Turkiako Parlamentuak babesa eman dio Erdogani Libiara tropak bidaltzeko

Mozioaren onarpenak zatitu egin du Turkiako espektro politikoa. Gerraren norabidea alda dezake neurriak; Haftar ahultzea da asmoa

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, Suitzan, iragan abenduan. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Libiara tropak bidaltzeko mozioa onartu zuen atzo Turkiako Parlamentuak, Tripoliko Gobernuari laguntza emateko asmoz. Ezohiko saio batean hartu zuten erabakia, agintean dagoen AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren eta gobernu koalizioaren aliatu den MHP Mugimendu Nazionalista Alderdiaren babesarekin. Oposizioak, berriz, ezezkoa bozkatu zuen: CHP alderdi sozialdemokratak, IYI eskuineko alderdi nazionalistak eta HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak, hain zuzen; orotara, 325 aldeko boto jaso zituen, eta 184 kontra. Alderdi sozialdemokrata Libiara militarrak bidaltzearen aurka agertu zen, «abentura militar» bat eta «hondamendiari eginiko gonbidapen» bat zela argudiatuta.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak joan den astean iragarri zuen esku hartze militarrerako lehen urratsa urtarrilean egingo zutela, parlamentuari misioa baimentzeko eskatuz. «Parlamentua lanean hasi bezain laster egingo dugu tropak bidaltzeko legeari buruzko eztabaida», esan zuen estatuburuak. NBE Nazio Batuen Erakundeak babesten duen Tripoliko Gobernuari laguntza eman nahi dio Erdoganek, Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarra ahultzeko. Egun, Haftarrek herrialdearen parte handienaren kontrola du.

«Legezko gobernua mehatxupean duen Libia batek ezegonkortasuna hedatu dezake Turkiara», argudiatu zuen Ismet Yilmaz agintean dagoen alderdiko legegileak, mozioaren defentsan. CHPk, berriz, azpimarratu zuen Libiarekin muga egiten duten estatuek ez dutela troparik bidali, eta ez duela zentzurik Turkiak horretarako beharra sentitzea. «Libiara tropak bidaltzea ez da Turkiaren interesgarri, baizik eta AKPrena eta Erdoganena soilik», gaitzetsi zuen.

Tripoliko erasoaldia

Iragan apirilaren 4an hasi zuen Haftarrek Tripoli hartzeko erasoaldia, hango militarrak «talde terroristen» babesa dutela argudiatuta. Herrialdea gerra zibil amaigabe batean murgilduta dago 2011n Muammar Gaddafi agintetik kendu zutenetik. Zatituta dago lurraldea: NBEk onartutako gobernuak agintzen du mendebaldean eta hiriburuan, Fayez al-Serraj buru, eta Khalifa Haftarren indarren menpe daude ekialdea eta hango petrolio hobiak.

Azken asteetan, gainera, gogortu egin dira hiriburuarenkontrola eskuratzeko borrokak. Lekukoen arabera, Haftarren indarrak Tripolira gerturatuz doaz, eta hainbat leku estrategiko bereganatu dituzte. Erdoganek lortu duen parlamentuaren onespenak gerraren norabidea alda dezake. Izan ere, militarrak bidaliz gero, Haftarrek zailagoa izango du hiriburua bereganatzea; betiere, Errusiak zuzeneko laguntza militarra bidaliko ez balio.

Libia ekialdeko buruzagi militarrak Arabiar Emirerri Batuen, Egiptoren eta Saudi Arabiaren babesa du, baita Frantzia eta Errusiarena ere. Tripoliko Gobernuak, berriz, Turkiaren, Qatarren eta Italiaren laguntza du.

1974. urtean Zipre inbaditu zutenetik, Turkiako militarren lehen esku hartzea izango da mugakide ez duen herrialde batean. Ordutik, noizean behin soilik borrokatu dira Irakeko ipar-ekialdean, gerrilla kurduaren aurka, eta, 2016tik, Siria iparraldean, Rojavan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.