Txinak supermerkatua berrasmatu du

Kutxazainik gabeko supermerkatuak, itsaskiak erosi eta bertan jateko aukera ematen dutenak, orga automatikoek bezeroei jarraitzen dietenak... Ez, ez da zientzia fikzioa: Txinan badira horrelako saltokiak. Eta ugalduz doaz.

Banaketa. Internet bidezko erosketez betetako poltsak sabaiaren gainetik doaz biltegira, handik bana ditzaten. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Merkataritza berria esaten diote, eta etorkizuna hura besterik ez dela gaineratzen dute. Izena ere jarri diote, ingelesez noski: New Retail. Betiko saltoki tradizionalak berrasmatzeko formula perfektuaren bila dabiltzan guruak konbentzituta daude offline negozioek —ohikoek, hizkera arruntagoan—, iraungo badute, online kanalekin integratzea lortuko dutelako iraungo dutela, eta Internetek ezin erreproduzitu ditzakeen esperientziak eskainiko dituztelako. Hasteko, supermerkatuak izango dira datozen urteetan gehien aldatuko diren saltokiak. Azken finean, ez du zentzu handirik erosketak egitera supermerkatu batera joateak hango apaletan topatu daitezkeen gauza guztiak sakelako telefonoko apli-kazio baten bitartez eros badaitezke, eta horrela poltsa pisutsuekin joan-etorria egitea aurreztu.

Ildo horretan, zalantzarik ez dago, Txinak urratzen du bidea.Amazon ere badabil lan horretan, baina Asiako erraldoia pauso bat aurrerago doa. Sakelako telefono bidez egindako ordainketen garapen ikusgarriari smartphone-en zabalkunde handia eta biztanleriak berria den edozer gauzarekiko duen gogoa gehitu zaizkio. Horrek ekarri du saltoki desberdinen sorrera, baina baita, modu batera edo bestera, erosketa prozesuaren birdefinizio bat ere.

Aitzindariak

Supermerkatu molde berrien aitzindarien artean daude Alibaba eta JD merkataritza elektronikoaren erraldoiak, baina Carrefour, Ole, City Shop eta beste kate tradizionalak ere ez dira atzera gelditzen ari.

Alibabak 2015ean zabaldutako Hema saltokiak beteranoak dira sektorean, eta balio dute ikusteko etorkizun hurbila nolakoa izango den. Lehen begiradan supermerkatu arruntak dirudite, baina bezeroak berehala jabetzen dira ez direla halakoak. Lehenik eta behin, salgaientzako tokia negozio tradizionaletan baino nabarmen txikiagoa da. Izan ere, enpresak erabaki du tokiaren zati handiena irla tematikoetan banatzea, bezeroak haietan produktua dastatu dezan.

Garagardoak ateratzen dituen taberna txiki bat dago, Starbucksek kudeatutako kafe txoko bat, eta zenbait sukalde, non sukaldari mordoxka batek norberak bertan jan nahi dituen otorduak prestatzen dituen. Horretarako, aparteko ordain bat pagatu behar da, plater motaren eta pisuaren arabera, eta kilo erdiko 30 yuan (3,8 euro) ordaintzen dira gehienez. Itsaskiak ditu maiteen publiko txinatarrak, baina ez dira falta zopa edota xerra aukeratzen dutenak.

«Lehen, bulegotik gertu genituen jatetxe txikietara joaten ginen, baina jabetu ginen hemen elikagaiak hobeagoak, freskoagoak direla, maiz inportatuak, eta prezioa ere txikiagoa da», azaldu du Huangek. Alibabak Shanghaiko Changing auzoan zabaldu duen Heman dago, enpresako lankide batzuekin. «Itsaskia bizirik dago, eta, produktuari begiratuz, bakoitzak aukeratzen du. Ez da jatetxeetan bezala, hor ez baitakizu oso ondo zer ematen dizuten jaten», egin du barre.

Saltoki tradizionalekiko abantaila horretaz gain, Hemak hiru erosketa mota eskaintzen ditu. Molde zaharrean egin daiteke, produktuak apaletatik orgara hartuz eta gero autozerbitzu kutxan ordainduz; hori bai, ordainketa elektronikoetarako Alipay kontu bati lotutako supermerkatuko aplikazioa da ordaintzeko modu bakarra.

Aplikazio horren bidez, etxetik ere egin daiteke erosketa, eta banatzaile batek ordu erdi baino lehenago etxera eramaten du erositakoa, betiere bezeroa ez badago hiru kilometro baino urrutiago.

Azkenik, erosketa molde hibrido bat ere badago aukeran: produktuak supermerkatuan aukeratzen ditu bezeroak, baina erosketa aplikazioaren bidez, produktuaren xehetasun guztiak eskaintzen dizkioten web orriak eskura dituela eta aukeratutako produktuaren barra kodea eskaneatuz. Erosketaren datuak erregistratuta gelditzen dira, eta hurrengo bisitetan aplikazioak bere gustuetan oinarritutako gomendioak egiten dizkio.

Printzipioz, Hemaren xedea langilerik gabe aritzea da, eta haren saltoki askotan jada ez dago inor kobratze lanetan. Baina harrigarria da zenbat langile dauden bezeroei zerbitzua ematen,erosketan laguntzen, dastatzeko produktuak eskaintzen eta Internet bidez erosi dutenen poltsak betetzen. Kode irakurgailu bat eskuan, alkandora urdineko gazteak apal eta edukiontzietan zehar dabiltza poltsak betetzen eta aplikaziotik egindako erosketa zerrenda osatzen. Behin beteta dagoenean, poltsa, garraio uhal batean, saltokiko sabaitik biltegira doa. Han dauzka zain banatzaileak, beren bizikleta elektrikoekin. Sistema guztiak zientzia fikziozko kutsu bat ematen dio saltokiari, eta askok ezin dute saihestu argazki bat ateratzea eskuko telefonoarekin.

Beste lehiakideak

Alibabaren lehiakide nagusiak, JD.com-ek, kontraerasoari ekin dio 7Fresh supermerkatu sare propioarekin. Haietan bada berezitasun erakargarri bat: bezeroaren atzetik joaten diren erosketa orga automatiko txiki batzuk, haiek bultzatzeko lana aurrezten diotenak bezeroari.

Carrefour frantziarrak ere ekin dio birmoldaketari, baina lotsati samar, espazio txiki batzuetan mahai eta aulkiak ezarriz eta wifia doan eskainiz.

Edonola ere, nahiko argi dago Hema dela aldaketen lemazaina: 25 saltoki ditu zazpi hiritan, eta zabalkunde asmo erasokorra du; aurten soilik, beste 30 saltoki zabaldu nahi ditu Pekinen, eta Txina osoan gutxienez 2.000saltoki kudeatzea da haren xedea.

Bultzada horrekin, Analysys aholkularitza etxearen arabera, datorren urtean Txinan online supermerkatuen salmentak ziztu bizian handituko dira, 45.000 milioi euroraino. Jauzi erraldoia da, 2016an salmenta horiek 11.700 milioi eurorenak izan baitziren. Oraingoz, hiri eremuko txinatarren %7k jada sarearen bitartez egiten dituzte erosketak, eta, merkataritza gune berrien zabalkundearekin batera, erosle horien kopurua gero eta handiagoa da.

Alibabaren arabera, Hemaren lehen bi urte hauetan bere erabiltzaileek hilabetean batez beste 4,5 erosketa egin zituzten. Saltoki katearen aplikazioa zabaldu dutenen artean, konbertsio tasa bereziki handia izan da: %35ek erosi zuten zerbait. Orotara, online eskariak %50 baino gehiago izaten dira, eta saltoki zaharrenetan %70era irits daiteke. «Jendeak askoz gehiago gozatzen du hemen supermerkatu arrunt batean baino. Jostagarria da, eta lagunak ere egin ditzakezu. Gauza ez da erosketa orga bat betez joatea, baizik eta hori eginez ongi pasatzea», laburbildu du Chen abizeneko langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.