatzea ere leporatu zien Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Sarekada hartan, Walter Wendelin, Aritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, eta 2011ko irailean auzipetu egin zituen. Bost lagun horien aurka eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak seina urteko kartzela zigorra, «ETAren aginduko egitura» izatea egotzita. Bost atxilotuen kontrako espetxe zigorra eskatzeaz gain, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen legez kanporatzea ere eskatu du fiskalak.

Askapenarentzat, Espainiak ez du haiek epaitzeko zilegitasunik, eta horregatik, herri epaiketak antolatu dituzte hil honetan. Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, herri epaiketa horiek guztiak «Espainiako Estatuaren aurkako herri sententzia batean» batuko dituzte, Iruñean.

04/08 SUMARIOA

Segurako operazioa

ETAk su-etena amaitu eta lau hilabetera atxilotutako ezker abertzaleko 35 kide eseriko dira akusatuen aulkian azaroaren 12tik aurrera. EHAK eta EAE-ANVren aurkako auzian edo 04/08 sumarioan, ETAko kide izatea egotzita epaituko dituzte. Baltasar Garzon epaile ohiak abiatu zuen sumarioa, 2007ko urrian, Seguran (Gipuzkoa) hainbat lagun atxilotu eta egoitza eta etxebizitza ugari miatuta. Atxilotuak bilera bat egitekotan zirela zabaldu zuten orduan, eta Batasuna berrantolatzea zela haien asmoa. Auziaren inguruko epaiketa urtarrilean hastekoa zen, baina Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen, bigarrenez. Izan ere, egun batzuk lehenago hainbat abokaturen kontrako polizia operazioa izan zen eta defentsako abokatuak atxilotu zituzten.

Urte hasieran bertan hastekoa zen 04/08 sumarioko ahozko epaiketa, azkenean, urte amaieran hasiko da. Honako lagun hauek eseriko dituzte akusatuen aulkian: Haizpea Abrisketa, Tomasa Alejandre, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Aitor Aranzabal, Alazne Arozena, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Angel Mari Elkano, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Marije Fullaondo, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Jon Garai, Mikel Garaiondo, Antton Gomez, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Iñaki Olalde, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Joana Regueiro, Arantxa Santesteban, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi, Mikel Zubimendi, Gorka Murillo, Jesus Mari Agirre, Juan Karlos Ramos, Nekane Erauskin, Karmele Berasategi eta Aurore Martin. Horietatik 11 lagun atxilotu zituzten Seguran, eta ondoren inputatu zituzten gainerakoak.

Auzipetuei leporatzen diete «erakunde terroristako» kide izatea, EHAK eta ANVren bidez Batasuna laguntzea, eta horrek ETA laguntzea. Hori frogatuko lukete ohiko jarduera politikoarekin loturiko hainbat ekintzak: prentsaurrekoetan parte hartzea, bilerak egitea edota orduan legezkoak ziren bi alderdientzako [EHAK eta ANV] lan egitea. Garai hartan, PSOE zegoen Espainiako Gobernuan. Loiolako elkarrizketak igarota, ETAk amaitutzat eman zuen su-etena 2007ko ekainean, eta urrian izan zen Segurako sarekada. Handik urtebetera, 2008ko otsailean, epaileak eten egin zituen EHAK eta ANVren jarduerak, eta bozetan parte hartzea debekatu zien.

EKIN

Datarik ez oraindik

Epaiketaren datarik ez dute jarri oraindik, baina urtea amaitu aurretik abiatzea espero da Ekin auziari lotutako epaiketa. Sumarioa ixtear da Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegia. Joan den uztailean egin zuen zigor eskaera Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak bederatzi lagunen aurka. Rosa Iriarte, Eneko Compains, Jose Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Egoitz Garmendia, Urko Asier Aierbe, Erika Bilbao eta Sandra Barrenetxearentzat bederatzina urteko espetxe zigorra eskatu du Ekineko zuzendaritzako kide izatea egotzita. Ugaitz Elizaranen kasuan, berriz, hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du. Zigor eskaera handiagoak egin dituzte akusazio partikularrek: AVTk,hamabina urteko espetxe zigorra eta hamabosna urteko inhabilitazioa. Dignidad y Justiciak, 11 urteko espetxealdia eta hamahiru urteko inhabilitazioa zortziren aurka, eta hamalau urteko kartzelaldia eta hamabosteko inhabilitazioa Elizaranen aurka.

Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduta, 2010eko irailaren 14an atxilotu zituzten bederatzi auzipetuak, eta behin-behineko espetxealdian izan ziren ia bi urtez. Baldintzapean aske daude gaur egun. Atxiloaldian Guardia Zibilaren «tortura saio latzak» jasan zituztela salatu zuten, eta zabalik daude oraindik salaketa horietako bi.

2011ko urriaren 1ean jakinarazi zuen Ekinek desegitea erabaki zuela. 1999an sortu zen, eta handik bi urtera legez kanporatu zuten, ETAk ezker abertzalea kontrolatzeko zuen tresna zela ebatzita. 18/98 sumarioan ere epaitu zituzten Ekinekin lotutako hainbat pertsona, 2007an.

'HERRIKO TABERNAK'

Konfiskatzearen zain

Datarik ez dago oraindik, baina datozen hilabeteetan jakingo da herriko tabernak noiz itxi eta konfiskatuko dituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gorenak ekainean berretsi zuen herriko tabernak konfiskatzeko erabakia eta orain Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Salako epaileei dagokie agindua gauzatzea. Baltasar Garzon epailearen ekimenez abiatu zen herriko tabernen auzia —35/02 sumarioa—, duela hamahiru urte baino gehiago, eta, haren ondorioz etorri da orain 101 elkarte eta herriko taberna konfiskatzeko agindua.

101 herriko taberna bahitzeko agindua ez ezik, urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri die hogei laguni «erakunde terroristako» kide izatea egotzita. Gorenak partzialki onartu zituen Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Floren Aoiz eta Joseba Permach eta Karmelo Landaren helegiteak. Hala, Permach, Etxeberria, Aldasoro, Alvarez eta Landari urtebete eta hamar hilabetera murriztu zien zigorra, hirukoa ezarri baitzien aurretik. Inhabilitazioa ere ezarri zien tarte horretan— ez lukete zigorrik bete beharko auzi horrengatik—. Jon Gorrotxategiri, Floren Aoizi eta Antton Morcillori, berriz, urte eta erdiko zigorra mantendu zien Gorenak, eta inhabilitazioa epe horretan.

Ezker abertzaleko buruzagiek espetxera joan beharko ez badute ere, dozenaka lokal konfiskatzeko agindua noiz eta nola gauzatuko den, zalantzan dago oraindik. Prozedura guztia arintzearen aldekoa da Espainiako Gobernua, eta Auzibide Kriminalerako Legearen erreforma erabiltzeko asmoa du horretarako. Lege aldaketa onartzeko dago, baina aukera hori baliatuko lukete ondasunak bahitu eta «epaitutako delituengatik kaltetutako gizartearen mesedetan» erabiltzeko.

PRESOEN BABESAREN AURKA

Auziak zabalik daude

Euskal presoen eskubideekin lotutako auziak bizirik daude oraindik. Azkenengo hiru urteetan presoen babeserako taldeen kontra hainbat polizia operazio izan dira Euskal Herrian, eta ikuskizun dago auzi horietan auzipetutako lagunak noiz epaituko dituzten. Sarekadetan atxilotutako lagun batzuk espetxean daude oraindik, eta beste batzuk libre daude, baina karguekin. Guztiei «erakunde terroristan parte hartzea» edota hari laguntza ematea egozten diete.

Aurreneko operazioan, 2013an, 18 pertsona atxilotu eta Herrira elkartearen jarduna eten zuen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Iazko urtarrilean, berriz, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontrako operazioan zortzi lagun atzeman zituzten. Aurten jarraipena izan du presoen eskubideen alde lan egiten duten abokatuen aurkako jazarpenak, urtarrilean beste hamasei lagun atxilotuta. Eta aurtengo otsailean, berriz, Etxerat elkarteko bi kide eta Jaiki Hadi presoei osasun laguntza emateaz arduratzen den taldeko beste bi atzeman zituen poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.