Eraitsi edo erakutsi?

Medellingo alkatea eta Kolonbiako Justizia eta Defentsa ministroak, borra handiak eskuetan, eraikin bat jotzen. Pablo Escobarrena izandako Monaco eraikina da. Garai eta jarduera baten sinboloak eraitsi nahi dituzte.
Pablo Escobarren omenez egindako murala, Medellinen.
Pablo Escobarren omenez egindako murala, Medellinen. JON ARTANO IZETA

Jon Artano Izeta -

2018ko maiatzak 16
Batetik, ondare fisikoa dago; bestetik, kulturala. «Escobarren hilarriaren gainean kokaina arrastoa jarri, lagunari sakelakoa eman dena ondo grabatu dezan, eta dzziut barrura. Horretarainoko kirtenkeria ikusita nago ni». 1988an iritsi zen estreinakoz Medellinera Josu Odriozola (Bilbo, 1962). 18 urte bete berritan Bermeoko atunketari batean sartu zen marinel eta, Kolonbiara gazterik iritsi arren, ordurako ozeanoak eta hiru kontinentetako itsasertzak ezagutzen zituen. Medellin desberdina iruditu zitzaion: «Atoan jabetu nintzen gustatuko zitzaidala; hemen sumatzen zen boltaje-ak harrapatu ninduen». Harrezkero, joan-etorrian ibili izan da Kolonbiaren eta Euskal Herriaren artean; azken hamar urteotan, ordea, bertan egonkortu da.

Odriozolak ez du sinesten alkatearen borondatean: «Bihar goizean Sheratoneko edo Four Seasons-ekoak bulegora joan eta hogei milioi dolar eskainiko balizkiote Monaco erosi nahi dutela-eta, mantsoagatik sinatuko luke; kontua da ez diotela aterabide komertzialik ikusten etxe horri». Odriozolak bere ikuspuntua arrazoitu du: «Ovni eraikina ere Escobarrena zen, eta horrek lehen bezain distiratsu dirau: apartamentuak eta bulegoak errentan, eta azpialdean Mondongos jatetxea, hiriko ezagunenetakoa. Dallas ere hogei urte pasa egon zen txikituta, dinamitatu zutenetik, baina kate handi batek berritu eta luxuzko hotela ireki du oraintxe dela urtebete». Ovni eta Dallas estatuak Escobarri atzemandako eraikinak dira. «Narkotrafikoari esker eraikitako guztia eraitsi behar badute, El Poblado auzo osoa bota behar lukete».

Drogak eta parranda

«Hasieran higuina ematen zidan, baina iritzia aldatu dut pixkanaka: gure historiaren parte bat da, eta ezin dugu geure historia ahaztu, ahaztuz gero errepikatu egin genezake-eta». Alejandro Garcia (Medellin, Kolonbia, 1989) harreragilea da 2012tik motxiladun bidaiarientzako Maloka ostatuan. Pablo Escobarren tour-ei buruz galdezka joaten zitzaizkionean, «ulergaitza» egiten zitzaion hasieran. Erdibideko jarrera hartu du. «Bezeroek galdetuz gero, ematen diet informazioa, baina nik ez diet eskaintzen; egia da, ordea, hamarretik zazpik egiten dutela ditxosozko narko-tour-a».

Aberatsen auzoa da El Poblado, betidanik. Medellinek bizi duen metamorfosiak itxuraldatu egin ditu, ordea, Lleras parkearen jirako kaleak. «Duela zazpi urte, apenas zegoen ostaturik; orain, besterik ez dago!». Kolpetik hasi ziren etortzen gringo gazteak. «Prostituta, droga eta parranda bila zetozen. Eta neurria galdu zen. Ostatu bakoitzaren atarian hiruzpalau tipo egon ohi ziren, kokaina eta marihuana saltzen». Orain ere ez da zaila kokaina lortzea: «12.000-15.000 pesotan [lau euro inguru] oso hauts ona lor daiteke. Atzerritarrei hiru edo lau aldiz gehiago kobratzen diete, baina merke zaie hala ere».

Kontua da, baina, turista profila ere aldatuz joan dela. Max Arbelaez taxilariak El Pobladoko turistekin lan egiten du gehienbat: «Lehen, festa festaren gainean egiten zuten, eta ez ziren auzotik ateratzen. Orain, irteten dira beste hiria ikustera. Gustatu egiten zaie, gainera, kontrastea: auzo europar-txukun-polit honetatik atera eta muinoetako adreiluzko comuna-tara joatea. Gero eta turista gehiago datoz. Lehen ez ziren familia osoak etortzen; orain, bai».

Alvarezen taxia hartu, eta Monaco eraikinera. Taxilariak ez omen du lehenago narco-tour-ez pentsatu; ez du jakin erantzuten ondo edo gaizki iruditzen zaizkion: «Zer nahi duzu esatea? Monacora eramateko eskatu didazu, eta, horri esker, pesito batzuk irabaziko ditut… Beraz, orain ondo iruditzen zait, kar, kar, kar».

Caliko kartelak 80 kilo dinamita zeramatzan auto-bonba bat zartarazi zuen bertan, 1988ko otsailean. Oskolak lizuna eta zikinkeria pilatu ditu, baina hor nonbait eusten dio. Monaco etxea oso hondatuta dago barrutik, leherketak eragindako kalteez gain, guaquero-ek [altxor bilatzaileak] gruyere gazta bat bezala utzi zutelako. Abendurako lurrarekin berdindu nahi dute. Federico Gutierrez alkateak Medellingo kartelaren biktimen omenez parkea eraikitzeko proiektua bultzatu du: «Sinbolizatzeko ongiak gaizkia gainditu duela urte askoko borrokaren ostean ».

Astegun buruzuria da, baina ordu laurden eskasean bi mikrobus gelditu dira eraikinaren hesiaren aurrean, eta dozena eta erdi turista lepoa luzatzen eta argazkiak ateratzen hasi dira. Mathias Naonedekoa da (Okzitania), 27 urte ditu, eta oso pozik dago tour-arekin, gidariari esker ez zekien kontu asko ikasi duelako. «Escobarren heriotzari buruz, bertsio ofizialaz gain dauden kondairak gustatu zaizkit gehiena».

Pablo Escobar auzoa

«270 etxebizitza berri eraiki eta Moravia-ko zabortegian bizi zen jendeari eman zizkion; hemen, denek maite dute patroia». Yamile Correak 35 urte ditu, eta anaia tematu zelako aldatu zion izena bere ile-apaindegiari. «Chaplin izen ederra zen, baina, El Patrón jarri eta Escobarren oroigarriak saltzen hasi ginenetik, primeran doakigu!», aitortu du.

Ile-apaindegiaren parean dago auzoaren ikono bihurtu den murala: bi metro handi eta Aquí se respira paz (Hemen bakea arnasten da) esaldia. Hiriko beste auzoetan debekatuta daude Escobarren irudia duten kartelak. Akordatzerako gerturatu da Yeison, argazkia ateratzeagatik 3.000 peso eskatuz (euro bat eskas). «Gu arduratzen gara irudia zaintzeaz, eta alkatetzak ez digu laguntzarik ematen; gainera, zeuen segurtasunaz ere arduratzen gara».

Ordu erdi inguruko ibilia baino ez dago Pablo Escobar auzotik Memoriaren Etxea museora. Sinbolikoki, baina, antipodetan daude. Museoaren pareko banku batean jarrita dago Enrique. Berriketan hasi, eta kontatu du aseguru saltzaile izan dela 35 urtez, betiko lantokitik bota zuten arte. Museotik cuadra bakarrera bizi da, baina ez da sekula barrura sartu. Alkateak «garai bateko gaizkileek eraikitako sinboloak eraisteko» abiatu duen gurutzadaz galdetuta, serio erantzun du: «Garai batekoak? Garai batekoak bakarrik balira! Oraindik lanean ari da Oficina [Oficina de Envigado, Medellingo erakunde narkotrafikatzaile garrantzitsuenetako bat]; egitura kriminala bizirik dago, eta Escobarren garaiko sikario handiena izar mediatiko bihurtu da.». Sententzia bota, jaiki, eta adio esanda aldendu da Enrique.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna