Komunismo kontsumista

Barne kontsumoa bihurtu da munduko bigarren potentzia handienaren motor nagusia. Hiru aldagaik azaltzen dute Txinako merkatuaren iraultza: herritarrek erosteko ahalmen handiagoa dutela, inportazioek atea zabalik dutela eta merkataritza elektrikoaren leherketa.

Kontsumismoaren ikurrak eta komunismoarenak nahastu egiten dira Txinako hiri handietan. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Azaroan hasten dira Eguberriak. Txinan bai, bederen. Hiri nagusietako kaleak koloretako argiz betetzen dira, eta merkataritza zentroen aurrean plastikozko izeiak eta Bizarzurien estatuak agertzen dira. Hori zergatik den, beste kontu bat da. Txinatar gehienek ez dakite zer ospatzen den abenduaren 24an eta 25ean, baina ez die axola. Erosketak egiteko beste aitzakia bat da, eta gustura hartzen dute.

Eguberriak ez dira Mendebaldetik inportatutako ospakizun bakarrak. San Valentin eguna ere ospatzen dute Txinako maiteminduek —Qixi izeneko ohitura txinatarra ere baden arren—, eta AEBetatik zuzenean sartu diraHalloween eta Eskerrak Emateko Eguna ere. Dendek ez ezik, jatetxeek eta aisialdirako beste guneek ere ez dute aukera galtzen bere kutxak betetzeko, eta menu edo jarduera bereziak antolatzen dituzte egun horretan, nahiko garestiak denak ere. Guztiak balio du Txinako erdiko klase gero eta handiagoaren kontsumismo gosea asebetetzeko.

Baina kanpotik ekarritakokontsumismoaren festen beharrik ez dute txinatarrek yuanak gastatzeko. Komunismo kontsumistaren adibide onenetako bat Ezkongabeen Eguna da. Urtero, azaroaren 11n, munduko on line erosketarik handiena egiten dute txinatarrek. Aurten, Alibabaren plataforman soilik, 23.000 milioi euro gastatu dituzte;iaz baino %40 gehiago da, eta AEBetan cyber monday-k eta black friday-k batera mugitu dutenaren halako bi. «Azaroaren 11ren atzean Txinako erdiko klasearen boterea dago, 300 milioitik gora kontsumitzaile, hobeto bizitzea zer den gero eta hobeto ulertzen dutenak, eta gero eta eskaera sofistikatuagoak dituztenak», azaldu zuen Joseph Tsai Alibabako lehendakariordeak, ziberespazioaren orgia kontsumismo handienari hasiera eman aurretik.

Ez dira hitz hutsak. Nazio Batuen arabera, azken 35 urteetan 500 milioi txinatar pobreziatik atera dira. Munduko Bankuak dio benetako kopurua 800 milioi direla, eta kalkulatu du per capita errenta 247 eurotik (1985) 6.900 eurora igaro dela (2016). Azken hamarkadan bikoiztu egin da, noiz eta krisi ekonomiko gogorrena gertatu den garai batean, batez ere Europan herritarren batez besteko erosteko ahalmena jaitsi den garai batean.

Joerak jarraitzeko itxura dauka, azken urteetan hazkunde ekonomikoa moteldu eta %7aren inguruan kokatuta ere. Morgan Stanleyk uste du 2027rako Txina «diru sarrera handiko» herrialde bat bilakatuko dela, ofizialki. Gainera, Txinako estatistika ofizialek esaten dute desberdintasun sozialak txikitu egin direla: Gini indizea 0,487tik 0,462ra jaitsi da 2006tik 2016ra.

Munduko Bankuaren datuek diote txinatarren aurrezki tasa jaitsi eta jaitsi ari dela 2007an goia jo zuenetik. Arrazoia oso argia da: kontsumoa neurriz kanpo handitu da. Urtero, %10etik gora handitzen dira txikizkako salmentak, eta, uste dutenez, BPGaren hazkundearen %70 ekarri ahal izango dute aurten. Horrela uler daiteke iaz Txinak AEBak gainditzea txikizkako merkataritza gehien duen herrialde gisa.

Txina, gero eta liderrago

Mundua aldatzen ari den iraultza bat da. Euromonitor agentziak espero du Txinak egitea ekarpenik handiena kontsumo globalari. Dagoeneko, 43 herrialderentzat esportazio merkatu nagusia da —AEBak dira beste 32 herrialderentzat—. Gainera, Txina hasi da lidergoa hartzen duela gutxira arte arrotz egiten zitzaizkion ondasun eta zerbitzu batzuetan. Turismoan, esaterako, nazioarteko bidaiari gehien igortzen dituen herrialdea bihurtu dute bere 135 milioi turistak. Ardo kontsumitzaile handienetan bigarrena izango da 2020an, edari hori bere kultura propioaren parte ez den arren. Zer esanik ez autoetan —28 milioi unitate iaz, EB osoan iaz saldutakoaren halako bi—, edo produktu elektronikoetan.

«Kontsumitzaile txinatarrek diru gehiago irabazten dute orain, eta kalitate eta prezio handiagoko produktuetan ari dira gastatzen, baita esperientzia desberdinak eskaintzen dizkieten zerbitzuetan ere», dio McKinsey aholkularitza etxeak azaroaren amaieran kaleratutako txostenak. BBVAk nabarmendu du hazkunde handiena ez dela hirigune handi eta aberatsenetan gertatu, baizik eta «bigarren eta hirugarren mailako hirietan».

BBVAk uste du Txinako 1.400 milioi biztanleetatik %85etik gora dagoeneko erdiko klasekoak edo goi klasekoak direla. Biztanleko batez besteko errenta 25.000 yuan dira (3.250 euro), baina alde handia dago oraindik ere: hiriguneetan ia 35.000 yuan dira, eta 12.000 yuan, berriz, landa guneetan. Baina gune batean zein bestean behera doa elikadurara doan errentaren zatia, eta horrek erakusten du txinatarren gastuetan lehentasunak aldatzen ari direla, eta iraute hutsetik gorako gastuak handitzen ari direla.

Bada McKinseyk emandako beste datu interesgarri bat: bost txinatarretik bat sailkapen bereko produktuetan marka garestiago bat kontsumitzen hasi da.AEBetan %8 dira horiek, eta %12, berriz, Alemanian. Kontrara, txinatarren %2k baizik ez dute esaten marka merkeagoak kontsumitzen dituztela orain; AEBetan %8 dira, eta %9 Alemanian.

Urdaiazpikoa mozten

Datu horiek argi ikusten dira produktu inportatuen kontsumoan, batez ere janari eta edarietan. «Osasunarekin gero eta kezkatuago daude txinatarrak, eta kontsumitzaileak ez dira beren produktuez fio, hainbat eskandalu eragin dituztelako. Horregatik, gero eta gehiagok janari eta edari atzerritarrak eskatzen dituzte», azaldu du Lorenzo Delgado espainiarrak —urtero milioi erdi botila ardo ekologiko saltzen ditu Txinan—.

Espainiarra da Cinco Jotas txerriki enpresa ere. Ezkurrez elikatutako txerrien urdaiazpikoentzat Txina da jada bere nazioarteko merkaturik mamitsuena. Pozik dago Rene Lemee nazioarteko salmenten arduraduna: «Aspaldi gertatu behar zuen, baina AEBek eta Txinak berandu ireki zizkioten ateak urdaiazpiko iberiarrari, eta orain arte ez da jarri merezi zuen lekuan: kabiarraren edo boilurraren mailako produktuen mailan». Urdaiazpikoa ongi mozteko eskolak sortu dira herrialdean, eta moztaileen elkartea ere eratzen ari dira. Atera kontuak.

Txinaren kontsumo ohiturak nola ari diren eratzen ulertzea funtsezkoa da enpresentzat eta gobernuentzat. Hiru joera antzeman ditu McKinseyk: osasunarekiko kezka handiagoa —galdekatutakoen %65ek diote puntu garrantzitsua dela—, kalitatearen alde egin duten bertako marken aldeko apustua, eta millennial-ak barne kontsumoaren motor berria bilakatu direla.

Azken talde horretan koka daiteke Wang Lilang gaztea, Shanghaiko herritarra, eta erdiko klasekoa. Prototipo hutsa. Hirietako hainbat gaztek bezala, jatetxe europar batean erreserba du bikotekidearekin afari erromantiko baterako, eta azaroaren 10ean irrikaz itxaron zuen eguna amaitzeko, hurrengo egunean, Ezkongabeen Egunean, Tmall-en kontuko saski elektronikoan sartutako produktu guztiak erosteko. «Sareak gainezka egingo ote zuen beldur nintzen, edo beste erosle batzuek aurreratuko ote ninduten, produktu asko segundo gutxitan desagertu zirelako».

Zortekoa izan zen, eta erosi nahi zuen guztia erosi zuen, kirol oinetako batzuk izan ezik, ez zituelako bere neurrikoak. «5.000 yuan inguru gastatu nituen [650 euro, Shanghaiko batez besteko soldata], baina kalkulatu dut 4.000 yuan aurreztu nituela, ohiko prezioekin alderatuz gero», esan du Wangek, harro. Produktuak bost egunen buruan jaso zituen, mezularitza enpresek gero eta gehiago darabiltzaten bizikleta elektrikoetan. Guztira, uste dute 331 milioi pakete eragin zituela Ezkongabeen Egunak.

Eta ingurumena zer?

Erokeria da hori, eta aurki bukatu beharko du, Greenpeaceren ustetan. GKE ekologistak kalkulatu du egun horretako arropa salmenta hutsek 258.000 tona CO2 eragin zituztela, eta horiek xurgatzeko 2,58 milioi zuhaitz behar direla. Gainera, produktuak biltzeko erabilitako milaka tona paper, kartoi eta plastikoen %10 baizik ez dira birziklatzen. «Egia esateko, ez dut horri buruz pentsatu ere egin», onartu du Wangek. Ez da bakarra; Txinako kontsumitzaileen artean ingurumena zaindu beharra ez dago lehentasunen artean. Hain zuzen ere, merkataritza elektronikoaren gorakada mehatxu handia da ingurumenerako. Baina, aldi berean, enpresa askorentzat aukera on bat da.

Denak ados dira kontsumo ohiturak goitik behera aldatu direla. Iaz, esaterako, on line erosketak %26,2 handitu ziren, eta 675.000 milioi eurora iritsi ziren. Erosketa elektronikoek kontsumoa handituko dutela uste dute analista guztiek, psikologikoki mingarriagoa delako sakelatik dirua ateratzea, telefonoan QR kode bat erakustea baino.

Hain zuzen ere, luxuaren sektoreak atera diezaioke etekinik handiena ordainketa moduen eraldaketari, jada Txinako biztanleek gastatzen baitute gehien luxuzko produktu eta zerbitzuetan, gastuaren %31, Bainen arabera.

«Txinako hirietako gazteak ari dira luxuaren eraldaketa gidatzen». Zalantzarik ez du Jaguar-Land Roverrek Txinako arduradun Chen Anningek —eta Qoros marka premium berriko buruak—: «1.400 milioi txinatarren erdiak 1980tik hona jaio dira, eta ez dituzte Kultur Iraultzaren urte beltzak bizi izan. Haien gurasoek baino askoz gutxiago aurrezten dute, eta guztiz aldatu dituzte erosketa ohiturak. Horregatik, geure arrakasta gazteak ulertzean datza», onartu du Andrew Wuk, LVMH talde frantziarreko arduraduna txinarako —Louis Vuitton, Loewe, Tag Heuer eta Moet & Chandon—.

Egia da, ordea, txinatar askok produktu garesti horiek atzerrian bertan erosten dituztela. Hain zuzen ere, shopping turismoak eragiten ditu luxuzko produktuen erosketen %60. 2014ko datuen arabera, Txinako bidaiarien aurrekontuaren %57,76 doa erosketak egitea, eta %17,82 besterik ez ostatura, eta %10,88 garraiora. Hori dela eta, herrialde guztiak ari dira Txinako turistak erakarri nahian. «Inoiz ez da inbasio bat hain desiratua izan», laburtu zuen, oso zuzen, Caixin aldizkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.