Ez da bete suak hustutako guztia

Bost urte bete dira sute batek Bermeoko alde zaharrean hainbat eraikin kiskali zituenetik. Gehienak dagoeneko berreraiki dituzte; orube bi geratu dira hutsik eta udaletxea konpontzeko dago. Oraindik ere ezbeharraren ondorio ekonomikoak jasaten ari dira kaltetuak.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Laguna nuen suhiltzaileetako bat, eta eurei laguntzen nenbilen. Gora begiratu nuen, eta ikusi nuen nire eraikineko teilatuan ere garrak zeudela. Lagunari egin nion oihu. Esan zidan orduan ezin zirela gure eraikinarekin hasi, lanean zebiltzanarekin bukatu behar zutela lehenengo». Azkenean, etxe barik geratu zen Gorka Gomez bermeotarra 2013ko apirilaren 11 hartan. Eta oraindik ere hutsik dago Bermeoko alde zaharreko orube hura. Unean bertan ez zuen ezer sentitu. «Adrenalina da sentitzen duzun bakarra». Baina biharamunean «amorrua eta ezinegona» zuen barruan. Dena galdu zuen. 70 lagun geratu ziren kalean Bizkaian azken hamarkadetan izandako suterik larrienean.

Nardiz'tar Jon kaleko 23. zenbakian hasi zen sutea. Bero zen udaberri hartan, ez zuen euririk ari, eta haize zakarra zebilen. Horrek lana zaildu zien suhiltzaileei, eta, suari, berriz, zabaltzea erraztu. Inguruko eraikinetara hedatu ziren garrak azkar. Sorburuarekin batera, erabat kiskali ziren 17. zenbakia, 18.a eta 20.a ere. Kalte larriak izan zituzten 15.ak, 16.ak eta 19.ak. Baita Bermeoko udaletxeak ere, XVIII. mendeko eraikin dotoreak.

Bizilagun batzuk lagun eta senideen etxeetara joan ziren, baina beste askok ez zeukaten non hartu aterpe. Bermeoko Udalak, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat etxe publiko ipini zituzten herritar horien esku; logelak eskaini zituzten herriko ostatuek eta hotelek ere.

Egun hartako urduritasuna du gogoan Idurre Bideguren alkateak. «Udal aurrekontuak onartzen direnean, gutxi gorabehera, badakizu nola joango den urtea. Baina horrelako ezbehar bat gertatzen denean, dena hankaz gora jartzen zaizu. Pentsa: udan ere oraindik nire laneko agenda osoa sutearen ondokoek betetzen zuten». Hasieran «beldur» izan zela aitortu du. «'Gu ez gara honi aurre egiteko gai'. Hori esaten nuen egun hartan». Baina gero egindakoaz «harro» dago. Udalaren, gainerako erakundeen eta herritarren erantzuna goraipatu du. «Elkarlanari esker, erantzun ona eman genion arazoari». Azaldu du udalaren helburua kaltetuei laguntzea izan zela: «Zer lortu nahi duzun argi daukazunean, esfortzu guztiak hori lortzeko izaten dira». Udalak, gizarte laguntza eta babes psikologikoa emateaz gain, burokrazia arintzeko ahalegina egin zuen. Kaltetuentzako arreta osoa bulego bakarrean bildu zuen.

Suak hondatutako eraikinetatik bi falta dira berriz eraikitzeko: 23.a —han sortu zen sutea— eta 16.a. «23.ean ez zen inor bizi. Ustez sutea sortu zen taberna baino ez zegoen han. Eta 16.eko bizilagunen arteko desadostasunengatik ez dute eraikitzea lortu», azaldu du alkateak. Berriak eraikitzeko, guztira, zortzi milioitik gorako inbertsioa egin behar izan dute suteak ondasunik gabe utzi zituen etxejabe haiek.

Bi hipoteka ordaintzen

Gomez da 16. atariko bizilagunetako bat. 35 urte zituen garai hartan. 2008an erosi zuen etxea. Urtebetez zaharberritze lanak egin zituen, obretan 80.000 euro inbertituta. 2009tik bizi zen han. Sutea piztu zen gauean amarenean zegoen lotan, kale bi gorago. Oraindik bere etxea sutan hasi aurretik deitu zioten gertatzen ari zena jakinarazteko. Azaldu du 07:00 inguru zirela, eta izekok eman ziola abisua.

Amaren etxean igaro zituen lehen lau egunak. Gero, Bizkaiko Diputazioak kaltetuen esku utzi zituen etxebizitzetako batera joan zen. «Beti faltan sumatzen dira gauzak, baina, gaur egun, atzera begiratu, eta uste dut laguntza ona eman zigutela erakunde publikoek». Dena galdu zuela dio. «Pentsatu orain zuk zer duzun etxean. Ba hori guztia irentsi zuen suak. Aldean nuenarekin geratu nintzen ni». Eta hipotekarekin. Izan ere, bizilagunek etxea galdu zuten, bai, baina ez bankuekin zeukaten zorra. Aseguru etxeak ordaindu zionarekin lehen hipotekaren zati bat ordaindu zuen Gomezek, baina ez zen zorra osorik kitatzeko nahikoa izan. «Gainera, ogasunak ulertzen du kalte-ordain hori nik jasotako irabazi bat dela, nik izan dudan diru sarrera handi bat. Beraz, zergetan sekulako diru pila kenduko lidake. Hori saihesteko aukera bat beste etxe batean inbertitzea da, eta hori egin nuen nik: bigarren etxea erosi». Gaur egun, bada, hipoteka bi ordaintzen ari da Gomez: sutean galdu zuen etxearena eta, gero, bera bizitzeko erosi zuen etxearena.

Iaz epaiketa izan zuen Gomezek. Aseguru etxe batzuek eta bizilagun batzuek 23. zenbakiko aseguru etxearen, eraikinaren beheko aldean zegoen Athletic tabernaren jabearen eta lokalaren jabearen aurka. Izan ere, sutea tabernan sortu zela esan zuten suhiltzaileek hasieran. Baina epaileak ez zuen behar beste froga ikusi, eta errugabetzat jo zituen akusatuak. «Ezin daitekeenez sutearen jatorria zein izan zen zehaztu, ezin dakioke erantzukizunik leporatu akusatuari», ebatzi zuen epaileak. Helegitea ipini zioten epaiari, eta Gomezek dio aurten izango dutela bigarren epaiketa Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Hala, bost urte igarota ere, sutea ahaztu ezinik dabil, dagokiola uste duen hori eskatzen.

Bideguren ere ohiko lantokira itzuli gabe dago oraindik. Sute hartan udaletxea ere kaltetu zen, eta udalaren beste lokal batzuetara eroan behar izan zuten udaletxea. Lanean ari direla azaldu du. Herriko alde zaharra egokitzen ere bai. «Sute hark gauza asko irakatsi zizkigun: batetik, taldean lan egiten, baina, bestetik, irakatsi zigun hirigintza aldetik aldaketak egin behar genituela».

Bermeok Euskal Herriko alde zahar handiena du. 17.000 biztanle ditu herriak. Urtean, batez beste, hamabi sute sortzen dira. «Tasa handia dugula uste dugu, eta horietatik herenak, gainera, alde zaharrean izaten dira». Gogoan du sutearen ondoren kalea soilik oinezkoentzako bihurtu izana «sekulako ideia» iruditu zitzaiela. «Garai batean autoz beteta egoten ziren. Imajinatu horrela egon izan balitz egun hartan: suhiltzaileak ezin sartu!». Sute hartan ez zuten aparteko arazorik izan etxebizitzak husteko. Ez zen zauritu larririk izan. Baina aitortu du gerora egon diren beste sute batzuetan estuago ibili direla. Adibidez, badira igogailurik gabeko eraikinak, eta kasu batzuetan eskailerak ere ez dira oso egokiak. Hirigintza arauen inguruko gogoeta egiten ari dira orain. Alde zaharreko plaza ere berritu nahi dute, eta udaletxea bera egokitzean hori egin asmo dute. Merkataritza kalea da Nardiz'tar Jon. Sutea gertatu aurretik bizitasuna galtzen hasia zegoela aitortu du alkateak, baina oraindik ez dute lortu orduko egoerara itzultzea. Hori dute helburu.

Sutearen ondoren suhiltzaileen erreserbako talde bat eskatu zuten herrirako. «Beroaldian egin nuen eskaera, eta agian ez zen zuzena izan. Baina gero Bermeoko Herri Babesak txostena egin zuen, eta argi geratu zen kokapenagatik eta ezaugarriengatik suhiltzaileak behar dituela herriak». Bizkaiko Diputazioari egin diote eskaera ofiziala. Haren esku dago orain onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.