Politika, umetokitik

Jaiotza tasak behera egin du Europan, AEBetan eta Latinoamerikako hainbat herritan, 2000. urtetik. Gero eta emakume gehiagok erabakitzen dute haurrik ez dutela nahi. Bertze anitzek zentzu politikoa eman diote erabaki horri, umerik ez izatea aktibismorako tresna bilakatuz.

edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Oinarrizko eskubidea da zure gorputzarekin zer egin nahi duzun erabaki ahal izatea». Audrey Garciak antzutzea erabaki zuen, duela bi urte. 37 ditu orain. Frantziarra da, baina Bartzelonan eman ditu azken hamar urteak. Animalien aldeko aktibista da. Ekologiaren bidetik ailegatu zen antiespezismora, eta antiespezismo horren ondorioz erabaki zuen, 2013ko udan, ebakuntza egitea. «Erabaki politikoa izan da».

Garciak beti izan du argi haurrik ez zuela izan nahi. Bitan abortatu du. Ekologismoaren inguruko kezka piztu zitzaionean, garbi ikusi zuen bere erabakiak mesede egiten ziola planetari: «Haur gehiago izatea eramanezina da Lurrarentzat». Garcia barazkijale zen ekologiaren bidetik abiatu zenean; eta begano bilakatu zen bere borroka animalia guztien aldeko bihurtu zuenean. «Nire erabakia berretsi baino ez nuen egin; seme-alabak izaten baditut, animaliak hiltzen lagunduko dut, ezin baitut ziurtatu haiek ere begano izanen direla».

Anitz dira haurrik ez izatea erabakitzen duten emakumeak. Eta anitz dira, halaber, hautu horren aldeko arrazoiak. Ingurumena eta bertze animalien esplotazioa jarri ditu Garciak mahai gainean. Halako argudioek eztabaida pizten dutela nabarmendu du. Erran du gehiago. «Gizarteak, oraindik ere, ugaltzeko helburu bakarra duten umetokitzat jotzen gaitu emakumeak». Antzutzeko bere prozesua jarri du horren adibide. «Medikuek behin baino gehiagotan jarri dute zalantzan nire erabakia. Ama izan nahi baduzu, inork ez dizu galdetzen ongi pentsatu ote duzun. Baina umerik ez duzula izan nahi erabakitzen baduzu, orduan denek dute zerbait errateko», salatu du. Hamaika aldiz erran zioten medikuek antzutzea betiko izanen zela: «Haur bat ere betiko da, baina horrekin ez dira kezkatzen».

Essure metodoa erabili du Audrey Garciak antzutzeko. «Anestesia lokala baino ez da behar. Hoditxoak jartzen dizkizute Falopioren tronpen sarreretan; zure gorputzak berak orbaindu egiten du ingurua. Tronpak berez blokeatzen dira».

Informazioa zabaltzeko beharra dagoela argi du frantziarrak. «Emakumeok badugu eskubidea gure esku dauden aukerak ezagutzeko. Haurdun ez gelditzeko zer antisorgailu erabiltzen ahal dugun erraten digu ginekologoak; informazioa eman beharko ligukete ere antzutzeari buruz». Irakurketa feminista ere egin du. «Gurea da gure gorputzaren kontrola. Gure esku egon behar du haurrak izateko, abortatzeko edo antzutzeko erabakiak». Informazioa zabaltzeko ardura bere egin du Garciak, sare sozialen bidez. Antzutzeari buruzko webgune baten arduradunetako bat da:https://www.facebook.com/esterilizacionvoluntariaderechohumanobasico.

Bere prozesuan murgildu zenean, Audrey Garciaren esperientziaren berri jaso zuen Teresak, hain zuzen —nahiago du bere abizena ez argitaratu—. Ez du bide beraren alde egin, hala ere. Antzutzea erabaki du, Garciak bezala, baina ez du metodo bera erabiliko. «Essure Bayer enpresarena da, eta, etikagatik, ez dut lagundu nahi enpresa hori. Hainbat emakumek arazoak izan omen dituzte, gainera». Tronpak lotzeko zain dago Teresa, Bizkaian. «Espero dut ebakuntza egin izanen didatela urte amaierarako».

Teresak ez du umerik, baina ama sentitzen da. «Bi katu adoptatu ditut, eta haien zaintzaile naiz». Ihes egin nahi dio familiaren ohiko zentzu itxiari; bertzelako ereduak aldarrikatu. Antzutzeko erabakiaren bidez, gainera, «zapalketa ororen kontrako jarrera politikoa» jarri nahi du mahai gainean. «Bizi garen sisteman, gizaki oro dago zapalduta, eta zapaltzaile da, aldi berean; antiespezista naiz, eta, ikuspuntu horretatik, haur bat izateak eragiten die jateko, janzteko eta abar erabiltzen dituzten animaliei». Bat egin du Garciarekin: «Ezin duzu ziurtatu zure umea beganoa izanen dela».

Erabakia, bertzeen esku

25 urte ditu Teresak. «24 nituen lehenengoz ginekologoarengana joan nintzenean, antzutu nahi nuela erratera. Ospitaleko ginekologia zerbitzura bideratu ninduen. Nota batean aipatu zuen nire adina». Ospitaleko ginekologia zerbitzuko buruaren baimena behar izan du, prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Gizon baten baimena, bere kasuan. «Bilera egin behar zutela erran zidan nire medikuak, erabakitzeko». Baiezkoa eman diote, baina argi utzi du ezezkoa jasotzen ahal zuela. «Zuzenean ezetz erran beharrean, esperatzeko eskatzen diete emakume anitzi», azaldu du. «Haurrak izateko ez duzu inoren baimena behar; antzutu nahi baduzu, ordea, azken erabakia ez da zurea».

Aitor Gorrotxategik argi du egungo gizarteak, oraindik ere, ama biologiko izatea ezartzen diola helburu nagusi emakumeari. «Gizontzat harturiko gorputza dugunok ez dugu presio bera. Eta antzutzeko orduan ere, prozesua errazagoa da guretzat». Bilbotarrak 28 urte ditu, eta ebakuntza egin du jada. Arazorik ez du izan egiteko. Medikua iritziz aldarazten saiatu zela azaldu du, hala ere: «Urologoak erran zidan erokeria zela 28 urterekin antzutzea. 18 urterekin hamaika droga legal har dezakezu, botoa eman dezakezu, polizia edo militar izan zaitezke, eta, ondorioz, hil; ehiztari izan zaitezke, edo hiltegi bateko langile, eta, ondorioz, hil; hori normaltzat jotzen da. 28 urterekin antzutzea erabakitzea, berriz, erokeria da medikuarentzat».

Gorrotxategik onartu du nerabea zenean seme bat izanen zuela pentsatzen zuela. «Gizarte sistema honetan egin beharreko urratsa zela uste nuen». Harago begiratzen hasi zen arte. «Argi dut bertze norbanakoak eta haien egoera kontuan hartu behar ditudala, egoera horietan ardura bat ere badudalako nik». Gizakiez eta gizaki ez diren norbanakoez ari da. Antzutzea erabaki politikoa dela nabarmendu du, baina haurrak izatea ere badela argi du. «Bi erabakiek eragiten diete bertzeei; umea baduzu, sistema legitimatzen duzu; ez izateak, berriz, bizi zaren zapalkuntza sistemaren zikloa apurtzen du». Mahai gainean jarri du eztabaidarako gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.