Ke beltzetatik bide gorrietara

Kutsadura murrizteko xedez, autoa gutxiago erabiltzeko neurriak hartu dituzte Europako hainbat hiritan. Azken urteetan, mugikortasun eredu berri baten alde egin dute Euskal Herriko hainbat udalek ere: arrakasta lortu dute batzuek; beste batzuetan, berriz, trabak izan dira nagusi.
Iruñean, Bakearen plaza da trafikodentsitate handieneko gunea.
Iruñean, Bakearen plaza da trafikodentsitate handieneko gunea. J. MANTEROLA / ARP

Ion Elizondo, Ion Orzaiz, Ibai Maruri Bilbao

2017ko urtarrilak 10
Autoak dira egun hirietan kutsadura sortzaile nagusiak. Azken hilabeteetan Europa mendebaldeak antizikloiaren eraginpean igarotako egunek agerikoago egin dute arazoa. Inguruko herrialdeetan, Parisek, Madrilek eta Bartzelonak neurriak hartu behar izan dituzte, egonkortasun horren ondorioz hirietako airean geratu baitira ibilgailuek isurtzen duten nitrogeno dioxidoa eta PM10 partikulak.

Euskal hiriburuetan ez da sortu horrelako larrialdi egoerarik. Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñe eta Baionako udaletako ordezkariek esan dutenez, hiriotan dabiltzan ibilgailuek ez dute sortzen Osasunaren Mundu Erakundeak ezarrita dauzkan mugetatik gorako kutsadurarik. Dena den, neurriak hartzen dabiltza, kaleak oinezkoentzat berreskuratzeko.

BILBO

Airearen kalitatea neurtzeko hiru estazio ditu Eusko Jaurlaritzak Bilbon. «Azken bost urteetan ez dugu jaso airearen kalitatea txarra den abisurik», ohartarazi du Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Ines Ibañez de Maeztuk. Halere, mugikortasun «atseginagoa» lortzeko neurriak hartu dira, eta Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana osatzen dabiltza. «Autoei nagusitasuna kendu, eta oinezkoei emango diegu».

Hiri barruko mugikortasun datuekin «nahiko gustura» daude. Azken neurketen arabera, joan-etorrien %63 oinez egiten dira Bilbon; %23, garraio publikoan; eta %13, ibilgailu pribatua erabilita. «Baina Bilbo metropoli baten parte da, eta gurera datozenetako askok autoa erabiltzen dute». Horregatik uste du Bilboalde osorako plan baten beharra dagoela.

Udalerriaren mugen barruan, ingurumen lasaia duten eremuak sortuko dira. Aurrenekoa Castaños izango da, aurten. «Orduko 30 kilometroko abiadura muga ipiniko dugu, eta neurriak hartuko ditugu oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna erosoagoa izateko». Neurria hiri osora zabalduko da, sarbideetara izan ezik. Aldaketa horrekin ez du bidegorrien beharrik ikusten zinegotziak, ez bada eremu arinetan. Uste du autoak orduko 30 kilometroko abiaduran dabiltzan kaleetan bizikletak errepidetik joan daitezkeela.

Udal bizikleta-zerbitzua ere zabalduko dute, eta elektrikoak erosiko dituzte aurten. «Auzo garaietarako oso baliagarriak izango dira». Bilbobus elektrikoak ere eskuratu ditu udalak. Lurpeko aparkaleku eta taxi geltoki batzuetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailuak ipini dira. «Autoa hartu behar bada, izan dadila elektrikoa». Hori du helburu.

GASTEIZ

Hamar urte ditu Arabako hiriburuko Mugikortasun Iraunkorrerako Estrategia Integralak. Balantze «baikorra» egin du Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko presidente Juan Carlos Eskuderok. 2006an, hiri barruko joan-etorrien %49 oinez egiten ziren; %14, garraio publikoan; %1, bizikletaz; eta %36, ibilgailu pribatuan. 2014koak dira azken neurketak: %24ra jaitsi da auto pribatuaren erabilera, eta %54ra igo oinez egindako joan-etorriak. Aldaketa handiena bizikletak izan du: %29ra igo da bederatzi urtean.

2006an «kezkatuta» zeuden. Egoera «gero eta okerragoa» zen, eta bi auzo berri sortzear ziren: Salburua eta Zabalgana. «40.000 biztanle dituzte. Ez bagenu plana martxan jarri, arriskua zegoen horiek guztiak erdigunera joateko autoa hartzeko. Baina saihestu egin genuen». Erabilera apaltzeko neurriak hartu zituzten; besteak beste, aparkalekuen ordainsaria hirukoiztu egin zuten. Eta hiri osoko garraio publikoaren sarea berrantolatu zuten. «Gasteizen oinez joan daiteke edonora».

Energia kontsumoaren eta isurketen herena ibilgailuek eragiten dute. Horregatik, auto pribatuaren erabilera joan-etorrien %10era jaitsi nahi dute 2050erako. Uste dute konponbidea ez dela erregaiarekin dabiltzan autoak kentzea eta elektrikoek ordezkatzea: «Argindar hori karbonoa erreta lortzen bada, ez dugu ezer konponduko. Eta, gainera, ez ditugu auto pilaketak saihestuko».

DONOSTIA

«Donostiarrak, gehienbat, oinez edo bizikletaz mugitzen dira, eta asko erabiltzen dute garraio publikoa. Bakoitzak, batez beste, 160 bidaia egiten ditu urtean. Gure garraio publiko bakarra autobusa izanik, sekulako marka da. Ez dago parekorik». Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranaren esanetan, Gipuzkoako beste herrietatik edo Lapurditik datozenek sortzen dituzte auto ilarak; batez ere udan, asteburuetan eta zubietan.

Iruditzen zaio bisitari horiek gogoeta egin beharko luketela, ea benetan merezi dien autoz joan eta denbora luzez aparkatzeko lekua aurkitu ezinik ibiltzea. «Askok ez dute beste aukerarik. Baina beste asko askeago sentitzen dira horrela, eta horregatik hartzen dute». Herri arteko garraio publikoaren eskaintza falta baino gehiago, kontzientzia arazoa dela uste du Donostiako zinegotziak.

Metroaren lurpeko bidea bukatzeko irrikaz dago. «Martxan ipini eta biharamunean, errailak autoei kendu eta bizikletentzat jartzen hasi behar dugu. Agian ez hain zorrotz, baina autoak kendu behar dira kaletik». Epe ertain-luzera ibilgailu pribatua aparkalekuen ordainsariarekin zigortzea aztertzen ari dira.

Kanpotik datozen askok eskatzen dituzte aldirietako aparkalekuak. «Ez dugu horretarako leku aproposik. Bat aurkitu dugu portu inguruan, baina lursaila ez da gurea». Azaldu du joan den udan ahalegin bat egin zutela: Poliklinikarako errepide zaharrean ipini zuten tankera horretako aparkaleku bat, eta handik Amarara jaisteko autobusa doan. «Kendu egin behar izan genuen, inork ez zuelako hartzen. Jendeak hiri erdira sartu nahi du autoan».

IRUÑEA

Autoaren neurrira diseinatutako hiria da Iruñea: etorbide handiak, lurpeko aparkalekuak, biribilguneak... Egunean 16.000 auto pasatzen dira, adibidez, Gipuzkoako etorbidetik, eta 14.000 Baluarte aurretik. Oinezko eta txirrindulari gehienentzat, amesgaizto bihurtu da erdigunetik igarotzea. Zirkulazio dentsitate handieneko eremuak dira, gainera, kutsadura handienekoak. «Arazo historikoa da trafikoarena Iruñean, hamarkadaz hamarkada autoaren mesedetan diseinatu baita hiria», esan du Armando Cuenca Mugikortasun zinegotziak.

Yolanda Barcinaren eta Enrique Maiaren agintaldietan, gainera, arazoak okerrera egin zuela uste du Cuencak: «Beste hiri batzuetan, neurriak hartu dituzte azken urteetan, gaitz horiek konpontzen hasteko; Iruñean, ordea, kontrako norabidea hartu zuen UPNk, auto pribatua sustatzeko neurriak aplikatuta. Ondorioz, mugikortasun kontuetan, oso atzean gelditu da Iruñea, Euskal Herriko beste hiriburuekin alderatuta. Autoaren erabilera murriztu ordez, hazi egin da. Hori gertatu den hiriburu bakarra da».

Egoera horri aurre egiteko, Mugikortasun plana diseinatu zuen Cuencaren sailak: «Etorbide handietan eragin nahi dugu batez ere; autoei tokia kendu, eta bizikletei, garraio publikoari eta oinezkoei eman. Bestalde, kale txikietan, trafikoa lasaituko dugu, abiadura murriztuta». Oraingoz, ordea, geldirik dago egitasmoa, UPNk, PSNk eta Geroa Baik mozioa adostu baitzuten, «informazio gehiago eduki arte» plana eteteko. Hala ere, Geroa Bai konbentzituko dutela uste du zinegotziak. «Kontsentsua egon, badago, eta horren isla da 1,3 milioi euro onartu ditugula aurrekontuetan, lanak egiteko». Aurten hasiko dira eredua aldatzen.

BAIONA

Baionan egindako inkestek argi uzten dute kutsadura iturri nagusia autoen joan-jina dela, industria kutsaduraren aitzinetik. Iaz, martxoan izan zen PM10 partikulen presentzia handiena.

Hiri erdigunea autoz husteko, eta airea ahal bezainbat «garbitzeko», herriko etxeak aparkaleku handiak eta merkeak eraiki ditu. Bertatik hiri zentroa batzeko, kitorik den autobus lotura balia daiteke. Orotara, sei autobus dira, eta bakoitzak 22 lagunentzako lekua dauka. Astelehenetik larunbatera ibiltzen dira. 2003tik 4,5 milioi erabiltzaile izan dituzte. Herriko etxearen asmoa da bisitariak garraio publikoa erabilita gerturatzea. 2011n, gainera, inguruko zazpi udalerri handienekin —Miarritze, Angelu, Hiriburu, Bidarte, Bokale (Lapurdi) eta Tarnos (Landak, Frantzia)— garraio publikoko sarea berritu zuen.

Bizikleta pistak izugarri ugaritu dira. Hirigunean, ibilgailuek orduko hogei kilometroko abiadura muga duten 28 kilometro daude, baita 340 bizikleta uzteko lekua duten 45 aparkaleku ere. Hiriko zortzi gunetan 120 bizikleta daude eskuragarri, doan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna