Pasaiako portuaren ajeak

Jarduera ekonomikoa leheneratzen ari den arren, Pasaiako portuko trafikoak behera egin du 2017an. Arcelor eta Corrugados altzairutegien itxierak eragina izan du, baina mehatxu gehiago ere baditu portuak. Langile eta enpresariek portuaren aldeko apustua egiteko eskatu diete erakundeei.

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko otsailak 14
Pasaiako portua erabiltzen duten enpresariak eta langileak kezkatuta daude. Azken urteetan gorabehera ugari izan ditu Gipuzkoako ekonomian ezinbestekoa den azpiegitura horrek, eta horregatik azaldu dute kezka. Txanponaren beste aldean, ordea, Bilboko portua dago, urterik urte trafiko handiagoa baitu, eta kezka areagotu egiten da hor, erakundeek Bilboren alde egiten dutela uste baitute portuko langile eta erabiltzaileek: «Politikari asko, enpresariekin bildu, eta euren garraioetarako portua Bilbo dela esaten ari dira». Jose Antonio Olaizola Euskadiko UGTko portuen sektoreko ekintza sindikaleko kidea da, eta harrituta dago politikariak Pasaiako portuarekin izaten ari diren jarreraz. «Bilbokoaz gain, Pasaiakoa ere hor dago, eta ez dugu nahi hori ahatz dezaten». Joan den astean euren kexuen berri eman zuten Giport Pasaiko portuaren erabiltzaileen elkarteak eta UGTk, eta horrek harrotu zituen.

Kezka aspaldikoa bada ere, urtarrilaren 29ko agerraldi batek are gehiago asaldatu zuen giroa. Pricewaterhouse Coopers (PwC) aholkularitza enpresak euskal ekonomiaren ahulgune eta indarguneen inguruko txosten bat aurkeztu zuen Bilbon, eta han egon ziren Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua. Eta bi horien presentzian PwCk Pasaiako portuaren inguruan dituen zalantzak azaldu zituen: «Autoak garraiatzen dituzten ontzien tamaina handitu egingo da datozen bost urteetan, eta ez dira Pasaiako portuko sarbidean sartu ere egingo». Horregatik, Pasaiako portuaren geroa aztertu beharko dela iradoki du PwCk, eta Bilbokoan egin beharko liratekeen egokitzapenak ere aztertzea proposatu, «zama Santanderrera joan ez dadin».

Aurreikuspen horiek sortu dute Giporten eta langileen kezka. Giportek ohar bidez helarazi du bere ezinegona, «inork ez duelako adierazpenik egin Bizkaiko enpresen lobby-ak egindako aurreikuspenaren inguruan». Ez Eusko Jaurlaritzak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez Merkataritza Ganberak ere. Kritika horien ostean iritsi ziren Arantxa Tapia eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren adierazpenak, Pasaiako portua «ezinbestekoa den azpiegitura bat» dela esateko. Giporti ere kritika egin zioten, «zarata asko eta portuaren irudi negatiboa» sortzen duela adieraziz. «Horrek ez dio batere laguntzen portuaren jarduerari».

Trafikoa, etengabe behera

Agintari politikoen erantzunaren ondoren, Giportekin harremanetan jartzen saiatu da BERRIA, baina ez dute hitz egin nahi izan: «Adierazpenek izan duten oihartzuna ikusita, hausnarketa egin nahi dugu nola jarraitu erabakitzeko». Horrekin batera, Felix Garziandia Pasaiako Portu Agintaritzako presidente hautatu berriari aukera bat eman nahi izan diote egungo egoera nola kudeatzen duen ikusi arte.

Portu Agintaritzako presidente berriak egoera zaila topatu du kargura iritsi berritan, azken urteetako trafiko txikiena izan baitzuen iaz Pasaiako portuak. 2000. urtetik birritan jaitsi da trafiko kopurua hiru milioi tonatik: 2013an eta iaz. 2016. urtetik %13,6 apaldu da garraio kopurua, eta 2015. eta 2016. urteen artean %9 egin zuen behera. Alegia, jarduera ekonomikoa leheneratzen ari den garai honetan, halakorik ez da sumatzen portuan. Eta hor zeresan handia izan du Gipuzkoako bi altzairutegiren itxierak. Zumarragako Arcelor eta Corrugados Azpeitiak jarduera eten ostean, horrek eragin negatiboa izan zuen portuko trafikoan. 2015. urtetik, 422.524 tona jaitsi da siderurgia produktuen joan-etorria, hau da, %18,7.

Hala ere, portu inguruko altzairutegiek Pasaiako azpiegitura erabiltzen jarraitzen dute, eta, gaur-gaurkoz, siderurgia produktuek pisu handia daukate oraindik portuko trafikoan. Pisua galdu duena, ordea, txatarraren garraioa izan da. 2008. urtean krisia piztu zenetik, %93,5 apaldu da haren joan-etorria, baina batez ere Zumarragako Arcelor ixtearekin batera egin zuen behera txatarren garraioak, 2015. eta 2017. urteen artean %88,5 jaitsi baitzen. Arcelorreko lantegia zen txatarra horren kontsumitzaile nagusia, eta horrek zuzenean eragin die Pasaiako Portuko sartu-irtenei. Jaitsiera hori dela medio bestelako trafikoak bilatu behar direla azaldu du Portu Agintaritzak. Besteak beste, kontainerren garraioa erakarri nahi dute.

Siderurgia produktuekin batera, ibilgailuen garraioa da portuko jarduerari eusten dion elementua. Iaz horien joan-etorriek behera egin bazuten ere, jarduera ekonomikoa leheneratuz joan den heinean autoen salmentak gora egin duela ere sumatu da Pasaiako Portuan. Baina PwCk egindako aurreikuspenetan etorkizun beltza iragartzen zion portuari, ibilgailuen garraioa Bilboko portura eramatea iradoki baitzuen aholkularitza enpresak.

Halakorik ez du espero, ordea, Olaizolak: «Pasaian egun 4.000 eta 6.000 tona garraiatzen dituzten ontziekin egiten dugu lan, eta ontzi erraldoi horiek 150.000 tonarako edukiera dute; baina Europan dauden 450 portuetatik hogeitan bakarrik hartu ditzakete halako ontziak». Alegia, uste du ontzi erraldoi horiek ez dietela kenduko lehia handirik; are gutxiago kontuan izanda Pasaiako portua erabiltzen duten bi multinazionalek —UECC, automobilen itsas garraioko munduko enpresa handiena, eta Arcelor— asmoa azaldu dutela bertan jarraitzeko. «Automobilen garraiorako terminal berria egin da; beraz, ez dugu halako ezer espero». Horregatik, itxaropentsu azaldu da.

Hala ere, Olaizola jakitun dago portuko erabiltzaile nagusiak enpresa multinazionalak direla, eta beste porturen batek eskaintza hobe bat eginez gero ez luketela arazorik izango bertara joateko. Horregatik, enpresa horiekin etengabeko lana egin beharko litzatekeela uste du. Zaragozako (Espainia) Opel eta Gasteizko Mercedeseko lantegiek Pasaia erabiltzen jarraituko dutela ziurtatu duten arren, «amu hori elikatzen jarraitu behar delako».

Inbertsioen beharra

PwCk egindako aurreikuspenek ezinegona sortu dute Gipuzkoako enpresarien artean, eta Bizkaiko lobby-az hitz egiten hasi dira berehala. Hala ere, Olaizolaren ustez, Bilboko portua «itzelezko lana» egiten ari da. «Nahiko genuke Pasaiako Portu Agintaritzak han egiten duten lanaren erdia egingo balu!». Bilboko portuko arduradunak euren azpiegitura ondo saltzen dutela aitortu du, «azokaz azoka joaten dira enpresarien eskutik», eta horrek haien irudia indartzea dakar. Baina hori goraipatzen duen bezala, arduradun politikoak kritikatzen ditu, Hego Euskal Herriko erreferentziazko portu bakarra Bilbokoa dela azpimarratzen dutelako behin eta berriro. «Hori ez da horrela, eta horrela euren buruari harriak bota besterik ez dute egiten».

Baina arduradun politikoek Pasaiaren aldeko sustapena ez egiteaz gainera, kexu azaldu da Olaizola Portu Agintaritzatik ez dutelako behar besteko inbertsiorik egiten: «Azpiegitura erabat utzita dago, eta azken urteetan apenas egin den inbertsiorik». Haren ustez, kanpoko portuaren proiektua alboratu izana traba izango da etorkizunean portuaren garapenari dagokionez, «baina egitasmo hori baztertzearen ordainetan barruko portuan inbertsioak egingo zituztela hitzartu zuten». Berak ez du halako ezer ikusi. Areago, biltegiak, nasak eta bestelako zerbitzuak «erabat utzita» daudela esan du.

Horregatik, «Pasaiakoa portu estrategikoa dela esaten dutenean, nik agintari politikoei ez diet sinesten». Tapiak eta Olanok portuaren garrantzia azpimarratu zuten arren, ekintzetan halako ezer ez du ikusten Olaizolak. Berak ere aukera eman nahi dio Garziandiari kargura iritsi berritan, baina ez du gauza handirik espero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna