Kaxmirren areagotu egin da tentsioa, buruzagi ezagun bat hil ondotik

Indiak, Srinagar tropaz bete, eta Internet eta telefonia zerbitzua eten ditu. Geelaniren senideek salatu dute indarrez kendu dietela haren gorpua

Pertsona bat Indiako armadak ezarritako kontrol batetik igarotzen, Srinagarren. FAROOQ KHAN / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Kaxmirren kontrako blokeoa gogortu du Indiak, hango erresistentziaren ikur nagusietako baten heriotzaren testuinguruan. Herenegun hil zen Syed Ali Shah Geelani, Kaxmirgo Lehoia esaten ziotena, 1947an Indiaren mende geratutako Kaxmirko aurreneko lehen ministroa izandakoa eta Indiak kontrolatutako zatia Pakistanekin batzearen defendatzaile sutsua. Hainbatetan espetxeratu zuten, Pakistanekin batzearen aldeko kanpaina egiteagatik. Autodeterminazioaren aldeko hogeiindar batzen zituen APHC Alderdi Guztien Hurriyat Konferentziaren buruetako bat izan zen, harik eta iaz bere karguari uko egin zion arte, aliantzako beste kide batzuei bere aurka altxatzea egotzita.

Geelani hil eta ordu gutxira, Indiako segurtasun indarrek Srinagar hiria hartu zuten. Kontrol postuak ezarri zituzten sarbideetan, horietatik igaro nahi zutenei bidea itxiz. Gauerdian, berriz, Internet kendu zuten, eta baita geroxeago telefonia zerbitzua ere.

Buruzagiaren hiletarekin gertatutakoak sutu ditu kaxmirrak gehienbat, ordea. Izan ere, haren familiak salatu zuen indarrez eraman zutela Geeraniren gorpua, eta Indiako agintariek egin zutela hileta, senideek nahi zutenaren aurka. Izan ere, Naseem Geelani buruzagiaren semeak azaldu zuen Srinagarko martirien hilerri deiturikoan hilobiratua izatea zela Geeraniren desioa, baina hala izan zedin eragotzi zutela Indiako segurtasun indarrek. «Indarrez eraman zuten gorpua, 03:00etan, eta ez ziguten baimendu azken otoitza egitea», adierazi zion Naseemek Al-Jazeera hedabideari. Salatu zuen 10:00ak arte ez zutela hilobia ikusterik izan.

Press Trust berri agentziaren arabera, Indiako funtzionarioek hilobiratu zuten Geeraniren gorpua, helburutzat baitzuten hileta masiboak eta ondoko protestak eragoztea.

Hiletaren ondoren ere tropek hartuta jarraitu zuen Srinagarrek, hainbat herritarrek salatu zutenez. Hiriko komertzio nagusiak itxita zeudela jakinarazi zuten, eta ibilgailuen joan-etorria mugatu zuela Poliziak.

Neurriok ez dira salbuespenezkoak, hala ere, Narendra Modi Indiako lehen ministroak duela bi urte Indiako Konstituzioaren 370. artikulua dekretuz indargabetu eta Kaxmirri autonomia aitortzen zion estatusa baliorik gabe utzi zuenetik. Jammu eta Kaxmir estatuak zatitu zituen New Delhik, eta gobernu federalaren kontrolpeko lurralde administrazio bihurtu zituen. Ordura arte Kaxmirrek zituen zenbait eskumen zentralizatu ziren hala, eta Indiako armadaren okupazioa areagotu zuen.

Lurralde zatitua

Indiaren deskolonizazio prozesuak bi estatu independentetan zatituta utzi zuen Kaxmir lurraldea, 1947an, eta zatiketa horretan du sorburua hango gatazkak: Indiako zatia Jammu eta Kaxmir estatuek osatzen dute, eta Pakistango zatia, berriz, Azad Kaxmir eta Gilgit eta Baltistango eskualdeek. Txinak ere kontrolatzen du zati bat: Aksai Chin eskualdea eta Shaksgam.

Indiaren eta Pakistanen artean hiru gerra piztu ditu gatazkak. Lurralde osoaren jabe dela aldarrikatzen du lehenengoak, eta Pakistanek, berriz, estatu horren estatusa bertako herritarrek erreferendum baten bidez zehaztea, jakinda herritarren zati bat Pakistanekin anexionatzearen aldekoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.