Izan zitekeenaren ajea

Quebeceko erreferendumaren 20. urteurrenean, independentziaren aldeko alderdiak gain behera daude. Herritarren eta alderdien arteko tartea zabaldu egin da, politikarekiko konfiantza ezagatik. Halere, independentismoa presente dago oraindik ere Quebeceko gizartean.

Adrian Garcia.
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gertu, oso gertu. Eskura eduki zuten independentzia Quebecen. Gaur hogei urte Kanadatik bereizteko erreferenduma egin zuten, baina soilik 54.000 bat botorengatik gailendu zen ezezkoa. Oso gutxigatik zapuztu ziren independentziaren aldekoen ametsak: %49,5eko babesa jaso zuen baietzak, proiektu subiranistaburura eramateko beharrezkoa zuen baino puntu erdi gutxiago. Baina ordutik gauzak asko aldatu dira Kanadaren menpeko eskualdean. Mugimendu independentistak orduan erdietsitako indarra apaltzen joan da urteak igaro ahala. Hauteskundeetan PQ Parti Quebecoisek izandako emaitzak dira horren adierazgarri. 1993ko Kanadako hauteskundeetan %49ko babesa jaso zuen Quebecen. Azken urteetan, ordea, burua altxatu ezinik dabil: aurtengo boz orokorretan %19ko babesa lortu du.

Quebeceko eskualdea gobernatu, eta, aldi berean, Kanadatik bereizteko prozesuari heldu. Bi ertz horiek uztartzen saiatu da azken hogei urteetan PQ herrialdeko alderdi independentista nagusia. Hauteskundeen emaitzen bistan, agerikoa da ez duela asmatu ez bata ez bestea aurrera eramaten. «Oso zaila da epe luzera begira prozesu politikoari eustea», azaldu dio Alain G. Gagnonek BERRIAri. Montrealeko Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Zuzenbideko irakasle da Gagnon, estaturik gabeko nazioetan eta federalismoan aditua.

Independentisten emaitza txarrak gorabehera, ohartarazi du independentismoa bizirik dagoela. «Ezin da mugimendua lurperatu». Izan ere, erreferendumaren 20. urtemugaren harira hainbat zundaketa kaleratu dituzte, eta, horien arabera, Quebec independentean sinesten dutenak %30 inguru dira. «1995ean, erreferendumaren aurretik, %30-35 inguru ziren».

Dena den, orain hogei urte bizitako gizarte mobilizazioaren arrasto gutxi daude egun. «Krisi ekonomiko latzean bizi dira quebectarrak, eta egia da beste lehentasun batzuk dituztela», dio Gagnonek.

1995ean, Quebecen inoiz ikusi gabeko herri mugimendua eratu zen independentziaren alde; estatu berri bat sortzeko ahaleginean, gizarte zibileko hamaika erakundek bat egin zuten, alderdi politikoen desadostasunak gaindituta. Baina indar hori lurrundu egin da. «Boterean egon diren alderdi politikoak, batez ere independentistek, ez dute prozesuak eskatzen duen maila eman». Funtsean, «ohiko» alderdi politiko bihurtu dira. «Gizarte zibilaren eta alderdien arteko aldea handitu egin da. Alderdiak jada ez dira herritarren borondatearen adierazle».

Alderdi politikoekiko konfiantzak behera egin ahala nabarmendu da PQren gainbehera.«Independentziaren aldeko babesa zabalagoa da alderdi independentistek dutena baino».

Erreferendumaren ostean, Kanadako Gobernuak ez ditu aurreko akatsak errepikatu. 1980ko lehen herri galdeketaren ondotik, herrialdea deszentralizatzeko saialdiek huts egin zuten. 1995. urteaz geroztik, bestela gertatu da, ordea. «Egon dira aldaketa esanguratsuak», onartu du Gagnonek. Edonola ere, «deszentralizazio kontrolatu bat» izan da. Finantzaketa alorrean eskumen bereziak ditu Quebecek, baina baldintza zorrotzak errespetatu behar ditu. Halere, 2000. urtetik aurrera Ottawak asmatu du federalismoa ezartzen. Quebeceko independentistak politika federalean nahastu dira, ezkerrak irabaztea nahi dutelako. «Dena den, federalismo hori ez da zehaztu haiek zioten moduan».

Porrot historikoa

Orain urtebete jaso zuen haren PQk historiako porrotik handiena. Quebeceko ganberako 125 eserlekuetatik 30 besterik ez ditu egun. Hamar urtez oposizioan egon ondotik, 2012an gutxiengo gobernu bat eratzea lortu zuten independentistek. Baina hemezortzi hilabete besterik ez zuen iraun Pauline Marois Quebeceko lehen ministroaren gobernuak. Inkestak alde zituela eta, bozak aurreratzea erabaki zuen gehiengo osoa lortzeko itxaropenarekin.

Alderdi independentista nagusiaren nortasun ideologikoarengalerarekin lotu dute kritikoek hauteskunde porrota. Independentziaren desioak batzen dituen sentsibilitate askotariko militanteen elkargunea da PQ, baina historikoki ezkerreko ikuspegia gailendu da. Orain arte. «Azken bozetan merkatuari begirako programa neoliberala eraman du aurrera, eta alderdiko oinarriaren babesa galdu du». Sindikatuek, langileek eta ezkerreko intelektualek alderdia bozkatzeari utzi diote. Beste alderdi independentista txikiagoetara jo dute horiek, batez ere Quebec Solidaire eta Option Nationalera.

Alderdi nazionalistak eskuinera eginiko urratsaren adierazgarri da buruzagi berriaren hautaketa.Pierre Karl Peladeau aberatsak zuzentzen du egun PQ; Quebecor komunikazio enpresaren akziodun nagusia da.

Horrez gain, PQk ez dio independentziaren auziari tinko heldu. Iazko hauteskunde kanpainan, Maroisek independentzia prozesua alde batera utzi zuen, nahiz eta hitzeman «gobernu subiranista» osatuko zuela. Halere, hirugarren erreferendumera deitzeko aukera baztertu zuen, gehiengo osoa lortuta ere. «Abagune egokian egin behar da, ahalik eta lasterren, baina quebectarrak estutu gabe». Ekonomian, ustelkeriaren aurkako borrokan eta laikotasunean oinarritu zuen kanpaina, ingeles hiztunak ez uxatzeko asmoarekin.

Aurkako ildoa hartu zuen Philippe Couillard PLQ Quebeceko Alderdi Liberaleko buruak, eta hauteskundeen kutsu plebiszitarioa nabarmendu zuen; «herrialdea hausteko mehatxu berriak» galarazteko eskatu zuen botoa. Egungo Quebeceko lehen ministro da Couillard.

Baina, batez ere, laikotasunari buruzko eztabaidan zangotrabatu zen Marois. Frantziak egin gisan, estatuko langileek ikur erlijiosoak eramatea debekatu nahi zuen. Independentziari buruzko eztabaida desbideratzeaz gain, arrakalak are gehiago zabalduzituen PQren barruan. Hain zuzen ere, betidanik migratzaileen aurkako diskurtso identitarioa saihestu dute independentistek, eta hautsak harrotu zituen Maroisen lege izarrak.

Indarra galdu

Bada beste arrazoi bat Quebeceko alderdiek indarra galtzeko. Kanadan herrialdeak duen pisua gutxitzen ari da. «1950. urteetatik aurrera prozesu bat jarri da martxan: ekonomiaren periferizazioa», azaldu du Gagnonek. Ondorioz, jarduera ekonomikoa Kanada erdialdera eta mendebaldera mugitzeko joera nagusitu da. Eta ekonomiarekin batera, biztanleak. Ezinbestean, Kanadako politikan Quebecen eragiteko ahalmena gero eta urriagoa da. Horren adierazgarri garbiena, 2011. urteko hauteskundeak dira.Stephen Harper lehen ministroak gehiengoa lortu zuen parlamentuan soilik Quebeceko bost diputaturen babesarekin. Pentsaezina zen urte batzuk lehenago.

Joera horrek berebiziko eragina du prozesu independentistan. «Kanada aseguru poliza baten gisa ikustea ekarri du, eta independentziaren balizko arriskuak azaleratu ditu».

Jacques Parizeau erreferendumaren garaiko Quebeceko lehen ministroak, «diruari eta boto etnikoari» egotzi zion ezezkoaren garaipena. Oro har, frantses komunitatea da independentziazaleagoa. Ingeles hiztunak, ordea, Kanadarekiko harremanari eustearen aldekoak dira. Halere, ñabardura asko daudela ohartarazi du Gagnonek. «Orain, frantses hiztunen gehiengoak ez du independentzia nahi».

Independentzia prozesu horretan askotan ahazten dira komunitate autoktonoak. Independentziaren aldeko olatua baliatu zuten 1995ean hango komunitate askok haien herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.

Bi komunitate nagusi

Prozesu independentistak «abiadura galdu» duela onartu du Gagnonek. Baina ez da ezkorra. «Belaunaldi berriak, 35 urtetik beherakoak, gero eta gehiago identifikatzen dira Quebecekin, eta gero eta gutxiago Kanadarekin». Halere, alde handia dago orain hogei urteko belaunaldiaren pentsaerarekin. «Nahiz eta kanadarrak ez sentitu, uste dute Kanadaren barruan gauzatu dezaketela proiektua». Ez da, horrenbestez, orain hogei urteko ildo apurtzailea. Ironikoa deritzoGagnonek. «Oraingo gazteek eskumen gehiago dituzte independentziaren alde borrokatu zuten haien gurasoei esker. Baina, paradoxikoki, independentistak izateari utzi diote».

Zail ikusten du Gagnonek hirugarren erreferendum bat egitea epe laburrean, independentziaren aldeko alderdien ikuspegia «oso mugatua» delako. «Ez dituzte gizarteak eskatzen dien proiektu handiak ikusten». Bestalde, alor ekonomikoarekin tematuta ikusten ditu, eta, haren ustez, hiru ardatzeko proiektua izan beharko luke independentziarenak: politikoa, ekonomikoa eta soziala. «PQ oraintxe bertan ez da gai horrelako proiektu bat aurrera eramateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.