Langile bat hil da Legution, erabiltzen ari zen garabitik pieza bat gainera erorita

Azpikontratatuta ari zen lanean, Olatek enpresarentzat. LABen datuen arabera, aurten Euskal Herrian lanean hildako 31. behargina da

Lan istripuen aurkako elkarretaratzea, atzo, Corellan. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Langile bat hil zen atzo goizean, Legution (Araba), erabiltzen ari zen garabiko pieza bat buru gainera erorita. Egurrezko xaflak eta habeak egiten dituen Gojain industrialdeko Olatek enpresan izan zen ezbeharra. 34 urteko portugaldarra makinak mantentzeko azpikontratatutako Ventil Engenheria do Ambiente enpresakoa zen, eta Osalaneko teknikariak ikertzen ari dira istripua nola gertatu zen.

CCOOk azpikontratu kasuetako segurtasun falta salatu du, eta instituzioei ikuskapen gehiago egiteko eskatu die. LABek salatu du azpikontratazioek ezbehar kopurua handitzen dutela, eta hori eragozteko neurriak eskatu ditu. Gainera, azaldu du istripuen atzean errudunak daudela, eta ez direla zorte txarraren ondorio.

Lan istripua salatzeko, elkarretaratzea egingo dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek ostiralean, Gasteizen.

Azken astean lau hildako

Azken astean beste hiru euskal behargin ere hil dira lan istripuz.Astearte goizaldean Cintruenigoko (Nafarroa) kamioilari bat hil zen, Huescan izandako istripu batean. 44 urteko Pedro Morado Aviaren kamioia AP-2 autobidetik atera zen, eta, aldapa batetik erori ondoren, su hartu zuen. Bartzelonara letxugak eraman ostean, Nafarroara itzultzen ari zen, eta 05:30ean eduki zuen istripua, Fraga parean. Suhiltzaileak bertaratu baziren ere, ezin izan zuten ezer egin.

Ostiralean, berriz, 35 urteko langile bat eta 54ko beste bat hil ziren Corellako araztegian, hondakin urak zeuden hiru metroko sakonerako putzu batera erorita. Bi langileetako bat gas toxikoak arnastegatik zorabiatu, eta putzura erori zen. Beste langilea, berriz, laguntzera jaitsi zen, eta, putzuak isurtzen zituen gas kaltegarrien ondorioz, biak ito ziren, oxigeno faltagatik.

Ezin izan zuten ezer egin Ricardo Catalan Garciaren eta Luis Gonzalez Fernandezen bizitza salbatzeko, suhiltzaileak eta medikuak bertaratu baziren ere. Gorpuen erreskatea ere zaila izan zen, metro bateko diametroko hodi batean zeudelako eta putzuak isurtzen zituen gasak kaltegarriak zirelako.

LABen datuen arabera, 2018. urtean guztira 31 langile hil dira Euskal Herrian lanean.

Osalanen datuak

Lan istripuek gora egin dutela diote Osalanen azkeneko datuek, 2017ari dagozkionek. Uztailean aurkeztutako txostenak dio iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,5 egin zutela gora ezbeharrek, eta larriek, berriz, %12. Laneko istripuen ia %23 behargina kontratatutako lehen sei hilabeteetan gertatu ziren.

Iazko datuek eten egin dute istripuen beheranzko joera. Izan ere, mende hasieratik %39,5 jaitsi direla dio Osalanek.

In itinere izandako istripuak kontuan eduki gabe, 29.484 istripu izan ziren iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik 155 larriak izan ziren, eta 25ek heriotza eragin zuten. Zerbitzuen sektorean izan ziren 15.745 istripu, eta 10.197 industrian. Lanera bidean edo lanetik bueltan zihoazen langileek 3.914 auto istripu izan zituzten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 35 larriak izan ziren, eta sei istripuk heriotza eragin zuten. 2016tik %11 handitu da zenbateko hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.