Albistea entzun

Euskarazko hazia, lore erdaretan

Geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da eraikin eta egitasmoei ingelesezko izenak jartzea. Duela bospasei urte hasi zen joera hori hedatzen, eta ordutik ez du etenik. Batzuek diote irudi aldaketa soila dela, ez izen aldaketa; beste batzuek egitasmoen nazioartekotzea dute arrazoitzat. Bideoa, albistearen amaieran.

Donostiako Zinemaldiaren irudi berriak SSIFF siglak ditu.
Donostiako Zinemaldiaren irudi berriak SSIFF siglak ditu. PABLO GOMEZ / DONOSTIA ZINEMALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2018ko maiatzak 25

Irail amaierarako plan ezin hobea izan daiteke. Hartu Goierri Valley-n egindako autobusa, eta joan Bermeo Tuna World Capital-era. Erosi garagardo parea Izaro Irish Pub-en, eta gozatu estropadez, moila gainean eserita. Ziur traineruren batean badagoela BAT Basque Team-en dabilen arraunlariren bat, eta agian Go Fit Hondarribiak irabaziko du estropada. Kirola atsegin ez bada, gertu dago Urdaibai Bird Center. Iluntzean, Gipuzkoara joan eta Basque Culinary Center-en afaldu ostean osteratxoa egin daiteke Donostiara, San Sebastian Region-en zer aurkituko.

Puri-purian jartzen ari da ingelesezko izenak jartzeko ohitura. Azkenaldian, Euskal Herriko Itzuliaren eta Donostiako Zinemaldiaren aldaketek sortu dute kalapita. Lehenak izena aldatu eta Itzulia Basque Country erabiltzen hasi da, eta bigarrenak irudia aldatu eta SSIFF siglak erabiliko ditu aurrerantzean. Alabaina, ohitura duela urte batzuk hasi zen errotzen, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren arabera: «Duela hiruzpalau urte igarri genuen, Bilbon, ostalaritzan batez ere. Asko kostatzen zitzaigun ulertzea, gehienak bertakoentzat baitziren, eta ez kanpoko bisitarientzat, edo Bilboren irudia kanpoan sustatzeko». Zupiriaren ustez, baina, Itzuliaren eta Zinemaldiaren kasuan aldaketak ez dira espero bezain nabarmenak izango: «Antolatzaile talde berriaren lehen erabakia izan da lasterketari bere izena mantentzea: Itzulia. Hori du izen ofiziala. Gero erantsi zaio Basque Country». Halere, Zupiriak zehaztu du barne komunikazioan darabilten izena euskarazkoa dela, eta «ulergarria» egin zaio lasterketari Basque Country deitura gehitu izana: «Itzuliak hemendik kanpo ditu ikusle gehien, Eurosport eta halako telebista plataformen bitartez. Seguruenera, deiturak komunikazioa erraztu eta mesede egiten digu herri gisa». Halaber, dio Itzuliaren kasuan «errespetatu» dela deitura nagusia.

Donostiako Zinemaldiari dagokionez, berriz, harremanetan aldaketarik ez du espero Zupiriak. Hala, zehaztu du erabakia ulertzeko komeni dela jakitea zuzendaritzaren helburu nagusietako bat zein den: «Zinemaldiak ahalegin bat egin nahi du nazioarteko hedabideetan oihartzun handiagoa izan dezan». Zupiriaren ustez, litekeena da Zinemaldiko zuzendariek aldaketa egin izana «nazioarteko zirkuituetarako sarrera errazteko». Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordeak hori bera baieztatu du. Haren esanetan, jaialdiak itxura aldaketa bat egin du, ez izen aldaketa bat: «Nazioartera begira, hala irakurtzen delako, sigla horiek sartu dizkiogu. Baina ez da jaialdiaren izena aldatu. Donostia Zinemaldia da euskaraz; Festival de San Sebastian gazteleraz eta San Sebastian International Film Festival ingelesez. Imagotipoa aldatu da». Zeresana ematen jarraitzen du gaiak; Donostia Zinemaldia izenari eustea eskatu zuen udabaltzarrak atzo.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren ustez, «interesgarria» izan daiteke merkataritza arloan eta herriaren ezaguera zabaltzeko asmotan ingelesezko izenak erabiltzea. Hori bai, eremu publikoan hizkuntza ofizialak bermatu egin behar direla azpimarratu du: «Lehenetsi egin behar dira hizkuntza ofizialak, legeak hala agintzen duelako. Gainontzekoak sartzen badira, sar daitezela, baina betiere ofizialak ahaztu gabe». Halaber, Urrutiak dio eremu pribatuan kokatzen diren ekimenek ere badituztela «zenbait betebehar» hizkuntza ofizialen erabilerari dagokionez.

Zupiriari kosta egiten zaio ulertzen bertakoentzako ekinbideetan ingelesezko izenak jartzeko ohitura: «Bereizi egingo nuke bertakoentzako edo bisitarientzako deituren artean. Uler dezaket, kanpora begira denean, haiengan inpaktua sor dezaketen izenak bilatzea, baina gure egunerokoari dagozkion ekimenekin gehiago kostatzen zait». Urrutiak ez du ulertzen «ingelesa, frantsesa edo alemana sartzeagatik euskararen presentzia gutxitzea».

Euskaltzaindiko buruak zehaztu du joera honek ez duela «trataerarik jaso» Euskaltzaindian. Haren esanetan, duela urte batzuk hiru hizkuntzak —euskara, gaztelera, ingelesa ikastearen alde euskararen presentzia gutxitzeko eztabaidak sortu zuen kezka. Zupiriak, aldiz, azaldu du euren sailean langileekin tratatu izan dutela gaia.

Industria, aitzindari

Ingelesezko izenen erabilerari dagokionez, enpresa munduak eraman du gidaritza. Ez da horren adibide faltarik Euskal Herrian; Basque Digital Innovation, Goierri Valley, Basque Industry 4.0, Innobasque, Donostia Tech Week, Legal Tech, Up! Euskadi, Basque Energy Bidea, World Metro Light Rail Bilbao eta Basque Innovation Hub dira multzo handi bateko hainbat adibide.

Eusko Jaurlaritzako Industriaren Garapen eta Azpiegitura Sailarenak dira horietako hiru: Basque Innovation Hub, Basque Industry 4.0 eta Basque Energy Bidea. Kultur eta kirol arloko egitasmoekin gertatzen den bezala, nazioartekotze estrategia baten barruan daude deitura horiek, saileko iturrien arabera: «Jaurlaritzaren Euskadi Basque Country nazioartekotze estrategian oinarritzen dira. Basque Country bera marka bihurtu da; gure enpresak nazioartekotze prozesuan sartzen direnean, marka hori erabilita badute tokia. Hainbat esparrutan dagoeneko oso ezaguna da marka hori». Hannoverko (Alemania) industria azokaren adibidea azpimarratu dute; azoka horretan, euskal enpresa gehienek Basque Industry 4.0 itsasgarria eramateak «posizionamendua» eskaintzen diela azaldu dute.

Basque Innovation Hub-en kasua alderantzizkoa da, industria saileko iturrien esanetan: «Munduan hainbat hub daude; aktiboen sareak dira. Guk hub horiek inportatu ditugu. Zergatik? Inolako esfortzurik gabe nazioartean oso erraz identifikatuko dutelako zertan ari garen». Halere, azaldu dute badagoela ingelesa erabiltzeko joera «oso argia»: «Aztertu dugu, eta uste dugu gure izenen kasuan badutela nazioarteko sen markatu bat; departamentua nazioartekotzeari oso begira dago».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaurko kontrol saioan ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk Hezkuntza Sailari eskatu dio argitu dezala eskola ibilbide batzuk enpresa bati esleitu izana

Edurne Begiristain

Gipuzkoako eskola garraioaren ibilbideen zati bat Hezkuntza Saileko aholkulari baten enpresari esleitu diotela argitaratu dute gaur Vocento taldeko egunkariek. Gorrotxategik azalpenak eskatu dizkio lehendakariari.

Etxebizitza berrien obrak, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Babes ofizialeko etxe bat eskuratzeko gehieneko diru sarrerak % 8,5 igoko ditu Jaurlaritzak

Edurne Begiristain

27.125 eurora eguneratuko ditu babes ofizialeko etxeak eskuratzeko gehieneko diru sarrerak. Iñaki Arriolak iragarri du «berehala» hartuko dutela erabakia, familiarik ez geratzeko sistematik kanpo.

Philippe Monguilloten heriotza salatzeko martxa, Baionan. ©Guillaume Fauveau
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, parlamentuan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lezkairun D eredua jarri ez izana «eskari urriari» egotzi dio Gimenok

Ion Orzaiz

EH Bilduk esan du euskarazko aukera «ezkutatu» zaiela familiei. Auzoko 56 familiak egin dute D ereduan ikasteko eskaera, beste zentro batzuetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.