Etxaide: «Langileak umiliatzea da egin daitekeen inbertsiorik okerrena»

Langileek gizarteari egiten dioten ekarpena nabarmenduko du LABek Maiatzaren Lehenean

Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Onartu du ez daukatela askorik ospatzeko, baina hala ere kalera aterako direla jakinarazi du ondoren. «Kalera aterako gara, harro gaudelako langileak izateaz, eta harrotasun hori kalean aldarrikatuko dugu». Hain zuzen, Maiatzaren Lehena ospatzeko, Euskal Herriko 25 eskualdetan erakutsiko du LAB sindikatuak harro daudela langile izateagatik. «Manifestazio horietan, langileentzako onarpena eskatuko dugu», azaldu du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, Bilbon. Onarpen hitza erabili du, orain «herria aurrera ateratzen ari diren langileak umiliatzen» ari direlako. «Egin daitekeen inbertsiorik okerrena miseriazko soldatak jasotzera behartuta dagoen gehiengo soziala umiliatzea da. Pobreziara kondenatzen gaituzte, eta gutxieneko eskubideak ukatu». Horregatik, adierazi du onartu behar dela langileek gizarteari egiten dioten ekarpena, «politikoki zein ekonomikoki». Aldarrikapen horrekin aterako dira, beraz, kalera.

Baina sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak ez ditu besteentzat bakarrik jarri etxeko lanak. Gaur egun sindikalismoak langileen duintasuna bermatu beharra daukala adierazi du, lan merkatuaren egoera bata edo bestea izan. «Baina, batez ere, 200 edo 300 euro jasotzen dituzten langabeen edo pentsiodunen duintasuna bermatu beharra daukagu», azaldu du. Horiek guztiak ere gogoan izango ditu sindikatuak Maiatzaren Lehenerako antolatutako mobilizazioetan. Horien guztien artean, garrantzitsuena Gasteizen egingo dute, bertan atondu baitute mitin nagusia.

Aurtengo Maiatzaren Lehena, ordea, hauteskunde kanpaina baten erdian egingo da, eta dagoeneko politikari ugari ari dira enplegu sorrerari buruz hitz egiten. «Lotsagarria da, erabat, Gasteizko eta Madrilgo gobernuetan ordezkaritza izan duten alderdiak enplegu sorrerari buruz hitz egiten entzutea, eurak izan baitira milaka lanpostu suntsitu izanaren erantzule nagusiak». Jarrera horiek ere salatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.