Osasun publikora osorik lotzeko joskurarik gabe

Aspaldiko eskakizuna da Tolosaldean erietxe publiko bat izatea; izan ere, Asuncion klinikak dihardu han osasun sare publikoarentzat, itunduako zerbitzu gisara. Errotuta dago gizartean hori aldatzeko gogoa, Osakidetzaren barruan ez baitago tankera horretan funtzionatzen duen beste eskualderik.

arantxa iraola
Tolosa
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Zurrumurruak zabaltzen hasi ziren; Osakidetzako espezialisten osasun zentroa desagertu egingo zela Tolosan, eta arreta hori Asuncion klinikako medikuen esku geratuko zela. Harrituta geratu ginen: 'Ez da posible'». Javier Arana mintzo da; Osakidetzako medikua da Tolosako (Gipuzkoa) lehen mailako arretako osasun zentroan, eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde TOPA plataformako kidea. 2012koak dira hizpide dituen oroitzapenak, kezkaz jasotakoak; izan ere, orduan argi sentitu zuten Osakidetza barruan ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra izateaz gain —Asuncion klinika pribatuak ematen du zerbitzu hori Tolosaldean, Andoaindik Legorretara; itun baten bidez—, handitu egingo zela ospitale horren esku utzitako osasun arreta, eta zerbitzu publikoa mehartzera zihoala. Ordutik, ugariak izan dira sistema publiko baten aldeko aldarriak. Baita proposamenak ere.Eta biziberrituta daude. Lehengo astean, esaterako, EH Bilduk plazaratu zuen egoera aldarazteko estrategia bat, Tolosan. Alegiako alkate Unai Iraola izan da sistema hori ontzen aritu direnetako bat; osasun sistema publikoaren aldeko defentsa oinarri hartu dutela esan du: «Garbi dugu osasunean eragiten duten erakunde guztien integrazioa beharrezkoa dela, osasun eredu publiko batean».

Tolosako espezialisten zentro publikoa kendu izanak sorrarazi zuen, bereziki, ezinegona eskualdean. «Aitzakia izan zen bikoiztuta zegoela zerbitzua. Batetik zeudela Osakidetzako profesionalak, eta, bestetik, klinikakoak, eta optimizatu egin nahi zela; baina hori egitean, klinikakoei ezezkoa esan beharrean, sistema publikokoei esan zitzaien: 'Hau itxiko dugu eta bestea jarriko dugu'», gogora ekarri du Aranak.

Esku artean du sasoi hartan aldaketaren onurak defendatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldu zuen eskuorri bat:Osasun arreta berria Tolosalderako. «Polit-polita zen, eta zioen: 'Xedea da osasun arreta hobetzea, eta beste eskualdeetakoaren parekoa izatea'. Beraz, guk zerbitzu okerragoa genuela zirudien, eta, teorikoki, sistema honen bidez lortuko genuela beste eskualdeekin parekatzea». Aldiz, TOPAko ordezkariaren arabera, aldaketaren ondoren berehala hasi ziren arazoak: «Kexak hasi ziren, pila bat. Arreta ematen zuten hainbat profesional ez zirela espezialistak, beste hainbat erretiroa hartuta zeudela... Irregulartasunak atzematen hasi ginen: bata bestearen atzetik. Funtsean, zera zegoen argi: ez zituzten espezialistak lortzen. Arazoak dituzte, jartzen dituzten baldintza ekonomiko eta laboralekin, espezialistak erakartzeko. Inork ez du nahi bere ordutegi osoa hor sartzerik». Eta egoera larriak izan direla adierazi du. «Izan dira uneak, esaterako, zeintzuetan traumatologo bat eta erdirekin aritu diren».

Gabezia horiek larriagotu daitezkeen kezka dute TOPAn. «Erretiroa hartzeko adinean sartzen ari dira egun klinikaren zimendua osatzen duten mediku asko. Haiek alde egiten dutenean, nor etorriko da?». Oinarrian ikusten dute arazoa, erietxearen izaeran: «Asuncion klinika bat da oraindik ere; kontsulta txikiekin funtzionatzen du, ez talde medikoekin, ezta lan agenda bateratuekin ere». Eta izaera pribatua du, horrek dakartzan ondorioekin: «Haiek irabazten duten %30 da pazienteok galtzen duguna kalitatean, eta langileek, berriz, lan baldintzetan».

«Kaxkarra» izateko ziorik ez

Berez, hitzartzeetan oinarritutako sistema baztertzeko motiborik ez du ikusten, ordea, Tolosako alkate Olatz Peonek (EAJ). «Guk eredu publiko eta pribatuaren osagarritasunean sinesten dugu. Sinistu eta esan egiten dugu». Osagarritasun horren adibide on asko badirela adierazi du —hezkuntzan, adinekoen arretan...—, eta horiek aintzat hartu dituztela talde politiko guztiek. «Zergatik ez dira aldatu? Seguru asko titulartasun pribatuko zerbitzuaren kalitatea egokia izan delako, ez baitakar era automatikoan zerbitzua pribatua izateak kaxkarra izatea». Hortaz, udalaren ardura nagusia zerbitzu ona eskatzea dela uste du. «Alkate batek ez du iritzi kualifikaturik gai honen inguruan proposamen sendoak egiteko, ez duen bezala, adibidez, hezkuntzako curriculumgintzan», adierazi du. «Gure eskumeneko ez diren kontuetan, osasun esparruan adibidez, gure kezka nagusia izan behar da herritarrek osasun arreta ona izatea, eta hori noizbait ez bada gertatzen, bideak jorratzea hori gerta dadin». Eta, alde horretatik, makina bat saio egin dituztela azaldu du. «Bilera asko eta asko egin ditu udalak, kanpai hotsik gabe, egoera bere onera ekartzeko».

Publifikazioaren inguruko aldarriak aintzat hartzen ditu Peonek: «Etorkizunean jorratu beharreko gaia dela deritzot». Baina udalaren jardun ahalmena mugatua dela oroitarazi du. «Prozesua Eusko Jaurlaritzakgidatu behar du, eta berak erabaki behar du zer egin osasun zentro honekin. Berriro diot; guri dagokigu exijitzea tolosarrei osasun arreta egokia eta ona ematea».

Dokumentu berri bat

Harago egitea defendatzen duten eragileen artean dago EH Bildu: asmo horrekin, lehengo astean aurkeztu zuen Gure osasuna gure erabakia. Osasun publiko berri baten aldeko proposamena agiria. Kritikoak dira Asuncionen funtzionamenduarekin. «Eraikin zaharkitua, langileek lan baldintza minimoak eskatuz egindako mobilizazioak, espezialistek alde egitea... Asko dira gure erreferentzia zentroaren gainbehera erakusten duten sintomak», ondorioztatu dute dokumentuan. «Horiek horrela, gure eskualdeak osasun proiektu berri eta moderno batbehar duela uste dugu». Hortik proposamen berria, helburu argi baten inguruan ardaztua: «Eskualdeko osasun baliabide guztien publifikazio osoa beharrezkoa da».

Asuncion klinikaren ordez erietxe publiko bat behar dela adierazi dute agirian, eta osasunarekin lotutako zerbitzu gehiago ere bateratu nahi dituzte eredu berrian: anbulantziak, etxerako arta, lehen mailako arreta... Publifikaziorako «ibilbide orria» aurkeztu dute, eta aspaldiko aldarri bat berritu dute: Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Tolosaldeko alderdi politikoek eta gizarte eragileek osatutako «mahai bat» eratzea. Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordetik kanpo eratu daitezkeen egituretan, ordea, konfiantza apala du Peonek. «Sor litezkeen bestelako foroek ez dute funtzionaltasunik eta eraginkortasunik». Zerbitzua hobetzeko hainbat urrats, berriz, egin direla esan du, eta horien fruitua aurki helduko dela: «Klinikan zenbait birgaitze obra burutuko dira, eta horrek hobekuntzak ekarriko ditu azpiegituretan, eta, ondorioz, herritarren arretan».

Bitartean, gabeziak salatzen jarraitzen dute TOPAko ordezkariek. Adibidez, Tolosaldetik aparteko osasun zerbitzuetara joan, eta hango medikuek ezin dute ikusi Asuncioneko klinikako osagileen informaziorik. «Hori momentu honetan arazo bat da. Izan ere, esaterako, traumatologoarekin badabil hemen paziente bat, azterketa pila bat egin dizkiote, eta Donostiara bideratuta, han berriz egin behar dizkiote azterketak?», itaundu du Aranak. Arazo horiek ikusita, hitzarmenaren bidezko sistemari zergatik eusten dioten ez du ulertzen. «Azken 30 urteotan Tolosaldea da eskualde bakarra zeinean ez den osasunazpiegituretan inbertitu. Hau da erkidego osoan dagoen ospitale bakarra ez dena publikoa; 65.000 biztanlerentzat da. Zergatik izan behar dugu ezberdinak? Ekitateaz ari dira: 'Ekitatea, ekitatea, ekitatea'. Gurekin zergatik ez?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.