Lan erreforma aldatzeko, kalean presio egingo diote CCOOk eta UGTk Sanchezi

Otsailaren 8an milaka ordezkari sindikal batu nahi dituzte Madrilen, Espainiako Gobernuak eurekin adostutakoa indarrean jar dezan
Unai Sordo (CCOO) eta Pepe Alvarez (UGT), atzo, Madrilen.
Unai Sordo (CCOO) eta Pepe Alvarez (UGT), atzo, Madrilen. LUCA PIERGIOVANNI / EFE

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 9
Gutxiengoan gobernatzen saiatzeak sortzen dizkion buruhausteei beste bat gehitu diote sindikatuek Espainiako Gobernuari: lan erreformaren erreforma behingoz egitea nahi dute. Kalera joko dute horretarako, otsailaren 8rako sindikatuetako kideen elkarretaratze batera deitu baitute, Madrilen. Martxoaren 8an bukatuko den mobilizazio sorta baten hasiera izango da.

2012an PPren gobernuak indarrean jarritako lan erreforma biguntzeko negoziazioetan aritu dira azken hilabeteetan CCOO eta UGT PSOEren gobernuarekin. Elkarrizketa horiek fruitua eman zutela iragarri ere egin zuen Mari Cruz Vicente CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariak, abenduaren 13an. Haren arabera, hainbat gairen buruan adostasuna zegoen gobernuaren eta sindikatuen artean. Horien artean, bi dira nagusi: batetik, lan hitzarmen kolektiboen ultraaktibitatearen urtebeteko iraupena ezabatzea eta mugagabe bihurtzea berriz ere; eta, bestetik, sektoreko lan hitzarmenei lehentasuna ematea, eta ez enpresakoei.

Halaber, adostu zuten 52 urtetik gorako langabeek subsidio berezia berreskuratzea —55 urtetik gorakoek dute 2015etik—; eta azpikontratatutako enpresek sektorearen edo enpresa nagusiaren lan hitzarmena betetzea.

Dekretu bat nahi dute

Gehiegi aurreratu zela eta akordioa itxita ez zegoela erantzun zien PSOEren gobernuak, eta denborak arrazoia eman dio. Ia lau aste igaro dira orduz geroztik, eta erreforma proiektuaren aztarnarik ez dago. Eta haserretu egin dira CCOO eta UGT. «Bada garaia neurriak hartzeko berdintasunaren alde, eskubideak eta soldatak berreskuratzeko», esan zuten atzo Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak eta Pepe Alvarez UGTkoak, Madrilen. Haien iritziz, Sanchezek ez luke «ezkutatu behar bere gutxiengo parlamentarioaren atzean», eta erreformaren erreforma dekretu bidez aurkeztu beharko luke, «CEOE ez egon arren». Patronalari «beto eskubidea» ez emateko eskatu zion Sordok PSOEren gobernuari. Negoziazioetan baztertu izana aurpegiratu zion Antonio Garamendi CEOEko presidente berriak exekutiboari.

Sindikatuen arazoa da Espainiako patronala ez dagoela bakarrik erreformaren aurka. PSOEk 84 diputatu baizik ez ditu Espainiako Kongresuan, eta asko falta zaizkio 176ko gehiengo osora iristeko. PPren eta Ciudadanosen ezezkoak nahiko garbi daudenez, eta Podemosen baiezkoa lortuz gero, berriro ere Kataluniako alderdi independentistak eta euskal abertzaleak erabakigarriak izan daitezke balizko bozketa horretan. Talde horiei guztiei ere presio egin nahi dietela iragarri zuen Alvarezek, eta esan die ez diela onartuko «beste gai batzuk aitzakia gisa» jartzea.

Euskal Herrian, ELA ez da gustura azaldu balizko erreformarekin, kexu baita bere horretan utziko duela Espainiako itunen nagusitasuna erkidegoko eta herrialdeko hitzarmenen gainean. Estatalizazioa galaraziko ez lukeen erreforma ez onartzeko eskatu die ELAk euskal alderdiei, Espainiako itunak ezartzea baita, haren iritziz, soldata txikiagoak eta lan baldintza kaskarragoak eragin dituena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna