Saiedek konstituzio erreforma eta bozak iragarri ditu Tunisian 2022rako

Uztailean egin asmo du galdeketa, eta abenduan hauteskundeak. Presidenteak esan du ordura arte parlamentuak itxita jarraituko duela

Kais Saied Tunisiako presidentearen aldeko manifestariak, parlamentuaren indargabetzea babesten. M. MESSARA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Kais Saied Tunisiako presidenteak estatu botere ia osoari eutsi nahi dio 2022. urtearen amaierara arte, bere aurkariek estatu kolpetzat dutena luzatuta. Astelehen gauean telebista bidezko diskurtso batean iragarri zuenez, herrialdeko parlamentuak indargabetuta jarraituko du legebiltzarrerako hauteskunde berriak egin arte. Iragarri zuen bozak datorren urteko abenduaren 17rako deituko dituela. Aurretik, konstituzio berri bat onartzeko erreferendum bat antolatu nahi du. 2022ko uztailaren 25ean ezarri du galdeketarako data.

Egun horretan urtea beteko da presidenteak Tunisiako Parlamentua ixteko agindua eman zuenetik. Aurreko egunean, protesta jendetsuak izan ziren Tunisiako Gobernuaren kontra, ustelkeria eta herritarren bizi baldintza eskasak salatzeko. Saiedek estatuko botere banaketa eten, eta bere gain hartu zituen aginte ahalmen nagusiak.

«Salbuespenezko neurriak» hartzeko, dekretu bidez gobernatuko zuela adierazi zuen irailean, eta elkarrizketa hitzeman aldaketa politiko sakonetarako. Hitxem Metxixi lehen ministro zena kargutik kendu eta bi hilabetera, Najla Buden Romdhane izendatu zuen Saiedek ardura horretarako. Tunisiako lehen emakumezko gobernuburua da Munduko Bankuarentzat lanean aritutako ingeniaria.

«Iraultzaren eta historiaren norabidea zuzendu» beharra nabarmendu zuen presidenteak. Saieden arabera, boterea bere gain hartzea da modu bakarra gobernuaren «ekinaldi falta» eta herrialdeko krisi politiko eta ekonomikoa gainditzeko. Oposizioko indarrek ez dute iritzi bera. Horien iritziz, Saieden «estatu kolpeak» atakan jarri ditu Udaberri Arabiarrean (2010-2011) Tunisiak egin zituen erreforma politikoak.

Proposamen herritarrak

Presidenteak aurreratu du konstituzio berria galdeketan bozkatu baino lehen herritarren proposamenak biltzeko prozesu bat antolatuko duela. 2022arekin batera hasiko da entzute aldi hori, urtarrilaren 1ean, eta martxoaren 20ra arte iraungo du. Gero, aditu batzorde baten esku utziko du konstituzio proposamen bat idazteko ardura.

Jakina da Saiedek ez duela gustuko Tunisian indarrean den 2014ko konstituzioa, Udaberri Arabiarrak mamitu duen ondorio politiko aipagarrienetako bat. Presidenteak datorren urterako iragarri duen erreforman ez bezala, 2014ko konstituzioa herritarrek aukeratutako batzorde konstituziogile batek idatzi zuen. Saiedek, baina, hura aldatzeko beharra defendatu du: «Herritar subiranoek ezin badituzte beren eskubideak gauzatu testu batek ezartzen duen esparruan, orduan testu berri bat behar da».

Indarrean den konstituzioak sistema politiko parlamentari bat eratu zuen Tunisian. Herritar gehienek estatuko botere banaketa orekatu baterako aurrerapausotzat jo zuten hura onartu zutenean, baina iritziz aldatu dute askok, sistemak huts egin diela iritzita. Agintariak ez dira gai izan ustelkeria, alderdien arteko blokeo politikoa eta krisi sozial eta ekonomikoa gainditzeko. Hori dela eta, gizartearen sektore batek itxaropenez ikusi du Saiedek agintea bere gain hartu izana estatuko egitura berritzeko. Oposizioak arriskuan ikusten ditu azken hamar urteetako «lorpen demokratikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.